2015.11.16
Ertzetan baino alboan gaudela gogoratzea garrantzitsua da. Hegotik iparrera eta bueltan, musikagintza aberatsa dugu Euskal Herrian. Mugari ateak irekita bizi gara azken denboran, eta horrela gozatu ditugu hurbil baino urrun daudela diruditen taldeak. Willis Drummond boskoteak Lekorne (Lapurdi) marraztu zigun musikaren gure mapan. Disko bakoitzeko gerturatu ziren, eta azken urteetako euskal rockaren fenomeno aberasgarrienetakoa izan dira. Orain etena adostu dute, beste proiektu batzuetan murgildu eta gozatzen segitzeko. Joseba B. Lenoir Gang banda bikaina, Ekiza bere bakardadean, Zura eta beste dira horren ondorio. Noski, Ipar Euskal Herrian badira beste zenbait talde interesgarri. Askotarikoak, gainera. Aguxtin Alkhat, 2Zio eta Xutik dira horietako hiru. Baina laugarren batek ere merezi du aipamena. Baionako Begiz Begi taldeak, hain zuzen ere.
Xabi Etxeberrik esan zidan bera ere musikaria zela. Bolondres eran topatu nuen Heletako Euskal Herria Zuzenean festibalean. Egia esan, dena erraztu zidan, eta berarekin hitz egiteko denbora izan nuen. Nabari zen musika bizi zuela, eta bere proiektuen berri emango zidala esan zidan. Biharamunean biolina jotzen ikusi nuen kalean, talde batekin. Gero denbora pasa zen Begiz Begi taldean zebilela ikusi nuen arte. Interneten izan nuen beraien berri, eta banda bitxia iruditu zitzaidan. Bizitzan kasualitaterik ez denez, Elkar Estudioa Sesioak saioaren grabaketan egin genuen topo, berriz ere. Ilusio eta gogo bera nabaritu nion. Are gehiago, agian. Oso berezia zen beraientzat Joan ihes egin baino lehen diskoaren kantua zuzenean eta modu horretan eskaintzea. Grabatu eta hilabete batzuetara argitaratu zuten horrenbeste zaindu duten estreinakoa.
Oso bestelako proposamenarekin hasi zen Lapurdiko banda. Folketik eta tradiziotik hurbilago. Ordea, diskoak agerian uzten du taldearen eboluzio etengabea. Post-rockaren bidea hartu dute, gutxira arte zirena ahaztu gabe. Nahasketa, beraz, interesgarria da. Instrumentazioari garrantzia emanez, eta biolina presente delarik, paisaiak marraztu dituzte. Hamar pieza ditu diskoak, tradiziotik sortuak baina zeharo irauliak. Lausotik bizira, nortasunetik zoramenera:“Bide berriak” eta “Eroa”. Lurrari lotuagoak dira “Herri harresia”, “Botzaren kanthorea” eta “Galduz askatasuna”. Esperimentalagoak dira “Itsasoa” kantu luzeena, “Lamarra” instrumentala eta “Fade Out” zoragarria.
Koplaz kopla, doinu zahar eta berriez jantzita dator Baionako taldearen musika. Ipar Euskal Herriko kantagintza hartu eta Lisabö nahastea bezala da, esperientzia bereizgarri bat. Bistan da sormenari eta esperimentazioari mugarik jarri ez diotela. Etengabeko bilaketa horretan dabiltza, eta helmugarik ez da beraientzat.
(Berria egunkarian, “Mugarik ez da” izenburuarekin, 2015eko azaroaren 15ean argitaratutako kritika)