2015.01.26
Berri Txarrak taldearen zale sutsu izan ez arren, deus berririk argitaratu dutenero hartu izan dut entzuteko tarte bat, eta baita gustuko zer edo zer topatu ere beren kantuek biltzen dituzten oihartzun askotarikoetan. Nabarmentzekoa iruditzen zait, izan ere, oso jite markatuari eutsiz halako soinu gama zabala ukitzeko gaitasuna edukitzea, eta, bertan goxo aritu beharrean, zapaldu gabeko lurrak arakatzeko grinari eustea. Oraingoan zer berri ekarriko ote zuten, aipatu dudan jakin-min horretatik gerturatu nintzen Denbora da poligrafo bakarra lanera.
Kantuen oihartzun-sorta zabala are bilatuagoa da lan berrian, ildo eta sonoritate oso desberdinetako hiru EP grabatu dituztelako, produktore banarekin. Guztira, hogei pieza berri. Elkarrengandik argi urtetara egon litezkeen kantuak —metal kutsuko “Alegia” eta “Lemak, aingurak” dantzagarria, esaterako— talde berberak garai bertsuan egin dituela sinestea kosta egiten bada ere —edo hain justu horregatik—, bildumak badu osotasun bat bere baitan, hari fin batek lotuko balitu bezala Berri Txarrak taldearen hiru ertz nagusiak.
Sutxakurrak izeneko lehen diskoan —Haria aurreko lanaren jarraipen logikoa, ziur asko— erraietatiko stoner doinuak bildu dituzte. “Etsia” eta “Armak” bezalako kantuak aski aipagarriak badira ere, iruditu zait aurrez egina daukatela antzeko erregistroan maila hobeko diskorik, eta, aldi honetan, lana erabat borobiltzea falta izan zaiela.
Helduleku guztiak bigarrenean, aldiz, orain arte ezezagun zitzaigun alderdi bat erakutsi digute. Estreinakoz, modu agerikoan, popera gerturatu dira. Gitarra garbiz, teklatuz eta koruz lagundurik, Berri Txarrak-en eskutik inoiz entzuterik espero ez zuen atmosfera argietan barneratzen da entzulea, eta, bata bestearen atzetik, diskoa osatzen duten zazpi kantuek murgilduko dute zoramen atsegin batean. Plazera areagotu egiten da, ordea, konturatzean hasierako sorpresa efektua igaro ondoren kantuek hor jarraitzen dutela, sendo asko jarraitu ere.
Azkenik, Xake-mate kultural bat hirugarrenean, punk rock bizkorrari helduz, berriz itzultzen dira formula ezagunetara —Sutxakurrak-en baino emaitza lortuagoarekin, nire irudiko—. Bi minutura apenas hurreratzen diren kantuak dira, soberakinik gabeak, zuzenean mamira doazenak. Bertan daude “Orain norbait zara” edota “Hitzen oinarri ahula” perlak, nahiz eta, egiaz, abesti guztiek kolpekatzen duten entzulea bete-betean. Luzeagoa, pausatuagoa, melodiari emanagoa da “Bigarren eskuko amets”, diskoa amaitzeko ezin aproposagoa; bigarren EPan tokia eduki zezakeen, askorik behartu gabe. Goia jotzen duen amaiera horrek bide ematen du pentsatzeko, hogei pieza hauetan orotariko kantu ederrak aurki badaitezke ere, beraiez espero zitekeena ahaztu eta gehien arriskatu duten esparruan atera direla garaile.
(Berria egunkarian, 2015eko urtarrilaren 25ean argitaratutako iruzkina)