Musika

Andoni Tolosa

2017.12.11

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Gorraizea’ (Xabier Montoia)

Gorraizea

Heldutasuna ez da puntu jakin batean koka daitekeen helmuga bat, igo ondoren jaitsi beharra dagoen gailur moduko bat. Ez, heldutasuna grazia-aldi bat da, jarraitua izan daitekeena, eta denboran luza daitekeena. Hori erakusten digu Xabier Montoiaren azken urteetako ibilbideak. Arrakasta publikoak ez bezala, inspirazioak begiz jotzen du haren disko bakoitza, bide pertsonal, klasifikaezin eta aberatsa idatziz, kantuz kantu eta urratsez urrats. Erraza dirudi, baina ez da hala, bere burua etengabe errepikatzera kondenatua egon daiteke-eta sortzailea, behin adin batetik pasatu eta gero. Adibideak ez dira falta inguruan. Nolanahi ere, arte mota bat da arrakastarik ezak ematen duen askatasuna ongi baliatzen jakitea, eta horrela goraipatu beharko genuke.

Zer behar duen artistak heldutasun egoera horretara iristeko? Lehenik eta behin, kemena, eta horretatik asko du gasteiztarrak. Zazpigarren bakarkakoa du Gorraizea —erdibidean geratutako Deus Guti kontuan hartzen badugu—. Tartean isilune luzeak gertatu direlarik, adibidez bederatzi urte Ni ez naiz Xabier Montoia eta Montoiaren mundu miresgarria diskoen artean. Egia da, oparoagoa gertatzen dela emaitzetan haren ibilbide literarioa eta, ziurrenik, musikarekiko zaletasun aseezina dela kantugintzaren alorrera aldian aldiro itzularazten duen indarra. Baina, itzulera bakoitzak dakar berarekin nortasunez gainezka egiten duen disko bat.

Kemenaz gain, aldian aldiro, bere burua berrasmatzeko abilezia aitortu behar zaio Montoiari. Askotariko estiloak jorratu ditu bere lanetan. Pop-rock ibilbide estandarretik aldenduta, aurrekoarekin, adibidez, garbi agertu zuen crooner bikaina izan zitekeela. Oraingo honetan, pauso bat aurrerago eman du, eta sekula arrotza egin ez zaion art-pop bidegurutzean kokatu du bere burua. Leku hori non bat egin duten instrumentazio klasikoak (pianoa, hari laukotea), pop melodiek (Montoiaren espezialitatea) eta ikuspuntu abangoardistak. Ez da harritzekoa eustearen gaineko himno sorta bat izatea hau, itxaropen handirik gabe aurrera egitearen apologia egiten duten hamar kantuz osatua. Kantu mikatz baina argitsuak.

Azkenik, bidaide egokiak aukeratzen jakitea da heldutasunaren seinalerik gorena. Eta horretan, erditik erdi asmatzen du Montoiak. Eta nola ez, aipagarria da azken honetan, instrumentazio, moldaketa eta ekoizpenean Ibon Rodriguezek egiten duen lana. Zaila egiten da, haren esku-hartzerik gabe hain disko borobila irudikatzea. Montoiak azken bi diskoetan hasi duen bidaia kitzikagarri honetan ezinbesteko laguna da sestaoarra. Kantagilearen arma sekretua. Dena dela, agian, hasieran ezan behar nuen Montoiaren fan erabatekoa naizela, ezta?

(Berria egunkarian, 2017ko abenduaren 10ean argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakGaztelupeko HotsakIbon RodriguezXabier Montoia