Musika

Julen Azpitarte

2019.10.13

Julen Azpitarte

Disko kritika: “Krisanteilu” (Serpiente)

Ana Arsuaga (ahots eta teklatua), Beatriz Perales (baxua) eta Elena Nuñez (bateria) musikari bilbotarrek 2015ean eratu zuten Serpiente, eta 2017ko hondarretan estreinako grabazioa argitaratu zuten, bost kantuko EP homonimoa. Post-punk klasikoaren ageriko eraginak garaitzeko eta lausotzeko ahalegin nabarmena biltzen zuen lan hark, eta esfortzu haren ondorioz, nire urteko disko kutunen artean kokatu zen. «Taldearen jarioak post-punk edo dark-wave estiloen ezaugarriak ditu, ezbairik gabe. Halere, hirukotearen asmoek estilo horien mugak gainditzen dituzte, hasiberriak izanagatik ere», idatzi nuen orriotara ekarritako iruzkinean. «Guretzat esploratu gabeak diren eremuetara iristeko saiatzen gara idazten, doinuen tonu eta egituren esperimentazioaren bidez; betiere, doinuok osatzen dituzten elementu eskasetatik abiatuta: bateria, baxua, teklatua eta ahotsa», esan dute taldekideek.

Krisanteilu
Bada, 22 minutu irauten duen Krisanteilu-n bederatzi kantu jaso dituzte. Bidaia ilun eta melodikoak dira, pop giroetan hondoratzen direnak, tarteka eskema klasikoetatik aldentzen badira ere. Hala, aurreko lanean bisitatutako lurralde bertsuetatik aritu dira oraingoan ere, lurrotan sakonduz eta punk-rock eta hardcore zoraldiak erabat baztertuz. Taldearen soinua, bestalde, asko hazi da. Diskoa Urtzi Iza eta Hans Krugerrek grabatu dute, Montreal Studios-en. Krugerrek, halaber, grabazioa nahastu du, eta Vacuum Mastering-ek, berriz, masterizatu.

Edukiari erreparatuta, “Ixo”, “Eguzki horia”, “Caballero” eta “La nave” abestietan alderik pop zaleena erakutsi du hirukoteak. “Zira” atmosfera lanbrotsuetan murgiltzen da, eta grabazioko doinurik misteriotsu eta arrisku zaleena da. “La nave” kantu jostalaria da, hasierako perkusio errepikakorra eta teklatuaren lan xaloa tarteko. “Ihes egin” abestian, azkenik, diskoan bildutako punk aldarri amorratu bakarrak entzuten dira.

Bestalde, deigarria egin zait diskoaren karietara sarean idatzitako zenbait lekutan euskal folka aipatu dutela, bai eta Ez Dok Amairu mugimendua ere, seguruenik euskararen presentziagatik. Erratuta daudela esango nuke —akaso ez naiz zantzu hori antzemateko gai—. Aitzitik, post-punk lan ireki eta entzungarria dela esango nuke, melodietara nabarmen zabaltzen dena eta hiru musikarien ezaugarri propioak argitasunez agertzen dituena. Horretarako, Serpientek ausardiaz josi ditu ahots harmonia propioak eta instrumentuen patroi errepikakor, minimal eta esperimentalak, entzulea giro dantzagarri zein itogarrietara eramateko. Narrasti honek arriskutsu eta amultsu azaltzeko gaitasuna dauka, eta ondorioz, gurean aurki dezakegun proposamen kutsakorrenetarikoa da.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakEz Dok AmairuHans KrugerHumo InternacionalSerpienteUrtzi Iza