2015.11.09
JP Lohian & Klonen Klana deituraren atzean, badakigu, besteak beste, sare sozialen bidez, Joseba Ponce (DUT, Kuraia, Lisabö) dagoela. Musikari aski ezaguna gurean, Lisabörekin ikusi genuen oholtzan aspaldi, lau sokak astintzen, seiko formatuan. Harrezkeroztik (edo, agian, aurreragotik), Ponce borroka amaigabean aritu da lan honekin, Joseph Conraden testuan oinarritutako Ridley Scotten The Duellists filmeko protagonisten antzera, norgehiagoka eternoan murgilduta: musikaria vs diskoa, baina baita diskoa vs musikaria ere, sarritan, obra sortzailearen etsai latzena bihurtzen baita. Hala, gipuzkoarrak sekulako konbate odoltsua izan du disko honekin, denbora handian aritu baita kantuok idazten eta sortzen, bere bakardadean. Azkenik, iritsi zaigu emaitza, eta biziki poztu naiz jakin dudanean Josebak diskoa atera berri duela, grabazio hau izerdi eta sufrimendu handien emaitza baita. Hortaz, banekien fruitua ikaragarria izango zela, eta gurean pareko gutxi izango zuela.
Bada, diskoa jarri eta berehala, “Alperrik da apaintzea” doinuaren hasieran entzuten den organoak bestelako lan baten aurrean gaudela iragartzen du; alegia, 1990eko hamarkadako post-hardcorea edo XXI. mendeko stonerra zapalduko ez duen lan bat, aipatutako bi estilo horien zantzuak, tarteka, disko osoan antzeman daitezkeen arren.
Baina Ponceren kosmos musikala bi genero horietara mugatzea bere talentua gutxiestea litzateke. Horrela, “Beldurra” kantuan Wipers kutunen giro malenkoniatsuak sumatzen dira, Greg Sageri lapurtutako gitarra zorrotzak tarteko. Halaber, space-rock giroekin esnatzen den “Hiruki beltza” kantuak ere une gogoangarri bat gordetzen du: kantuaren erdi aldean 1970eko hamarkadako hard rock trazekin aireratzen den soloa. “EZ Eguna” doinua, berriz, hard-rock garaikideko pieza da, egitura ezohikoa duena, hardcore abiaduraz amaitzen da, eta pasarte klasikoagoak ere tartekatzen dituena, esaterako, lehenengo zatiko estribilloaren kutsu psikodelikoa. Josebak idatzi eta jo dituen zortzi kantuetatik baina, “Profanazioa” nabarmenduko nuke, zabaltzen duen giro surrealistagatik-edo, haize eta teklatu konponketekin jantzia, gitarraren soloa ahaztu gabe, berriro ere soloa.
Askotariko unibertso hori, gainera, ahots melodiekin janzten jakin du gipuzkoarrak, eta hor Karlos Osinagaren eskua nabaritzen da, baita influentzia horiek guztien bateratze-lanean ere.
Finean, Josebak berak aipatutako Ty Segall edo Jay Reatard soinu-azti garaikideen antzera aritu da, lapikoan makina bat espezietako pozoiak sartuz, eta ontzitik ateratako salda —barkatuko didazue, baita zuk ere Joseba— Itoizek 70eko urteetan argitaratutako lan progresiboen bertsio espaziala eta espeziala da. 2015eko nire euskal disko kutuna da. Zorionak, Joseba.
(Berria egunkarian, “Espaziala eta espeziala” izenburuarekin 2015eko azaroaren 8an argitaratutako kritika)
1 IRUZKIN