Musika

Andoni Tolosa

2021.04.25

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Kondaira eder hura’ (Verde Prato)

Captura de pantalla 2021-03-25 a las 14.45.41

Oihartzun baten moduan dator kantua, imajina dezakezu paisaia lanbrotsu bat, eta urrutiko ahots bat, imajina ditzakezu zuhaitzen itzalak elkar besarkatzen, eta erreka bat, geldo, paisaiatik urrutiratu nahian. Eta horretan ari zarela, oihartzunak beste oihartzun bat esnatuko du, eta honek beste bat, eta gero beste bat, geruzak pilatuz paisaia kantu, eta kantua disko bilakatu arte. Sarrera moduko honek, jakina, ez du erakusten (bere eskasean) Verde Pratoren lehenengo disko honi darion magia moduko hori, baina balio beza azpimarratzeko kantu sortak, hasieratik, transmititzen duen giro enigmatikoa, kantuak aurrera joan ahala hazi baino egiten ez dena.

Kontakizun baten moduan antolatua dago Ana Arsuagaren bakarkako lan hau, baina istorioa ez da modu linealean kontatzen. Puzzle baten moduan antolatua dago, eta deskubritu, osatu, eraiki egin beharko duzu protagonisten ahots eta bertsio ezberdinak entzunez. Estimatzen da, entzule gisara, luzatutako erronka. Amaren bertsioa ezagutuko dugu, mutilarena, neskarena, aitarena, anaiena… Bidaia baten istorioa da, baina bidaia hori ere plano ezberdinetan gertatzen dela esan daiteke.

Hori guztia azaltzeko, berriz, oso elementu gutxi erabili ditu, eta horrek are gehiago indartzen du diskoaren zutabe nagusia den Ana Arsuagaren ahotsa. Aipagarria da zein trebeziarekin josi dituen herri tradizioaren iturritik edaten duten melodia ia-ia gardenak, eta 80ko hamarkadako after-punk atmosferikoenetik hartuta diruditen instrumentazio, moldaketa eta sonoritateak. Ahotsa, teklatuak, erritmo kutxa, kasik primitiboak, eta txistua, eskuak… Ba al dago esaterik hau musika deskriptiboa dela? Azalean sinplea, ia monotonoa dirudiena, baina bere baitan zertzelada, ukitu, kolore, sentsazio sare batekin ehundutakoa?

Uste dut Verde Pratoren disko honetako bi kantutan islatzen direla hobekien orain arte aipatutako ezaugarriak. “Lagunen kanta”-k ongi ordezkatzen du alderik «sofistikatuena», perkusio elektronikoak lehenengo lerroan, teklatuen letania minimalista eta kantariaren ahots jostalaria, sakontasunean ehunka metro eduki ditzakeen pentagrama batean. “Haurraren kanta”-k, berriz, etxeko logelan grabatutako bertsoa dirudi, biluzia, gardena, iradokitzailea… Nolako indarra hartzen duen ahotsak horrela. Bi erpin horien artean koka daitezke lan honetako kantu guztiak. Ahots propioa du Ana Arsuagak, eta lotsarik gabe erakusten du, eta oso eskertzekoa da, baita ere esperimentazioa eta herri-musika horrelako ausardia eta gustu onarekin uztartzea. Tuxedomoon eta Laboa, zergatik ez?

ETIKETAK:Ana ArsuagaDisko KritikakDiskoakMikel LaboaPlan B RecVerde Prato