Musika

Andoni Tolosa

2021.12.12

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Amour eta toujours’ (Ruper Ordorika)

Disko hau zabaldu aurretik, imajinatu Ruper lastozko kapela buruan Habanako malekoian arrantzan. Arratsalde-pasa dago, lasai, arrainak amua noiz irentsi zain. Bien bitartean, kantari ari da, ahopeka bezala. Imajinatu argia, jendea pasaeran, brisa, olatu apalak, haitzak, harlauzak… Eta gero hasi entzuten kantuok. «Habanako goiz alegeran haurrak eskolara doaz lepoko gorriz apain…».

Amour eta toujours azala

Adibidez, has zaitezke “Haizea garizumakoa”-rekin, eta bertsio berri hau entzun eta gero, entzun dezakezu 2009ko originala. Kantu beraren bi aldaeren arteko ezberdintasunek modu ezin hobean ilustratzen baitute disko honen mamia zertan den. Adibidez, Ruperren ahots sosegatua are eroriago, are hautsiago ageri da. Trebea da horretan Ruper, eta gustagarria da hain hurbil sumatzea, esaldiak kasik xuxurlatuz. Noski, originalaren pop hezurdura klasikoa alde latinora labaintzen da; perkusioek hartzen dute bateriaren lekua, eta baxuak darama kantua, erritmo gozo eta markatuarekin, kontrapuntu eta guzti. Horrek, erabat baldintzatzen du melodiaren bilakaera, eta baita kantariaren lana ere. Baina, hala eta guztiz ere, kantuak ez dio pop izaerari uzten. Horrela, ez da bilakatzen europar artista batek, trebetasun handiago edo gutxiagorekin, egindako son musikaren hamaikagarren kopia.

Hain kontrajarriak ez diren bi munduen arteko zubia eraikitzen saiatu da Ordorika, eta xehetasun gehienetan sotilez betetako joskera proposatu digu, nahiz eta, agian, lehenengo entzunaldian ez nabarmendu. Eta ez da erronka makala, ezta gutxiagorik ere. Arriskuak nabarmenak dira: kubatar herri-musikaren bertsio gatzik-gabea egitea, edo bestela, aldian aldiro, irrati-formulak betetzen dituen pop latino kastizo eta estandarraren atzamarretan erortzea. Ez bata, eta ez bestea. Disko hau ez da jauzi itsu bat oñatiarraren ibilbidean, ez dakar inongo hausturarik azken urteetako ibilbidearekin. Bere aberastasun eta itzalarengatik, edozein sortzaileri izu apur bat eman beharko liokeen kubatar musikarekiko hurbilketa da, eta Ruperri dagokionez, jakina, errespetuz eta soberako edergarririk gabe egina.

Hauxe da disko honen baliorik nagusia, bere estiloa ongi finkatua duen artista baten bilakaera erakusten digulako. Horrelako erronka musikalari heltzeko prest, bere nortasuna eta musika —edo mundua— ulertzeko modua alde batera utzi gabe, haren gainean eraikitzen doana. Batek baino gehiagok lepora diezaioke erdibidean geratu izana. Baina entzun arretaz kantu-sorta hau, eta bolero kantari bikaina deskubrituko duzue, benetan.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakElkarRuper Ordorika