Musika

Disko kritika: ‘Argibideak’ (Guda Dantza)

Guda Dantza azala 1200X1200

Azken urteetan sortu diren euskal ska-rock talde zenbaitek pop eta elektronika dantzagarria eginez bukatu dute. Joerak ez du zeharo harrapatu Uribe Kostako Guda Dantza banda, oraindik. Argibideak hirugarren diskoak ondo erakusten du nondik datozen eta, akaso, nora doazen. “Garun antzuen festa”, “Luz” edo “Naturaltasun artifiziala” abestiek ska musikarekiko duten lotura erakusten dute. Betagarriko Iñakiren kolaborazioa eta Joxe Ripiau taldeari erreferentzia dira horren eredu. Eragin zerrenda, ordea, zabalagoa da, funk (“Oihan sakonean”), elektroniko (“Blade Runner”), cumbia (“Los rendidos”) eta swing (“Gezurren balak”) doinuei esker. Hitzak, berriz, sistemak eragindako zapalkuntzaren kontrakoak dira. Alain Berazaren ahots atseginak, berriz, abestion mezuak ederki transmititzen ditu.

(Berria egunkarian, 2018ko apirilaren 22an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Baga BigaBetagarriDisko KritikakDiskoakGuda DantzaJoxe Ripiau