Musika

Disko kritika: ‘Adorez’ (Humus)

HUMUS - 'ADOREZ'

Tolosaldeko banda beteranoa jatorrira itzuli da. Duela hamasei urte ateratako lehen disko urdinarekin, Humus hirukoak rock gogorra hartu zuen bidelagun. Adorez lau abestiko disko laburra, bosgarren erreferentzia da, Saurius indartsuaren ondoren datorrena. Laukote bihurtuta ibili baziren ere, hirukora bueltatu dira rockari gerra ematen segitzeko. Adorea ez ezik, esperientzia eta heldutasuna nabari da Bonberenea estudioan Karlos Osinagarekin —norekin bestela?— grabaturiko kantu berrietan. Hasieran zuten gordintasuna berreskuratu dute, soinu oso aproposarekin. Nataliak bere ohiko jokoa egiten du ahotsarekin: lausotik oihu neurtura. Gorde” kantu bikainak ondo islatzen du hori. Adorez” abesteko Juantxo Arakama (Glaukoma) gonbidatu dute, eta emaitza rap-metala da! “Hemen gelditzen da”, eta “Dutenari begira” post-hardcore zaleagoak dira. Batzuetan, ez beti, nahikoa da laburrago sormena txukun askatzea.

(Berria egunkarian, 2016ko apirilaren 24an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Bonberenea EkintzakDisko KritikakDiskoakGlaukomaHemerotekaHumusKarlos Osinaga