Musika

badok

2014.09.19

badok

Disko berria du Ruper Ordorikak

Ruper Ordorikak irailean grabatu du disko berria, Donostiako Elkar estudioan. Nazioarteko hiru musikarik lagundu diote grabazioan: Kenny Wollesen bateria jotzaileak, Simon Edwards baxu jotzaileak eta Leo Abrahams gitarristak. Diskoa azaroan argitaratuko da.

Ruper Ordorika

Ruper Ordorika, iaz ateratako argazki batean. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Dabilen harria (1998) egin zuenetik estudioko diskoak kanpoko musikariekin grabatzeko ohitura du Ruper Ordorikak. New Yorken ezagututako musikariak izan dira kasu gehienetan —Ben Monder, Skuli Sverrisson, Jonathan Maron, Kenny Wollesen…—, baina oraingoan Erresuma Batuko bi musikarirengana jo du Ordorikak.

Simon Edwards baxu jotzailea Billy Braggen The Blokes taldeko kidea da gaur egun, eta hainbat kantarirekin lan egin du: Beth Gibbons (Portishead), Alain Bashung, Talk Talk, Julian Lennon… Bestalde, Leo Abrahams gitarra jotzailearen curriculumean Brian Eno eta David Byrne, Carl Barat (The Libertines), Jarvis Cocker (Pulp), Ed Harcourt edota Paul Simonekin egindako lanak azaltzen dira.

Bi musikari horiekin batera, Kenny Wollesenek osatu du taldea —Azukre koskorrak-en (2013) izan ezik, Ordorikaren estudioko lan guztietan hartu du parte Wollesenek 1998az geroztik—.

Haizea Garizumakoa (2009) eta Hodeien azpian (2011) New Yorken grabatu ostean, lan berria Euskal Herrian grabatu nahi izan du Ordorikak. Iraileko asteburu batean egin zen grabazioa Donostiako Elkar estudioan, eta nahasketak egin ondoren azaroan argitaratuko du diskoa Elkar etxeak.

ETIKETAK:Durangoko AzokaRuper Ordorika