2019.11.11
Erroak bluesean eta rock molde klasikoetan zituen Unai Pelayoren proiektua izateari aspaldi utzi zion Pelaxek. Urtez urte eta entseguz entsegu, pausoka baino saltoka ikasi duela dirudien rock talde trinkoa bilakatu da eta horren erakusle da A-B eta D-E disko bikote hau, zer eta aspaldiko tximaluzeek jorratzen zituzten abesti progresibo horiek eraikitzea erabaki baitute oraingoan.
Rock progresiboak zuri-beltzeko kontua dirudi, Euskal Herrian bederen. Haizea, Errobi, Izukaitz, Lisker edota Itoiz bezalako taldeen lehen disko horiek 40 bat urte paseak dituzte jada eta euskal aldaeran hanka bat folkean izan ohi zuten abesti aldakor bezain luze haien urrezko aro hura aspaldi arbuiatu zuen punkak gurean. Euri franko egin du ordutik baina, eta Pelaxen munduan “progresibo” hitzak ez du orduko esanahi berbera. Utikan herriari zuzendutako aldarriak, gailuen distirak itsututako gizarteari egiten dio kantu progresibo garaikide honek. Horretarako, abesti luzeekiko atxikimendua mantentzen dute, bai, baina ahaztu folka eta txertatu espezie anitzak, han-hemen bilduak. Orain generoak ez dira horren zurrunak eta dena da lausoagoa, disko hauetan abestien arteko mugak diren moduan. Lau abesti omen dira —A, B, D eta E— baina honakoa gehiago da ertz askoko zatien bilduma bat, alde batetik bestera jolasean aritzearen plazerrari gorazarre egiten diona. Ez dadila gaizki uler, ez dut lana gutxietsi nahi; serioa da, landua, teknikoki oso fina eta benetan gozagarria. Are gehiago, berritzailea ere bada, eta Euskal Herriko rock disko batez 2019an halakorik esan ahal izatea ez da erraza.
Rock bizi-bizia da Pelaxek egiten duena, indartsua eta zorrotza. Erritmoak aldatuz eta egiturak etengabe eraitsiz egiten du musikak aurrera, era leunean batzuetan eta soilik The Mars Volta bezalako taldeen esku dagoen abiaduran bestetan. Halaber, Tool taldearen fibonacci segida famatu haien antzekorik ezin topa dezakegun arren, honek ere badu zehaztasun matematikotik. Musikak hartzen dituen norabide guztien bidegurutzeetan denetik topa dezakegu: laud baten sokak, Telmo Trenor adiskidearen ekarpen elektronikoak —D atala era dotorean biribiltzen dutenak— edo King Gizzard & The Lizard Wizarden tankerako gitarra drogosoak, esaterako. Ziur aski azken talde australiar hau zaigu lana deskribatzeko erreferentzia funtsezkoena, haien psikodelia itsaskorraren oihartzunak entzun ahal izateaz gain —lehengo urtean Joseba Irazokiren lanean bezala, bide batez—, batez ere, haien musika ulertzeko modu aske eta lotsagabea ere kutsatu zaielako. Aniztasun honek guztiak ez du betekadarik sortzen, ordea. Hori bai, ariketaren zailtasunaz jakitun izan arren, kantuen amaiera batzuk finagoak ere izan zitezkeen. Eskatzea libre, badakizue.
“Zalantza gara orain”, dio Unai Pelayok lehen diskoaren amaieran eta hitz berberak dira bigarrenaren hasiera gidatzen dutenak. A ala B aukeratu behar izaten da sarri, ezinbestean, eta ez erabakitzearen plazerrari heltzea ez da edonoren esku egoten. Donostiarrek, aldiz, helmuga zehaztu aurretik alfabeto guztia gurutzatzeko asmoa dutela dirudi. Zorionez, horretarako gaitasuna ere badute. Bejondeiela, halako abestiak uzten dizkiguten bitartean guk ere gogoz jarraituko baitugu beraien bidaia.
1 IRUZKIN