2023.02.11
Synth poparen eta musika industrialaren arteko putzura salto egin zuen Jokin Azpiazu Carballok orain urte batzuk Olor proiektuarekin. 2019ko Zerua urez diskoaren ondoren, ur horietan plisti-plasta jarraitu du Esperantza lanean. Abenduan argitaratu zuen, eta orain ari da zuzenean aurkezten. «Egiten dudan guztia zuzenekorako egiten dut. Diskoak aitzakia bat dira, momentuari ateratako argazki bat; gehien gustatzen zaidana jendearekiko kontaktua da», azaldu du.
Disko berria aurrekoaren jarraipena da, neurri batean, baina eten baten ondorengo aldaketen isla ere bai, ezinbestean —«nagia ere ematen du esateak pandemia etorri zela eta hori guztia»—. Izan ere, orain arte egin gabeko prozesu bat probatu behar izan du kantu berriekin: «Aurreko diskoarekin hartu nuen dinamikan, kantuak zuzenean jotzen nituen lehenik, eta aldiro zerbait aldatzen nien, grabatzera joan aurretik; oraingoa gehiago izan da entsegu lokaleko zerbait, zeina, nire kasuan, etxea den».
Instrumentuak ez dira aldatu, baina, era berean, ez diote aldatzeari utzi. Olorrek sampler-a du lan tresna nagusia, eta Azpiazuk handik pasatzen ditu erabiltzen dituen sintetizadore gehienak. «Berez, sampler batek ez du inoiz ematen soinu bera; sartzen diozunaren arabera. Batzuetan, elektronika musikariei gertatzen zaie aldatzen dutela teklatu bat, eta horrekin beren soinua aldatzen dela. Ba, nire kasuan, hori konstantea da: denbora guztian nabil soinuak moldatzen». Bi diskoak Ander Barriusorekin grabatzea «ikasketa bat» izan da.
Disko berriko abestietan, beste soinu batzuk bilatu ditu, beste erritmo batzuetara jo du, baina nekez adierazi dezake hitzez zer aldatu den zehazki: «Ez dakit agian kantu berriak kantuagoak diren, gehiago dauden pentsatuta kantu perspektibatik… Ez nago oso ziur. Nik, adibidez, pentsatzen nuen aldaketa zela popera, komertzialeranzkoa; eta, batzuei jarri diedanean, esan didate: ‘Ui, aurrekoa baino gogorragoa da, e?’. Ba, ez dakit».
Bada bistako aldaketa bat: Zerua urez-eko kantuen hitzak beste batzuen poemetatik hartu zituen; Esperantza-koak Azpiazuk berak idatzi ditu. RIPen Eskoria-ren bertsioak bere hitzak ditu, eta Polos y peteneras de Alabama poema baten moldaketa da. Gainontzeko kantuen hitzetan, dirua ageri da: «Diruarekin amets egiten duena/ hil egingo da». Salerosketa ageri da: «Ez dakigu bizitzen, baina horrek/ ez digu bizitza saltzea eragozten». Ageri dira «borrokaren solaskideak», «iraultzaren zarata», beldurrak.
«Nahiko epiko-borroka gelditu da, bai», barre egin du Azpiazuk. «Diskoak Esperantza du izena, eta hortik doa: ez naiz denbora osoan kontziente izan, baina badago tentsio bat adierazten duena uste dudala momentu historiko iraultzaile edo aurreiraultzaile batean egon beharko ginatekeela».
Plataformak auzitan
Etorkizunari begiratzen dio Esperantza-k, baina ez datorrena onartzeko, baizik eta aldatu beharreko guztia irudikatzeko, horrek berarekin dakartzan beldurrak aitortuta. «Mundua pikutara doa, eta beldurrez akabatzen nau. Hori saihesteko forma bakarra da munduari 180 graduko buelta bat ematea, eta horrek ere beldurrez akabatzen nau, segur aski gogorra izango delako».
Musika egitearen parte bat da hura zabaltzea, eta horrek bereziki arduratzen du Azpiazu. Plataformen aroan, kultura librearena borrokatu beharreko gune bat da harentzat. Hasieran, Internet Archive erabiltzen zuen soilik; orain, Bandcamp ere bai. «Nire bataila fuertea Youtuberekin eta bereziki Spotifyrekin da. Oso garbi daukat nik bataila hau borrokatzeak ez duela inolako zentzurik: ez dute sufritzen larregi nire diskoa ez dagoelako hor. Baina iruditzen zait ireki behar ditugula nonbaitetik eztabaida horiek».
Plataformetan dena doan eta eskura dagoenez, uste du ez dela sistema behar adina problematizatzen, nahiz eta jakitun den berak ez duela beste batzuek duten loturarik industriarekin: «Software librearekin, ni ere beste gauza batzuetara makurtu behar izaten naiz lanean, jaten ematen didalako [ikerlari dabil EHUn]».
Azpiazuk uste du beste une batzuetan eztabaida biziagoak egon direla industriaren inguruan, diskoetxeen independentziari buruz, besteak beste. «Gaur egungoa beldurgarria da: poliziari betaurreko batzuk eta sudur bat jarri dizkiote, eta pentsatzen dugu ja ez dela polizia».
Olorrek gaur emango du diskoaren Euskal Herriko lehen aurkezpen kontzertua, 22:00etan, Azkoitiko Matadeixen (Gipuzkoa). Beste disko bat ere aurkeztuko dute: Joseba Agirrezabalaga eta Mikel Vegaren Lepok gitarra inprobisazio lana. «Biak ezberdinak: haiena libreagoa, nirea kontrolatuagoa. Matadeixen gertatzen diren gauza horiek: edozer jartzen duzu, eta ondo gelditzen da. Nabari da urte luzeetako ohitura eta apustua, musika ulertzeko beste modu batzuen alde».
→ 2019ko elkarrizketa: «Inon kabitu ezinda sentitu izan naiz askotan, ase ezinda»