2021.07.14
«Eztanda egin zuen denak, eztanda ederra, mirari bat bezalakoa izan zen: Kalamitosoa, itsu izan eta bat-batean ikusten hastea bezala. Denarekin kontzientzia bat piztu zitzaigun». Horrela bizi izan zuen Amaia Zubiriak Haizea taldearen garaia. Ordura arte ez zen publiko aitzinean sekula kantuz aritu. 12 urterekin ile apaintzaile lanetan hasi zen, ezkondu eta ama goiz bilakatu zen.
1977. urtean atera zuen Haizea taldeak izen bereko lehen diskoa. Txomin Artolak jada bazuen bere aldetik disko bat: Olaxta. Baina taldea muntatu zuen, eta kantari bila ari zela, Amaia Zubiriarekin egin zuen topo. «Dena batera gertatu zen: Txomin eta biok maitemintzea elkar ezagutu orduko, taldea muntatzea, publiko aitzinean kantuz aritzea, nire haurren aitarengandik bereiztea… Oso irrazionala izan zen», oroitu da Zubiria. Taldeak guti iraun bazuen ere, guti hori «oso ederra» izan zela azpimarratu du. Taldeak berebiziko arrakasta lortu zuen, bere kantuak klasiko bilakatu baitira geroztik.
“Brodatzen ari nintzen” da haietako bat. «Txominen bidez ezagutu nuen kantua, bestaldekoez ez bainintzen oraindik jakinean». Kantua eta bi abeslariak fusionatu ziren: nork ez ditu haien bozak entzuten kantuaren izenburua aipatze hutsarekin?
«Amaia eta biok lotzen gaituen kantua da. Elkartzen garenero kantatzen dugu. Luzaz elkartu ez bagara ere, errepikarik gabe. Txirringan ibiltzea bezala da; behin ikasiz gero, ez duzu sekulan ahazten», erran du Txomin Artolak.
Baina lehenago hasi zen Artola “Brodatzen ari nintzen” kantatzen. Kanpoko folk musikariei so zegoen: Bob Dylan, Paul Simon, Art Garfunkel edota John Renbourn. Soldaduska Saharan (Afrika) egin ondotik erabaki zuen euskaraz baizik ez zuela kantatuko. Eragin gehienak kanpokoak zituenez, «euskal kutsuaren» bila joan zen Aita Donostia, Azkue, Manterola eta abarren kantu bildumetara: «Haiei esker kontserbatu dira gure kantu asko. Partiturak baziren, eta eskerrak, baina interpretatu behar dituzu, zeureganatu, zeure filtrotik pasa. Kantu horiek lotan ziren liburuetan, norbaiten esperoan bezala, berriz bizia emateko zain. Oso gutxi ezagutzen ziren kantu zaharrak». “Brodatzen ari nintzen”, haatik, bertze bide batetik bildu zuen Artolak: Gure Herria aldizkaritik, Piarres Lafitte edo Pierre Lhandek ekarria.
Txomin Artola: «Oso abesti tragikoa da. Marinelak bortxatu nahi du neska, baina honek nahiago izan du bere burua hil. Oso ederra da eta segituan sartu nuen nire errepertorioan”
«Oso tragikoa da, bahiketa bat da. Marinelak bortxatu nahi du neska. Baina honek nahiago izan du bere burua hil. Oso ederra da. Segituan sartu nuen nire errepertorioan. Harribitxi bat aurkitzea bezalakoa izan zen». Ez Dok Amairu deskubritu zuelarik hasi zen euskaraz abesten: haiek aitzin hiruzpalau kantu emanez. «Zuri-beltzezko garai hartan, publikoa euskararen egarri zen».
1977an sortutako Haizea taldeak ere baladak kantatzen segitu zuen. Zubiriak gustua hartu zion, sinbolismoak asko interesatzen baitzuen. Iruditzen zaio Erdi Aroko erromantze herrikoiak bezalakoa dela “Brodatzen ari nintzen”: «Helburu erlijiosoa ere bazuen: birjinitatea galdu baino, hobe hiltzea. Elizaren irizpideak dena kokatzen du puntu batean: gizonaren boterea eta prestigioa ez galtzea». Baina izugarri ederra iruditzen zaio balada, oso ongi kontatua. Betiere, jakin gabe zer zen egia; «sineskeriaz eta superstizioz beterik, oso trukulentoa zen».
Haizea diskoak «ezusteko fama» lortu zuen, eta «sinistu egin genuen, petralak ginen!». Artolarentzat, Zubiriarekin erromantzea kantatzeak plus bat ekarri zuen: «Amaiaren boz ederrean askoz ere aberatsago atera zen, nik bakarrik baino».
Baladen funtzio sozialaz mintzatu da, izan ere, berak gaiztoaren rola hartzen baitu kantatzen duen bakoitzean: «Kanporatu behar da bortizkeria hori, jendeak ez dezan egin. Zure salaketa egiten duzu. Kantatu behar dira, berriz gerta ez daitezen».