Musika

Jon Eskisabel

2015.12.22

Jon Eskisabel

Denbora eta pasioa

Joan den larunbatean 2015eko azken kontzertua eman zuen Berri Txarrakek Ezpeize-Ündüreinen (Zuberoa), eta modu horretan agur esan zion hirukotearentzat borobila izan den urteari. Donostian lau gauez jarraian sarrera guztiak salduz hasi zuen taldeak Denbora da poligrafo bakarra diskoaren aurkezpen bira, urtarrilean, eta guztira 75 alditan eraman ditu lan hirukoitz horretako kantuak zuzenekoetara. Ikusmin itzela piztu zuten Donostiako lehen emanaldi haietan hartutako irudiek zabaltzen dute, hain zuzen ere, Iragana aurretik dokumentala. Datorren larunbatean, hilak 26, dokumentalaren DVDa 6 eurotan erosteko aukera izango da BERRIA-rekin kioskoetan.

https://youtu.be/JfVBrd0aO48

Badok euskal musikaren atariak 2014ko azaroan izenburu berarekin estreinaturiko bi bideo-erreportajeak izan dira Iragana aurretik dokumentalaren ernamuina. 2014a esangura bereziko urtea izan zen Berri Txarrakentzat; alde batetik, 20 urte egin zituelako, eta bestetik urtemuga hura ospatzeko egitasmo berezi bati ekin ziolako: 20 kantu berri grabatzea hiru ekoizlerekin (Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson), hiru grabazio estudiotan eta taldearen hiru estilo joera nagusiak jasoz—metala, popa eta punk-hardcorea—. Bi alderdi horiek jorratu zituzten Badok atarian zabaldutako ordu erdi inguruko bideoek. Horietako lehenengoan, artxiboko argazki eta bideoez lagunduta, taldearen ibilbidearen errepaso zehatza egin zuen Gorka Urbizu abeslari, gitarrista eta taldeburuak, Berri Txarraken sorlekuan bertan, Lekunberrin (Nafarroa). Bigarren atalak Denbora da poligrafo bakarra diskoaren sorrera eta grabazio prozesua zuen ardatza; kasu honetan, taldeko hiru musikariek (Urbizuz gain, David Gonzalez baxu jotzailea eta Galder Izagirre bateria jotzailea) entsegu lokalean egindako adierazpenez eta grabazio estudioetan hartutako irudi ugariez hornituta zegoen ikus-entzunezkoa.

Captura de pantalla 2015-12-21 a las 11.01.38

Joseba Elorzak egin du ‘Iragana aurretik’ DVDaren azala.

Lehengai horretatik abiatuta, dokumentala osatu eta biribildu egin du Debolex Films ekoiztetxeak: besteak beste, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, Madrilgo Joy Slava aretoan eta Bartzelonako Apolo aretoan eskainitako kontzertuetan filmatutako pasarteak gehitu dizkio —Berri Txarrakek zuzenekoetan transmititzen duen pasioaren eta ikus-entzuleengan eragiten duen zirrararen lekukotza ederra eskaintzen diote irudiok ikusleari— eta muntatze lan berria egin du Gotzon Barandiaran idazleak denborari eta sortzeari buruz idatzitako testuaz eta Galder Izagirre taldekidearen off-eko ahotsaz baliatuz.

Bihar, telebistan
Berria egunkariak, Badok euskal musikaren atariak, Dijitalidadeak eta Debolex Films ekoiztetxeek eta Berri Txarrak taldeak elkarlanean ondutako ikus-entzunezkoa da Iragana aurretik. Dokumentala ETB1ean estreinatuko da bihar gauean, 23:30ean. Telebistan ikusteko aukera bakarra izango da, ez baita berriz emitituko. Halaber, ez da ETBko Interneteko Nahieran zerbitzuan ikusgai egongo. Hortaz, telebistan ikusteko aukerarik ez duenak edota Berri Txarraken ibilbideko momenturik onenean egindako dokumentu hau betirako gorde nahi duenak larunbatean du eskuratzeko parada, BERRIA egunkariarekin, kioskoan.

ETIKETAK:Berri TxarrakBerriaIragana aurretik