Musika

Andoni Tolosa

2021.01.24

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Gaua’ (Antton Valverde)

gaua-ausentziaren-itzala-cd

Zaila da halako tenplea duten diskoak topatzea gurean. Horixe erantzungo nioke norbaitek Antton Valverderen disko berriaren gainean galdetuko balit. Zer den tenplea? Hortxe dago koska. Kantu bilduma honi darion heldutasuna, nortasuna edo gardentasuna aipa daitezke. Esan daiteke, 14 urtez diskorik argitaratu gabe egon ondoren, lan berria kaleratzeko sortzaileak behar duen kemena ere badela tenplearen adibidea. Kantu hauei darien edertasun sotila gehitu daiteke zerrendara, makillaje askorik behar ez duena, elementu gutxiren erabilera inspiratuarekin eraikitakoa eta erreferentzia klasikoz josia. Zer da bestela tenplea? Sortzaileak modetatik, korronte orokorretatik, artifizioetatik ihes egiteko erakusten duen egoskorkeria osasuntsua? Egin proba, jarri diskoa, itxi begiak, ea zein garaitan kokatzen duzun zeure burua, ezetz ados jarri! Hain izan daiteke atenporala kantu sorta hau, halako nortasuna du… Ez da esprintean aritzekoa Valverde jauna, bide luzeko kontuak maite dituela dirudi, agian horregatik kaleratu ditu hain disko gutxi, 50 urteko ibilbide musikala bete arren.

Ez Dok Amairuren garaietatik hona, gehienbat, bakarka zein beste egileekin batera garatutako disko kontzeptual jakinei lotuta egon da haren izena. Esan daiteke, ordea, guztietan nabarmendu direla bere musikaren lau zutabe nagusiak; joskera kultuekiko zaletasuna (musika klasikoa…), herri musikarekiko maitasuna, 1060ko chanson frantziarrarekiko miresmena eta poesiarekiko atxikimendua. Elementu horien guztien emaitza da Valverderen kantugintza, eta oso nabarmen agertzen dira guztiak, baita ere, GauaAusentziaren itzala diskoan (Elkar).

“Sei silabako gauak” kantuak irekitzen du lana, eta alderik klasikoena sumatuko duzu. Diskoa ixten duen “Presentzia” lirikoak, berriz, Valverderik chansonzaleenaren berri emango dizu melodia inspiratu eta lelo ia poperoarekin (egin proba mentala, kendu biolina, txeloa eta pianoa, eta, haien ordez, jarri gitarra, baxua eta bateria). Bidean, berriz, Lauaxetarekin topo egingo duzu Salbatore Mitxelenaren “Gorputz dago gudaria” poemaren bidez, eta Zuberoako buhameek sartu irten bat egingo dute diskoan “Buhamejaunaren pheredikia”-ren bidez. Tartean, piano eta soka moldaketa eraginkorrak, existentzialismo ukituak, epikotasunaren eta gozotasunaren mugetan dabiltzan melodiak, eta, noski, Valverderen ahots zuzena, hurbila eta jakintsua. Horixe izan daiteke disko honen edukiaren laburpen bat. Valverderen poliedro musikalaren adibide bikaina, edadean aurrera joanda ere sortzaile senari bikain heltzen dion artistaren lekukotza.

ETIKETAK:Antton ValverdeDisko KritikakDiskoakElkarEz Dok AmairuLauaxetaSalbatore Mitxelena