2018.05.14
Ez dakit, musika-kritikarien gaixotasuna izango da, dena etiketaren baten pean jarri behar izatea, hain zuzen ere. Horregatik puska bat daramat Mikel Urakenen musika definituko lukeen izenaren bila, eta nahiko gauza bitxiak sortzen zaizkit: egile-noisea, bortizkeria poetikoa, post-rock kantautorea… Kontu beldurgarriagoetara eramango nindukeen saiakeraren alferrikakoaz jabetu baino lehen, eskerrak, lanaren gaitzaz jabetuta, bilbotarraren lana klasifikatzea ia ezinezkoa dela onartu, eta egun disko bati eska diezaiokegun balio nagusia ezin etiketatzea dela onartu dudan.
Okerrik gabe, esan daiteke hori bai, rock musikaz ari garela. Rock indartsu, errepikakor eta erritmoz astuna. Garapen luzeko kantuetan giroak, eta batik bat, intentsitatea jorratzen dituena, geldiezin eta etengabe. Hori dela eta, ozen entzuteko musika da, non melodia batzuetan agertzen den aire moduko bat baino ez den. Hemen ez dago, diskoa ixten duen “Bai, ikusi zintudan” ederraz aparte, folk, country edo antzeko giro akustikorik; dena da tentsioa eta indarra, minutuek aurrera egin ahala kantuetan ezer gutxi gertatzen dela iruditu arren. Lehen entzunaldian, bederen.
Diskoa, argi izpiren bat duten bi kanturekin hasten da, “Gizakia naizela” eta, batez ere,“Lantu mamuen dantza” (zein ederra, lelo eta guzti dauka), eta gero bihurgune ilunagoetan sartzen da, geldo hasi eta errepikakortasun tribalean garatzen den “Norantza bakarra galbidea?” eta hasieratik soinu-harresi bat proposatzen digun “Instant bat” bortitzarekin. Hitzekin baretzen dela dirudi, baina utikan, geldotasuna ez baita gozotasunaren metafora. Erritmo hautsiak dira nagusi “Besteen lekuan” kantuan, melodiak, hemen berriro ere, pixka bat argira egiten badu ere. Kantariaren ahotsak oihartzun bat dirudi, post-punk ukitu garbiko kantuan (ditxosozko etiketak).
Hurrengoak, “Egun argitan”-ek, ez dio izenburuari men egiten, letania moduko bat baita, ahots arinez kantatua, hori bai, soka tenkatzen den arte bukaeran lehertzen den arte. Uste dut kantu luze honek ongi erakusten duela intentsitatea kudeatu eta hari atarramentua ateratzen maisua dela Uraken jauna inguratzen duen taldea. Hori birbaieztatzen du lehenengo sei minutuetan balada baten moduan doan “Ordu herdoilduak” kantuak, hortik aurrera lehertzen baita, ekaitza elektrikoa nola. Eta bukatzeko, esandakoa, erreka bazterreko baretasuna berpizten duen Bai, ikusi zintudan instrumentala (harmonika eta guzti).
Ez gaude ohituta hain lan trinkoetara, hain kantu luzeetara, hain distrakzio gutxira; agian horregatik, entzunaldiz entzunaldi handitzen den diskoa da. Barruak mugiarazten dizkizun horietako bat.
(Berria egunkarian, 2018ko maiatzaren 13an argitaratutako kritika)