Musika

Disko kritika: ‘Egiari zor’ (Herabe)

Herabe azala
Iruñerriak metal eta hardcore doinuekin duen harremana aztertzekoa da. 2014an Nafarcore elkartea sortu zutenetik ikusgarritasuna irabazi dute taldeek. Zerrenda nahiko luze eta interesgarriaren parte da Herabe boskotea. Azkenik, iritsi da haien estreinakoa: Egiari zor. Hamabi kantu eta hamaika mezu zuzen jasotzen ditu. Proposamenaren balantzak, berriz, metal pisutsurantz egiten du. Thrash zein groove metal zartakoak gustuko dituzte. Taldeari izena ematen dion abestiarekin batera, “Nora goaz?”, “Atea ireki da” eta “Etorkizunik gabeko gizaki” dira indartsuenak. Beste erritmo batzuk ez dituzte baztertu, gauzak argi esateko modua bezala. “Matxirulo” da horren eredu. Soinua hobetu daitekeen arren, aurreneko oldarraldiak badu berea.
(Berria egunkarian, 2018ko otsailaren 18an argitaratutako kritika)
ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakHerabe