2018.11.18
Ezin beste era batera izan, enara hauek Euskal Herriratu zaizkigu beste guztiek hegalak Sahel gainean astintzen dituzten bitartean. Noski, hegazti hauek ez dituzte modak jarraitzen, ez dituzte hotelak erabiltzen, eta bai, ordea, zuhaitzetan bio-eraikuntza bidez eraikitako habiak. San Tomas eta Olentzero hemen ospatzeko asmoarekin heldu dira, gainera. Hauek bai enara xelebreak. Marc Marcek eta Helena Casasek osatzen duten 2princesesbarbudes taldearen bigarren euskarazko lan luzea ekarri dute mokotik zintzilik, Kataluniatik honako bide luze eta arriskuz betetakoan.
Lehenik eta behin, aipatu behar ez dela erronka erraza, hain musika jakina egiten duen talde baten bigarren diskoa. Pilarik gabeko jostailuekin, batez ere, haurrentzako musika egiten dute, hortik atera kontuak. Lehenengoan freskoa, jostagarria eta erakargarria gertatzen den proposamena, bigarrenean astuna, aspergarria eta errepikakorra ere gerta daiteke, batez ere, jolas arauak hain zehatzak eta zorrotzak direnean. Hori dela eta, enara hauen hegaldia ez da erraza gertatu, edo hala iruditzen zaigu guri. Baina, lasai, hemen daude, iritsi dira, eta onik gainera.
Eta zer berri dakarte Enarek? Bada, laukote bihurtu izana da berri nagusia, hiru hariko gitarra elektrikoa eta baxu akustiko txiki bat gehitu dizkietelako aurreko xilofono, pianola eta turutei. Horrek asko sendotu du taldearen proposamen musikala, eta, horren ondorioz, askoz ere popagoa gertatzen da diskoa bere osotasunean. Batik bat “Enarak gara” kantagarrian, rock steady ukitua duen “Enaren menua”-n, edo amaierako “Goazen hegan” bikainean. Horri gehitu alde bateko bossa ukituak (“Kumeak”) eta herri musika katalanarenak (“Tsiuit”) eta laster batean ohartzeko modukoa da, alde melodikotik disko honek ekarri du aurrerapausoa.
Baina, lasai, hor jarraitzen dute jostailuzko musika tresnek, denari ukitu pertsonal eta berezia emanez, nabarmen utziz taldearen musika ez dela oso ohikoa. Egia da agian protagonismo apur bat galdu dutela aurreko Gaueko Entziklopedia Koxkorra diskoarekin alderatuta, baina kantuen sendotasunaren mesederako dela aipatu behar. Hala eta guztiz ere, une gogoangarriak utzi dizkigute, “Hara eta hona”-ren sarrera zinematografikoa, besteak beste.
Aurrekoan bezala, diskoaren bi bertsio daude; bat katalanez Sempre de vacances (taldearen web orrian eskura daiteke) eta euskaraz bestea, Enaren kontuak. Horretaz gain, Uxue Alberdi aritu da bertsio euskaldunerako testuak egokitzen, eta Joseba Tapia-ren ahotsa suma daiteke hainbat kantutan. Ez dago gaizki dokumental ornitologiko-musikal batentzat. Ez dituzula ezagutzen enaren bizitzen sekretuak? Entzun disko hau bizpahiru aldiz, eta ikasiko duzu. Ez lotsatu zure burua ispiluan ikusterakoan, bestaldean pertsona heldua dagoela uste baduzu. Itxi begiak, eta gozatu lasai.