Musika

Antton Iturbe

2017.12.04

Antton Iturbe

Disko kritika: ‘Bas(h)oan’ (B. Axiari, J. Irazoki, J. Axiari)

Bashoan azala

2014an izan nuen disko honen berri lehenengo aldiz. Joseba Irazoki izan zen Soinu Eleak saileko lehen artikuluaren protagonista eta elkarrizketa hartan, Jack Rose-ren abesti baten harira eta John Fahey eta Robbie Basho aipatzerakoan, Beñat Axiariekin batera azken horren bertsioen disko batean lanean ari zirela kontatu zidan. Amerikar gitarra akustikoaren antzinako folk doinuak landu eta berreskuratzen dituen Takoma zigilu eta eskolarekiko Josebak beti erakutsi duen grina ezagututa, zentzuzkoa zirudien. Baina era berean, bai Beñat bai Joseba beraren izaera kubista samarra ezagututa, Bashoren doinuen birsorketa tekniko hutsa baino beste “zerbait” zirraragarriagoa espero zitekeen. Hiru urtez itxaron behar izan dut, bada, “zerbait” horrek zer nolako itxura izango zuen jakin ahal izateko. Eta zehaztasunetan sartu aurretik, merezi izan duela esango dut.

Azkenean, berez bat baino ez dira Robbie Bashoren bertsioak diskoan, beste zazpiak Beñat eta Josebaren konposaketak dira edo, “Maitiak bilhua holli”-ren kasuan, Zuberoako herri kantaren moldaketa. Bestalde, Itxaro Bordak euskaratu ditu hitzak eta bere ekarpen pertsonal ederrak egin ditu ere, eta gainera, oinarrizko taldeari Julen Axiari gehitu zaio, soinuaren espektroa irekiz eta dotoreki aberastuz. Pertsonalki, azken honen lana, pittin bat bigarren plano batean geratu arren, bereziki goraipatu nahi nuke. Ikaragarrizko plazera da arretaz entzun eta aldioro ñabardura delikatu zoragarri berri bat aurkitzea. Zer da orduan disko hau? Robbie Bashoren izpiritu aske eta ikertzailean inspiratutako sormen lan guztiz berria, edo beste era batera esanda, izpiritu horri eskainitako ospakizun koloretsua. Robbiek biziki maite zuen antzineko amerikar folk anglosaxoia, hor zituen bere sustraiak, baina neurri berean maite zituen amerikar jatorrizko indioena eta beste hainbat herrialdetakoak, edota jazzaren inprobisaziorako joera. Eta sentsibilitate oso bitxiko konposizioen bitartez, beste “zerbaitetan”, halako musika kosmiko betiereko batean uztartu zituen. Hori da Josebak, Beñatek eta Julenek miresten dutena eta, hein handi batean, beraien ibilibide musikaletan jorratu duten bide bera.

Eta zentzu horretan, Bas(h)oan ibilibide horren barrena egindako beste pauso bat baino ez da. Hiru artista handi hauen aurreko lana ezagutzen duzuenontzat ez dago ezusteko handirik hemen. Diskoa “urratzailea” dela edo “bide berriak” irekitzen dituela esatea pittin bat klixe iruditzen zait. Bidea aspaldi ireki baitzuten hirurok. Honekin ez dut diskoaren balioa gutxietsi nahi, ezta gutxiago ere. Kontrara, oro har familiarrak zaizkigun sonoritateez osatua bada ere, hiruron gaitasun eta bisio musikalaren destilazio itzela da, hamaika esentziaren aztarna uzten duen zapore zoragarriko tanta bat. Eta bide batez, bide horrretan inoiz abiatu ez zaretenontzat ere, sarrerako ate ezin hobea da.

ETIKETAK:Beñat IrazokiDisko KritikakDiskoakElkarJoseba IrazokiJulen Irazoki