Musika

Oier Iruretagoiena

2020.01.15

Oier Iruretagoiena

Disko kritika: ‘Azunak’ / ‘Azunak-Bazterrak’ (Azunak)

Urte batzuez argitalpenik egin gabe egon ostean, 2019an pare bat lan kaleratu zituen bata bestearen segidan Enrike Hurtadok, biak cassette formatuan, Crystal Mine zigiluan lehena (Azunak) eta Eclectic Reactions-en bigarrena (Azunak-Bazterrak). Bi artista-ezizen ikusi izan dizkiogu azken urteetan, Bazterrak batetik eta Azunak bestetik, eta izen aldaketa horri ez nion oraintxe arte garrantzi edo zentzu berezirik topatu, baina Eclectic Reactions-eko (hemendik aurrera ER) argitalpenean bi izenak pista banatarako erabili izanaren harira konturatu naiz alderdi ezberdin bat erakusten duela izen bakoitzaren pean.

Azunak-Bazterrak

‘Azunak-Bazterrak’ (Eclectic Reactions, 2019)

Erasokorragoa da Azunak, normalki rock diskoetatik hartutako laginak izan ohi dira jatorrizko materiala, eta konposatzeko modua ere apurtuagoa, zatikatuagoa, ustekabez beterikoagoa izan ohi da. Bazterrak, ordea, eboluzio geldoetan oinarritzen da, eta soinuak ere samurragoak izaten direla dirudi. Ezizen bakoitzari emandako izaera ezberdin hori ulertutakoan zentzu gehiago topatu nion ER-ko argitalpenean pista batetik bestera dagoen alde handiari, hasieran arraro utzi baininduen (batere pentsatu edo begiratu gabe, besterik gabe play sakatu eta entzun nuenean). Lehenak (Azunak-enak) berotu, eta bigarrenak (Bazterrak-enak) hotz uzten ninduen, lehenengoarekiko kontrasteagatik. Hala ere, Bazterrak hau ez da lehengo Bazterrak, ez da loops edo music i found in my hard drive lanetako Bazterrak, Azunak-en eragina duen Bazterrak bat baizik, bai konposatzeko moduan eta bai soinuen aukeraketan ere. Lehengo Bazterrak hura soinu oso sintetiko eta sinpleetan oinarritzen zen, eta oraingo Bazterrak hau pandero baten soinuarekin hasten da, egin kontu. Garapena ere ez da hain geldoa, Azunak-ek sinatzen duen pistarekiko aldea badu ere.

Indartsu hasten da ER-ko argitalpena, lehen kolpetik. 14 minutuz giro tentso horri goian eutsiko diola eman dezake hasieran, baina gorabehera aberats askoko pieza osatzen du azkenean, entzulearen arreta mantenduz. Lehen minutuak nolabait berriak egin zaizkit Enrikeren musikan, beregan aurretik entzun gabeak nituen tinbre mota berriak topatu ditut; rock diskoetatik hartutakoak ez diruditen soinuak, elektronikoak baina beste batzuetako goxotasunetik urrunak. Azunak-en lehen pieza horren ondotik dator Bazterrak bezala sinatutakoa, bestelako giro samurrago bat dakarrena, lehen aipatutako panderoak lagunduta. Amaieraraino geure arreta mantentzen dakien pieza da hau ere.

Azunak azala

‘Azunak’ (Crystal Mine, 2019).

Crystal Mine-ko argitalpenean, oso presente daude beste musika talde batzuen diskoetatik hartutako laginak, Azunak-ek sinatzen baitu, eta ezizen horrekin egindako lanen ezaugarrietako bat izan ohi da hori. Identifikatzen ditugu bateria, gitarra, baxu eta ahotsak, baina ehundura oso aberats eta zainduak sortzen dituzte manipulazioen ondoren. Batzuetan zakar, eta besteetan solemneago. Oso sarriak dira etenak, eta aldaketak. Kantu-pista labur asko bata bestearen atzetik entzun izanaren sentsazioa uzten du. A aldea eta B aldea izanda (cassettea da), eta alde bakoitza 8 minutu ingurukoa izanda, bi pista topatuko nituela uste nuen, haietako bakoitzak osotasun bat sortuz, hasi eta buka. Baina entzundakoan jasotzen dudan inpresioa gehiago da izan zitekeela dena bloke bakar bat, bi zatitan egon ordez, eta 15 minutuko argitalpena izan ordez jarraitu zezakeela. Zatiak entzuten ditugu, eta diskoak berak ere beste zerbaiten zati dirudi. Izaera gordina ematen dio horrek disko osoari.

(IGUA Infrasoinuen Gainetik eta Ultrasoinuen Azpitik foroan argitaratutako kritika)

ETIKETAK:AzunakCrystal MineDisko KritikakDiskoakEclectic ReactionsEnrike HurtadoKritikak