Musika

Disko kritika: ‘Ibilita ikasten da erortzen’ (Ze Esatek!)

Ze Esatek azala

Donostia ez da Kalifornia, baina kostalde freskoa dute biek. Lan berria osatzeko, Ze Esatek taldeak entsegu lokaleko leihoak ireki ditu kresala sartzen uzteko. Horren emaitza da Ibilita ikasten da erortzen bosgarren diskoa, orain arteko zuzen eta laburrena. Pauso bat eman dute, iraultza handirik gabe. Beraiek aitortu dute kantu berrietan punk-rocka zein pop melodiko estatubatuarra nabari direla. Dena aldatzen da” eta “Egunsentia heldu baino lehen” abestiek arrazoia ematen diete. Zortzi mutilen ohiko izaera dute “Zapatak gastatu arren” singleak eta “Etorri Mr. Marshall” bihurriak. Ordea, neska ahotsek aberasten duten kantuak dira onenak: “Rude Girl” benetako ska pieza eta “Su olatu baten” aparta, Koban taldeko nesken parte hartzearekin.

(Berria egunkarian, 2017ko azaroaren 19an argitaratutako disko kritika)

ETIKETAK:Baga BigaDisko KritikakDiskoakZe Esatek!