Musika

Julen Azpitarte

2019.01.13

Julen Azpitarte

Disko kritika: ‘Drumkopters’ (Drumkopters)

Drumkopters azala

Drumkopters Zarauzko mendiko belarren eta itsaso beltzeko olatuen erdian sortu zen, 2016an. Oso serio hartzen dugu ondo pasatzea». Seriotasun dibertigarri horren sustatzaileak Pottors ta Klito, MICE, Perlak eta bestelako egitasmoetan aritutako musikariak dira: Maider F. Beristain Txini, Leire Kortaxarena Korta eta Miren Narbaiza.

Bada, estreinako lan homonimo honek Ander Barriuso teknikariaren gobernupean grabatutako bederatzi doinu biltzen ditu, eta, taldearen Bandcamp gunean jasotzen denez, grabazio prozesuan Ibon Rodriguez Ibon RG ekoizle eta musikariaren laguntza ere izan du hirukoteak, —adi Ibonek bi aste barru argitaratuko duen lan bikoitzarekin, bat baino gehiago zur eta lur geldituko baita—.

Bederatzi kantu horiek hitzetan aipatzen dituzten hondartzako olatuen bitsa legez jaso ditut, baiki, gurean aurki dezakegun talde freskoenetariko bat baita Drumkopters, diskoa zabaltzen duen “NS175″ instrumentaletik hasi eta amaierara arte. Halere, eta egia esate aldera, diskoan bildutako abestietan, eta oro har grabazioan, sendotasun eza antzematen da, ziurrekin ibilbide laburreko taldea delako, baina makaltasun zoragarri horretan datza taldearen xarma. Hemen ez da birtuosismoaren arrastorik, bai ordea hiru musikariren arteko txinparta, eta sute horretatik kantu itsaskorrak eta ederrak loratzen dira.

Taldearen proposamenaren harira, punk heterodoxotik edaten duen talde feminista da Drumkopters, 1990eko riot grrrl mugimenduaren espiritua eta aldarrikapenak haizatzen dituena, Sleater-Kinney edo Dischord zigiluko Slant 6 hirukoteen erara. Hartara, “Nazkatuta gaude” kantuan, kontzertuetan tradizionalki mutilek betetzen dituzten lehenengo lerroetan egoteko eskubidea aldarrikatzen du Zarauzko taldeak: «Konturatuko al gara inoiz, batzuek espazioa izateko, besteek atzera egin behar dutela». Susako editore eta musikazale amorratu Leire Lopezen laguntza izan dute testuak zorrozteko.

Erreferentzia garaikide horiez gainera, tarteka, 1970eko hamarkadaren amaieran neska britainiarrek osatutako post-punk taldeen erritmo sinkopatuak ere nabaritzen dira; esaterako, “Euriya” doinuak Slits hirukotearen —ja laugarren hirukotea aipatu dut iruzkin honetan— giro angeluarrak sumatzen dira. Erresuma Batuko after-punk talde horiek, halaber, reggae eta dub estilo tropikalekin jolasten ziren, eta Drumkoptersek ere antzera egiten du, horren erakusle “Zarautz-Getaria” abestian entzuten den gitarra bihurria, zeinak surf zale agertzeko ahalmena ere baduen. Maider, Leire eta Mirenek, gainera, dantzarako joera ere erakutsi dute, funk kutsuko baxuak tarteko, ESG estatubatuarren oihartzunak zabaltzen dituen “Psikotropik” kantuan antzeman daitekeenez. Horrekin batera, diskoa melodia bikainez beteta dago, eta ahots jolasak ere azpimarragarriak dira; “Hemen, orain” entzutea baino ez dago.

Finean, nire iazko disko kutunen artean agertu ez bada, beranduegi ailegatu naizelako izan da. Biba Drumkopters!

ETIKETAK:Ander BarriusoDisko KritikakDiskoakDrumkoptersIbon RGLeire LopezMicePerlakPottors ta Klito