2018.05.29
Udazkenean argitaratuko duen diskoari azken ukituak ematen ari zaizkio Benito Lertxundi Elkar estudioan. Ospakizun gauean izenburua eramango du lan berriak, eta Lertxundik berak sorturiko Kantaita Enea Records zigiluak argitaratuko du. Hala adierazi du Lertxundik Karkara aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean.
Lertxundiren hamaseigarren diskoa izango da Ospakizun gauean, eta lehen aldiz autoprodukziora joko du. Orain arte disko guztiak Elkar diskoetxearekin kaleratu ditu. Aldaketaren zergatiaz galdetuta, honako hau erantzun du Lertxundik: “Arrazoi nagusi bakarra dago: obraren jabetza. Hamarkada askotan musikariok traketsak izan gara kontratuak eta halakoak sinatzerakoan. Kantuak ia opari eman ditugunaren sentsazioa dut”.
Olatz Zugasti emaztearekin eta Gratxina alabarekin sortu du Kantaita Enea Records zigilua. Gure Bazterrak musika promotorako kideetako bat da Gratxina Lertxundi, eta testuinguru horretan kokatu du kantariak zigiluaren sorrera. “Orain artean ezezagun zitzaizkigun lanak egitea tokatzen ari zaigu eta, beno, badira konplikazioak. Hala ere, esperientzia ona ari da izaten, alabarentzat batik bat. Gratxina musika promozioaren munduan sartu da ikaskideekin batera, eta berak arduratuko dira gure promozio eta produkzio lanez. Berentzat aukera ona da hau, eskarmentua hartzeko”.
Disko berriaz luze mintzatu da Lertxundi Karkara aldizkariak argitaratutako elkarrizketan. Hemen irakur dezakezue osorik.