Musika

Julen Azpitarte

2016.03.14

Julen Azpitarte

Disko kritika: ‘Bigarren saria’ (Peiremans+)

peireman2

Peiremans+ ondo pasatzeko egitasmoa dela eta transzendentziari ihes egiten diola esan zuen iragan ostegunean Gorka Urbizuk diskoaren aurkezpen ekitaldian. Eta iruditzen zait flamenkoa, fadoa eta cumbia kantu berean uztartzen dituen sortzaileari egotzi ohi zaion ustezko ausardia handiagoarekin aritu zela musikari nafarra; izan ere, badirudi egungo euskal musikagintzan, hein batean, Harkaitz Canoren obra literarioen mailako hitzak idatzi behar direla (Canok berak ez badizkizu jada doinu baten hitzak izkiriatu), edo itsaso bete malko eragingo dituzten kantuak sortu, edo herria askatzeko erritmoak haizatu (edo bestela, ditxosozko triki-punka jo), pop musikak —eta popa aipatzen dudanean, zentzu zabalenean ari naiz—, “Remember Walking in the Sand” eta “I Wanna Be Sedated” bezalako mezu konplexuak zabaldu izan dituenean. Ez dezagun ahaztu pop musikaren xedea, neurri haaaaandi batean, bikotekideari muturrak jatea edo “La Bamba” dantzatzea izan dela.

Horrekin batera, euskal pop taldeak aldarrikatzeko proiektua ere badela Peiremans+ esan zuen Imanol Ubedak, tartean Balerdi Balerdi (gogoratu Marino Goñi Peiremanseko kide dela) eta Baneteuanba. Era berean, egun, gurean, poparekiko «aurreiritzi gutxiago» dagoela ere azpimarratu zuen —eskerrak! Hiru hamarkada gehiago itxarotea gehiegikeria izango bailitzateke—.

Taldea testuinguruan jartzeko sasi-gogoeta hori alde batera utzita, hel diezaiegun Peiremans+ laukoteak «pop melodiekin eta gitarra gihartsuekin» ondu dituen bost kantu hedonistei. Gorka Gondrak eginiko tirita itxurako diseinu bikainean jantzita datoz abestiok, eta bi bloketan banatzen dira, Urbizuk idatzitakoak eta Ubedak sortutakoak. Eta nire uste apalean, Bide Ertzean-ekoak gol askoz irabazi dio Berri Txarrak-ekoari, bere kantuak power-pop klasikotik gertuago baitaude, eta ñabardura gehiago erakusten baitituzte. Hala, Orain” diskoko kanturik onena da, Teenage Fanclub eta antzeko talde poperoen kutsua zabaltzen baitu. Ildo berekoa da Ubedaren bigarren kantua, Zutik iraun”.

Urbizuren kantuek, berriz, grunge joera gehiago erakusten dute, txandaleroagoak dira (abestiok lehen fase batean grabatu zirela uste dut, presaka; Imanolenak gehiago landu dituztela nabaritzen da). Halere, Gorkak idatzitako pop-punk kutsuko Zortziak bat” doinua azpimarratu nahiko nuke, batez ere hitzak biribilak direlako: 1937an, Idahon idatzitako bertsopaper batetik hartutako dozena erdi bertso bikain dira, euskanglish-en idatziak, eta pop kantuentzako testuak idatzi nahi dituztenentzat eredugarriak. «Todayko gazteak janzten dira pretty; Powder ipini eta ensegida ready; Sidewalk-ien pasatzen den people guztiari; Begia ginatu eta: come on right in honey». Duela 80 urte euskaldunok pop-hitzak idazteko gai ginela erakusten du kantu horrek; baina gu, ostera, oraindik poparekiko aurreiritzien ingurumarian ari gara.

(Berria egunkarian, 2016ko martxoaren 13an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Balerdi BalerdiBerri TxarrakBerriaBide ErtzeanDisko KritikakDiskoakGorka UrbizuImanol UbedaMarino GoñiPeiremans+