2020.03.04
Hirugarren lana argitaratu berri du Liher taldeak, 2019 osoa diskoa lantzen eta zuzenekoak ematen igaro ostean. Anbizio handiko proiektua izan da, hasierako fasetik argitaratu den momenturaino. Asmo handikoa eta arriskatua, 14 kanta eta ia 52 minutuko diskotzarra grabatu baitu Donostiako laukoteak.
Taldearen zaleontzat, pentsa liteke aukeratutako gaia arriskutsua izan zitekeela, gogorregia agian, disko oso baterako. Potentzia galdu zitekeen, edo gaiaren garrantzia kontuan hartuta, astuna ere suerta zitekeen. Emakumeen aurkako biolentzia, edo hobeki esanda, fikziozko bortxaketa baten istorioa kontatzen da Hemen herensugeak daude disko-liburuan. Narrazio bat bezala dago planteatuta, hau da, istorio bat kontatzen du hasieratik bukaerara. Rock opera bat da beraz, eta horrek ematen dion dinamismoak salbatzen du astunegia izatetik. Gai ilun horretan ito zitezkeen; aldiz, narrazioari eusten dion istorioa landu dute, eta hartutako arriskuaren balantzea egiteko garaia da.
Narratiba aldetik, eta musikalki zein kontzeptualki, asmatu al dute? Erantzuna baiezkoa da, airoski atera baitira aferatik. Liherren jarraitzaileak asetzeko moduko bilduma al da? Bai, zalantzarik gabe. Potentzia eta kalitate aldetik ez da atzerapausorik egon. Soinua are hobeagoa da, eta grabazioa eta nahasketen kalitatea, erabatekoak. Erritmo, intentsitate eta gaiaren araberako abiadura aldaketa eta lasaialdien aukeraketan generoaren oinarriak arrakastaz bete dituzte. Aldiz, gitarren zikintasuna apur bat galdu da, eta eragin beltza ia desagertu. Ez duzue disko honetan Young Heart Attack-en edo Tenpluak erre lanaren soul erraia eta sakontasuna topatuko. Aldiz, rock opera moduan, taldearen lanik mardulena eta landuena erdietsi dute. Gitarrak protagonista izaten jarraitzen du, era oso nabarmen eta boteretsuan. Lan bortitza da, agian formatuak edo hitzek beste lurralde lasaiago batzuk arakatzera eraman badituzte ere. Kantu batzuek daukaten pop kutsua edo egitura ere nobedade aipagarria da.
“Gorri ilun”-ekin hasi eta soinu stonerra alde batera utzi ez dutela egiaztatzean uxatuko dira -momentuz– zalearen beldurrak. CDa hasteko aukera ona, baina “Ezti eta etsizko egunak”-en abiadurak egiten duen inpresioa are intentsoagoa da. Gainera, gitarra riffak eta stoner zigilu nabarmenak efektua biderkatzen dute, zer esanik ez “Estoldak gainezka”-n. Bateriaren erritmo mozketek eta soinu orokorrak haize bolada batean daramate diskoaren hasiera hau.
“Teloia”-ren hasieran bai ikus dezakegu Lide Hernandoren soul ukitua, nahiz eta kantua bera berritasun bat den Liherren errepertorioan, pop ñabardura bat baino gehiagorekin. Rock opera hau entretenigarriagoa egiten du kanpoko aktore batek: lekukoak. “Testigantza” dugu horren lekuko, eta musikalki erritmo aski interesgarria, gitarra sinple baina eraginkorra eta koruak, orain arte ikusi gabe geneuzkan moduan. “Oskarbi” ere lasai hasten da, tentsio handia darama barnean ordea, biktimak erasotzailea hiltzen duen momentua baita. Horretan asmatu dute bereziki, eszena bakoitzak eskatzen dituen intentsitatea eta erritmoa arretaz zaindu baitituzte.
“Eszena bakoitzak eskatzen dituen intentsitatea eta erritmoa arretaz zaindu dituzte eta asmatu dute”
“Larrua eta iraina” abiadura zitala eta egurra dakarren pieza da, gainera Lideren ahotsak aurreko diskoaren isla apur bat dakar. “Marte” ebasioa da, ihesaren prestaketa eta, neurri batean, etsia. “Damurik ez errukiaren estolderietan” dio, ordea, eta barealdia-ekaitza-barealdia formula darabil kantuan. Kanta honetako koruak ere aipagarriak dira. “Zulo bat gehiago” berriro ere pausatua izatetik bortitzera pasatzen da, Lidek soul erregistroarekin apur bat jokatzen du, eta amaiera epikoa da, inondik ere. Abiada bizian doaz “Ihesaren dantza arrotza”-n, baxuaren presentzia ohi baino sakonagoa den kantuan. Lidek berriro ere aurreko diskoko erregistro bortitza darabil. Ihesa da, eta klimaxa transmititzen du ebasioaren apologian.
Dramatismoz jantzita datozkigu “Malinche” eta, are gehiago, “Zure azal” gordina eta biluzia. Lideren ahotsa da hemen protagonista, ia a capela aritu baita kanta osoan. Ihesak arbola topatu du, eta bidaia kideek heriotza. “Thelma & Louise” haren kontrapuntu bizia da, rock eztanda bortitza, koru zital eta arrapaladan datorren gitarra azkarrarekin. Lideren ahotsa bikoiztu egiten da batzuetan, eta mutil ahotsak “Hey!” egiten du eta gero Lidek “uh, uh!”. Hard-rock estiloko hit single garbia izateko osagai guztiak dauzka. Gantxo handiko kanta, enegarrenez ihesa ezin hobeki islatzen duena. Epilogoa “Hemen herensugeak daude”-ren eskutik dator. Gitarraren lana estilo handikoa da estrofetan zein zati bareetan. Koru bikoiztuak ere ez dira falta, eta azken hausnarketa modura: “zein da preso: gaitzari so geldi geratzen dena / ala erantzuten duena / hau da nire aitormena: hemen amaituta ere / berriz egingo nukeela”.