2015.11.30
Ezer baino lehen aitortu nahi dut bertsio-diskoen oso zalea naizela. Zein baldintza bete behar dituen horrelako lan batek betea izateko? Kantuen aukeraketan dago gakoa, ados, baina baita originalarekiko errespetuan ere, bertsio-egileak erakutsi apaltasuna kantua bereganatzerakoan, eta batez ere sortutako kantuak berritik zein zaharretik, ausardiatik zein lotsatik, eduki behar duen nahasketa egokian, alkimia deritzote batzuek. Badira kontuan hartzeko beste ezaugarri asko, baina aipatutako horiek gabe, erraza da diskoa edo kopia hutsa edo muturreko harrokeria gertatzea. Bada, lasai ibili, Lou Topet eta Harkaitz Canoren Abesti bat gutxiago-k primeran betetzen ditu nahitaezko ezaugarriak.
Plaza taldeen diskoak eta euskal artisten gaineko monografiko batzuk kenduta (Txinaurriak, Txerokee…) ez gaude oso ohituta bertsio-diskoekin; Anje Duhalderen George Brassensen kantari, Mugaldekoen Begiak lekuko eta Ruper Ordorikaren Azukre koxkorrak izan daitezke salbuespenak. Alde horretatik, estimatzekoa da oso Lou Topetek egindako apustua eta ahalegina. Salbuespen bitxia baino gehiago, aurrekari izatea nahiko genuke, ausarta baita, batez ere, kantuen aukeraketan. Lehendik ere, haren imaginario musikalean erreferentzia nagusi gertatzen den AEBetako musikari begira jarri da Oier Arantzabal. Askok americana deritzoten folk/pop/rock/country esparru nahasi horretan bete-betean kokatu daitezkeen kantuak aukeratu ditu, izen edo estimazio handiko artistek eginak, eta, alde horretatik, nabarmena da aurrera egin duen urratsa.
Errazkeriei ihes egin die, gainera, alde batetik, bertsioa egiteko konplikatuak begiztatzen zaizkigun musikariak aukeratu dituelako. Ez du batere erraza izan behar Wilco (Jeff Tweedy) edo Bonnie Prince Billyren mundu pertsonaletan muturra sartzea, edo John Hiattekin ausartzea (Anje Duhaldek duela urte batzuk egin zuen arren). Gainera, edonor atzera bultzatuko lukeen artisten zerrenda gutxi ez, eta ez ditu haien kanturik «agerikoenak» aukeratu. Horri esker, goizero estimatzen diot, Ingrid Bergman, Woody Guthrie, Billy Bragg, Wilco eta Rossellini kantu bakarrean euskarara ekartzea (“Ingrid Bergman”) edo sasoiko omenaldiz kanpo Pete Seegerri lekutxo bat egitea gure mp3 gailuetan (“Loreak non dira”).
Musikalki, berriz, disko sendoa da, serioa, «formala»… Musikari baten heldutasun- aroa iragartzen duten horietakoa. Aipagarria da Rafa Ruedaren gitarren malgutasuna, epikotasunetik intimismora, bikain azpimarratzen baititu kantu-bilduma honen ibilbideak. Diskoa entzunda hamaika kantu etorri zaizkit burura, eta, orain badakit, Lou Topetekoei emango dizkiet egin ditzaten bertsioak, horrela beste dozena kantu bat gutxiago eduki ditzagun.
(Berria egunkarian, 2015eko azaroaren 29an argitaratutako kritika)