2023.02.24
Bizi duten aldiari loturik izendatu dute beren burua: Desgaraian. Eta garai honi ikusten dizkioten zartadurak josi dituzte Gauden aldian diskoan, itxaropenari biderik itxi gabe. Azken bi urteetan ibilian ondutako hamar kantu bildu dituzte, hitzak eta doinuak seikotean landuz eta bihurrituz sortuta. Gaur gauean aurkeztuko dute zuzenean, Azpeitiko gaztetxean (Gipuzkoa).
Proiektuaren sorrera Errime taldearen ibilbidea bukatu ondoko «harrarekin» lotzen du Jon Gurrutxaga abeslariak; handik zetorren bera, eta beste bide batzuetatik gainontzekoak. 2020an, elkarrengana inguratzen hasi, eta taldea osatu zuten. Gurrutxaga (ahotsa), Markel de Reparaz (gitarra), Xabi Agirrezabala (gitarra), Ekain Alzola (baxua), Garikoitz Ortiz de Villalba (teklatua, akordeoia) eta Peru Iparragirre (bateria) dira kideak, eta lagun izan dute Zoe Martikorena, argazkiak, diseinuak eta bideoklipak lantzen.
Soinu baten bila joan ordez, «kantutik» abiatu dira beren musika sortzeko, Gurrutxagaren esanetan: «Hitz hauek eta doinu hauek ditugu; eman diezaiogun buelta bat honi». Iparragirrek kontatu du abesti gehienak aspaldi darabiltzatela errepertorioan, eta asko aldatu direla denborarekin: «Lehen kontzertuetatik hona, kantu bera hor egon daiteke, baina ez du ia zerikusirik».
Lirikoak dira kantuen hitzak, horiek ere modu «kolektiboan» finduak. Badute esperientzia poesia idazten —Itu literatur bandako kideak izan dira Gurrutxaga eta Iparragirre—, baina aparteko kontu bat iruditzen zaie kantua: «Beste modu batera sartu behar du belarrira; kontzientzia hori eduki dugu idazteko garaian: ‘Hau ez da poema bat izango’», esan du Gurrutxagak.
Kontrako bidea ere egin dute: testu batzuek «iradoki» egin diete kantua, eta, hala, Aitor Bizkarraren hitzak ditu Hizkiak eta piztiak abestiak, Leire Bilbaorenak Ezer barik-ek eta Martin Bidaurrenak Esadazu egia-k.
Abesti gehienak 2022ko neguan grabatu dituzte, Zarauzko Noisestudioan (Gipuzkoa); Esadazu egia Bilboko Euridian grabatu zuten, eta Desgaraian eta Begi argiz, Gernikan (Bizkaia), Iñigo Etxebarrietarekin. «Horrela tokatu delako», unean uneko aukeretara eta ezinetara moldatu dituztelako beren asmoak, barre artean aitortzen duten arren diskoak aspaldi behar zuela kalean, hasierako planaren arabera.
«Azkenean, inporta zitzaiguna zera zen: 2020an lehenengo kontzertua eman genuenetik 2023ra arteko garai honen erretratu bat egitea», azaldu du Gurrutxagak. Iparragirrek esker onez hitz egin du entzuleez, aldi horretan erakutsi izan dietelako haien abestiak grabatuta entzuteko gogoa.
Diskoan, sumatzen diote batasun bat soinuari, baita ñabardurak ere: ez dira gauza bera Hizkiak eta piztiak-en baretasuna eta Hamaika hitz-en pop bizia. «Guk abestiak nora eramango, eta abestiek gu nora, esperimentazio horretan aritu gara», azaldu du Iparragirrek.
Kolaborazio bat ere izan dute: Idoia Asurmendi abeslariarekin grabatu dute Begi argiz, haren ahotsak erakarrita —«oso berezia, baina oso naturala»—.
Desesperaziotik argira
Zerk egiten du aldi hau, baina, desgarai? «Taldearen lehenengo pindarra edo bulkada pandemia baten erdian sortu zen. Desgarai baten definizio hoberik ez zitzaigun okurritu ere egingo», Gurrutxagak. «Eta kontzeptu globalago bat ere ikusten genuen, horrek iraun egin duelako: nazioarteko testuinguru beliko izugarri bat, inflazioaren gorakada, pobretze masiboa, krisi klimatikoa… Gauden aldia desgarai bat dela esateko nahiko motibo badago; ez da ameskeria bat».
Hala ere, Iparragirrek uste du «desesperaziotik» harago doan jarrera bat ere badagoela kantuetan: «Badira argi izpi batzuk». Ageri da esperantza, eta, Gurrutxagaren hitzetan, «esperantza hori prozesu kolektiboarekin eta prozesu politikoarekin lotzeko asmo bat ere bai». Izan ere, sumatzen dute «errealitateari ihes egiteko» joera «fribolo» bat inguruan. Gurrutxaga: «Ezin duzu kantatu zoriontsu izango garela eta edertasuna gugan gorpuztuko dela, egunero beldurgarrizko egoera miserablean baldin badago jendea».
Gaztetxean aurkeztuko dute diskoa, eta espazio politizatuetan egin dute beren bidearen zati handi bat: bistakoa da politika ere nolabait lotzen zaiola haien proiektuari. «Taldearen sorrera haustura politikoaren garaian kokatzen da, eta taldeak hazteko espazioa izan du mugimendu sozialistaren inguruko eszena txikian. Guk ere, taldean, horren parte izateko apustua egin dugu», azaldu du Iparragirrek. Eta horrek badu bere eragina, Gurrutxagaren ustez: «Desgaraian zordun da gure inguruko harreman sarearena eta debateena».
Gogoz prestatu dute gaur gaueko emanaldia: haientzat «bereziak» izan diren kantari eta musikariek parte hartuko dute, gainera; besteak beste, Asurmendik lehen aldiz kantatuko du taldearekin zuzenean.