Musika

Julen Azpitarte

2017.11.27

Julen Azpitarte

Disko kritika: ‘Isla’ (Audience)

ISLA

Gernikarrek Kuban grabatu dute haien lan berria, Kaki Arkarazoren aholkuari jarraikiz —disko hau ere Arkarazoren gidaritzapean egin dute—, eta aspalditik herrialde hartan bizi den Matxitxa manager ohi ezagunaren laguntzaz. Audienceko abeslari eta gitarra jotzaile Gaizka Insunzaren hitzak dira: «Matxitxa gure gizona izan da La Habanan». Hala, Jai Alai Blues dokumentalean musika latinora egindako lehendabiziko hurbilketaren ostean, bizkaitarrek haien disko latinoa behar zuten egin Karibeko irlatik igaro ondoren. Horrela gertatuko zela zirudien, areago taldeak zabaldu zuen estreinako singlea entzun eta gero, “El tres, el quinto, y el tumbao”. Audiencek, baina, ez du halakorik egin, Kubako musikarien eta musiken eraginekin busti arren, Audienceren disko bat egin du: hamaika eraginekin jantzitako askotariko rock diskoa, askok Calexicok sinatutako lan baten antzeko zerbait ekarriko zutela uste bagenuen ere.

Insunzaren arabera, disko erabat latinoa egin ez izanaren arrazoietako bat Matxitxak botatako maxima izan zen: «Ez ezazue turisten disko bat egin». Izan ere, Karibeko erritmoekin horditzeko arriskua zuten taldekideek, eta, ondorioz, bandari arrotza izango zitzaion disko bat plazaratu. Hartara, gernikarrek bete-betean asmatu dute haien nortasuna mantentzen, zipriztin latinoak agerikoak izaganagatik ere, aipatutako “El tres…” eta “Egun da Bamayo” country-rock manbo zalean, besteak beste.

Hala, diskoak aipatutako eragin tropikalak, ohiko country kutsuko doinuak eta instrumentalen bat biltzen ditu, baina baita niretzat sorpresa atsegina izan diren rock kantu klasikoagoak ere. Nire aburuz, abesti horietan dago disko honen mamia, gainerako estiloetako kantuak ahaztu gabe, guztien artean lan koloretsu bezain bateratua burutu baitute —diskoari zenbait entzunaldi eskaintzea baino ez duzue horretaz jabetzeko—. Bada, “Seeds Will Grow” kantuan REM eta The Dream Syndicateren zantzuak antzematen dira; “Household Entropya”-ri Velvet Undergrounden kutsua nabari zaio; “Rescue Boat”-ek Pixiesen surf espaziala haizatzen du; eta “This Wild Town” Bowieren epikan bilduta dator, eta soul baladen indarra ere gordetzen du.

Isla honetan, halaber, hizkuntza asko entzuten dira; ohiko ingelesa, gaztelania eta inoiz baino euskara gehiago. Abesti batzuek, gainera, ingelesez hasi eta amaieran euskarara jotzen dute, naturaltasunez; estudioan bertan hartutako erabakia dirudi, diskoa zuzenean grabatu baitute.

Konplexutasun hori guztia diskoaren azalean ere jakin dute islatzen, azalean ez baitute Kuban grabatutako disko bati espero zaion irudi argitsua paratu: palmerak, koktelak, malekoia eta 1950eko hamarkadako AEBetako auto zaharrak. Iluntasunera jo dute, eta taldekideen irudi lausotu batekin jantzi, uretan islatutakoa. Insunzaren arabera, bidaia baten antzera ulertu eta eraiki dute diskoa: Audienceren kutsuko kantuekin hasten da, erdian Kubako soinuak nagusitzen dira, eta hirugarren eta azken partean gernikarren ohiko diskurtsora bueltatzen da. Bada, orain arte egin duten hegaldi onena dela esatera ausartzen naiz.

(Berria egunkarian, 2017ko azaroaren 26an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:AudienceBidehutsDisko KritikakDiskoakKaki ArkarazoMatxitxa