2021.10.21
“Zaunka” kantuaren bideokliparen bitartez izan nuen taldearen berri eta lehen entzunalditik oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan. Revolta Permanent taldearen jarraitzaile sutsua izan arren ez nuen bertako abeslaria ezagutu bideoan, proposatzen zuten musika bainuen buruan bueltaka, begiak itxita entzuten ari banintz bezala: “talde honek garbi dauka zer egin nahi duen”, “alarderik gabe baina egin beharrekoa ondo baino hobeto egiten dute” bezalako pentsamenduekin bueltaka nenbilela gure jainko googlerengana jo nuen ea musikari hauek zein taldetik heldu diren jakiteko, kantu bakarra izan arren argi baineukan musikari esperimentatuak zeudela mikrofono eta instrumentu horien atzean.
Andoni Ugalde gitarristak sortutako proiektua da Lotura eta Pablo Bueno (baxua), Antonio Suarez (bateria) eta aurretik mentatutako Iker Aginagak (ahotsa) osatzen dute Automatak izan (Gaua Records, 2021) diskoa atera duen taldea.
Diskoa “Automatak” izeneko intro elektroniko batekin hasten da, non argi eta garbi geratzen den produktore lanean ibili den Aitor Abioren (Matxura, PiLT, Revolta Permanent) eskua diskoan. Introaren ondotik gitarra riff batek ematen dio ongietorria arestian aipatutako “Zaunka” kantuari, diskoan barna nabarmenduko diren riff pisutsuen gainean eraikitako ahots melodia zainduez beteriko kantua, nahi gabe nire gaztarorako bidaia sakonean murgilarazten nauena. Minutuak pasa ahala eta formula berdinari eutsiz, “Zenbat aukera” kantuaren ondotik “Berriro” kantuko estrofan melodia alde batera utzi eta Ikerren rapeoaz gozatzera gonbidatzen digu taldeak, beti ere lelo itsaskor batera iritsiz. “Batera isolaturik” kantuan berriz ere ziurrenik Abioren sampleak izanen direnak entzun daitezke,; ez dakit Abioren eskua sumatu daitekeen taldean edo Pi.L.T taldearen influentzia ote den horren zergatia, ziurrenik biak. “Ispiluaren bestaldean” kantuan riff boteretsuak alde batera utzi gabe, dezibelioak pixka bat jeisten dituzte baina esentzia mantenduz eta “Ez” oihu bortitz eta itsaskor batzuekin bukatzen dute kantua. “Borrero eta urkatua” izango da Loturaren munduan murgildutako azken kantua, ondotik datorren “Izan” kantua diskoko outroa delako, introaren izenarekin batera diskoari izena ematen diona.
Disko ederra atera du taldeak, jada zuzeneko batean gozatzeko gogoa eman didana, ziur bainago zuzeneko zaindu eta boteretsua izango dutela. Ahots harmonia oso landuak eta gitarra riff boteretsuez betetako dozena erdi bat kantu, 90eko hamarkadara eramaten gaituen proposamen bikainarekin. Alde txar bat ateratzeagatik, ez zait gehiegi gustatu bateriaren produkzioa, batez ere bonboa eta kaxaren soinuari dagokionez, baina entzunaldi batzuk barru ohitu egin naiz eta naturaltasun hori apropos bilatutakoa izan dela ere pentsatzen hasia naiz.
Gustuko ditudan diskoetan bi multzo egin ditzaket: bizi guztirako ariman markatxo bat egiten dizkidaten diskoak eta, nahiz eta markatxo hori egitea lortu ez arren, denboraldi batez asko disfrutatzea lortzen duten diskoak. Entzunaldi pila eman ondoren, lehen talde horretan sartzea ez dutela lortuko esan dezaket, bakoitzaren ariman leku finitu bat dagoelako eta adinean gora joan ahala zailagoa bihurtzen delako bertan leku bat egitea, baina denboraldi batez gozatuko ditudan diskoen multzoan lekua egitea lortu dute jada, talde berri baten freskotasuna eta bertako partaideen experientzia uztartzen direnean emaitza on bat lortzea baita ohikoena.