Musika

Ihintza Orbegozo

2018.11.25

Ihintza Orbegozo

Disko kritika: ‘Geruzak’ (Montauk)

Montauk azala berria

Bigarren diskoa argitaratu berritan, jada Euskal Herri osora zabaldu dira Montauk Gasteizko taldearen izena eta musika, nola ez. Hedabide ugaritan azaldu, eta kritika onak besterik ez dute jaso Geruzak izeneko lan honekin.

Nik kasualitatez entzun nuen lehenengoz, lagun batek sare sozial batean lehen bideoklipa elkarbanatu zuenean. Ezer espero gabe ipini eta hasieratik liluratu ninduen, melodia ilun bezain goxoz beteriko Hartzak hotzez hiltzen” abesti hark. Hamaika aldiz entzun dut dagoeneko disko osoa, eta oraindik ere oilo ipurdia jartzen zait bozgorailuetatik «hartzak hotzez hiltzen diren lurretan» esaldia ateratzen den bakoitzean. Rocka, folka eta baita elektronika puntu batekin, goxoak bezain ilunak dira zazpi abestiak, bost minututik gorakoak ia guztiak, eta abiadura aldaketa handirik eman gabe intentsitatearekin momentu oro jolasten dutenak, atmosfera berezi bat sortuz; begiak itxi eta behe-lainoz beteriko baso batean barneratuko bagina bezala sentiaraziko gaituena. Ahots leun eta apala disko osoan zehar mantentzen da, inongo erregistro aldaketarik gabe, eta lehen aipatu bezala, erritmoan ere aldaketa handiegirik gabe, baina, hala ere, entzuleon barruak bete eta sabelari buelta ematea lortzen du. Ez da kotxean ipini eta topera abestera bultzatzen zaituen diskoa, ezta etxean bolumena igo eta dantzan jarriko zaituena, baina badu indar berezi bat, zuzenean hesteetaraino sartu eta gorputz osoa okupatzeraino iristen dena, era berean sentsazio deseroso eta atsegingarria transmitituz, —abesti bat barrura iritsi baina mugimendu bidez kanporatu ezin dugunean gertatzen zaigun bezala—, guztiz beteta baina nola askatu ez dakizula sentiaraziz. Horrela esanda, disko monotono baten aurrean gaudela eman dezake, baina ez dut hori esan nahi izan, ze sinets iezadazue, ez da hala. Abesti bakoitzak bere nortasuna dauka, melodia eta hitzen konbinazioan, alaiago edo tristeago suerta daiteke, begiak itxita goxo entzun edota oihu egiteko gogoa transmiti dezake, baina zinez, disko osoa da entzun beharrekoa. Izenak dioen eta taldekideek beraiek ere aipatu izan duten bezala, geruzaz beteriko lana da, eta detaile guztiak ezin hobeto zainduak daude; instrumentu bakoitza bestearen pareko, —ahotsa ere instrumentu bat gehiago bezala integraturik dagoela—, talde osoak zentzua hartzen duelarik, sinergia bat osatuz, emaitza osoa, borobila eman dute argitara.

Hitzek ere berebiziko garrantzia dute, ezjakintasunetik esatera ausartuko nintzateke ia lanaren garrantziaren erdia hartzen dutela. Musikarik gabe poesia liburuxka baten aurrean egongo ginateke, kutsu literarioaren presentzia ez baita kasualitatea. Ez naiz abesti guztien letrak idazten hasiko, baina diskoa entzuteaz batera liburuxka irakurtzeak merezi duela zin degizuet, geruzaz geruza aspaldiko proposamenik interesgarrienetakoa sortu baitute.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakErraia DiskoakMontauk