Musika

Gorka Erostarbe

2015.11.08

Gorka Erostarbe

‘Clown’ bat inoiz hiltzen ez delako

Mutiko koxkorra zen Jabier Muguruza, «10-11 urte ingurukoa», Irunera, bere jaioterrira, Atlas zirkua iritsi eta Tonetti anaiak ezagutu zituenean. «1970eko hamarkada zen, eta, zirkua iristen zenean, gertaera handia izaten zen». Tonetti anaiak Santanderko (Kantabria, Espainia) pailazoak ziren, eta Muguruzaren aitaren lagunak. Egun hartan pailazoen roulotte-ean ibili zen haurra, haiek gonbidatuta. «Aurpegi zurikoa, Oliver pailazoaren papera egiten zuena, han zebilen, galtzontziloetan, lasai ederrean, irribarretsu». Pozez zoratzen ibili zen Muguruza haurra ere. Baina handik urte gutxira jakin zuen aurpegi zuriz margotzen zen pailazo hura hil egin zela, bere buruaz beste egin zuela. Harrituta ez ezik, kolpatuta ere geratu zen. Eta pailazo hura beti eraman zuen barrenean geroztik, nahiko modu hitsean bada ere. Duela bizpahiru urte, beste gertaera batek liberatu zuen Muguruzaren sentimendu samin hori. Oskar Alegriaren Emak Bakia baita ikusita sentitu zuen lasaitasuna. «Hari eskerrak ikasi bainuen clown bat ez dela sekula hiltzen, eta Fellinik berak hori zioela. Pisu handi eta arraro bat kendu nuen gainetik». Lehenik ipuin baterako gaia eman zion; ondoren kantu bat idatzi zuen, eta kaleratu berri duen diskoaren izenburua ere pailazo haiei zor die: Tonetti anaiak. Ohiko samar duenez, Madrilgo Resistencia zigiluarekin plazaratu du lana, bere ibilbideko hamalaugarrena.  

MUSIKA___JABIER_MUGURUZA

Jabier Muguruza, ‘Tonetti anaiak’ diskoaren aurkezpenean. (Gorka Rubio / Argazki Press)

Diskoaren azalean Tonetti anaiekin eta bere aitarekin ageri da, egun hartan bertan bere amak egindako argazki batean. «Orduan ez zitzaidan gustatzen ama argazkiak ateratzen ibiltzea, baina orain eskertu egiten diot».  

Egilea bera oso gustura geratu da lan berriarekin. «Duela lauzpabost hilabete, hemen Garoan bertan eginiko mahai-inguru batean ari nintzen parte hartzen. Asko maite dudan kazetari beterano batek galdegin zidan,halako ibilbidea luzea izanik, zein ilusio geratzen zitzaidan musikaren munduan. Hasieran harri eta zur geratu nintzen, Tonetti anaietako bat suizidatu zenean bezalaxe. Sustoa pasa zitzaidanean, erantzun nion bote-prontoan: «Nire ilusioa da, orain egingo dudan diskoa izatea orain arteko onena…». Eta lortu duela uste du. «Benetan diot konbentzituta nagoela, hamalaugarren hau, nire diskorik onena ez bada, onenetakoa dela, nire ikuspegitik».

“Apenas efekturik dagoen. Auditoriumeko akustika eta jazz musikari hauek jotzen dutena. Hori da kontzeptua”

Eta zer egiten du bere diskorik onenetakoa izatea? Muguruzaren hitzetan, sonoritatean lortutako naturaltasunak, besteak beste. «Sonoritate baten atzetik nenbilen. Neure buruan bazegoen sonoritate hori, baina ez nuen ondo asmatzen adierazten. Zaila da esplikatzen zertan den sonoritate hori. Ez da orain artekoa baino zikinagoa, baina bai naturalagoa-edo. Efekturik gabe, reverb-ik gabe». Eta, soinu natural hori lortzeko, hiru elementu ezinbesteko izan ditu Muguruzak grabaketa prozesuan.

Lehena, grabaketa lekua bera izan da. Aurrez ere ezagutzen zuen Tarragonako (Herrialde Katalanak) El Vendrell herriko Pau Casals auditoriumean grabatu zuten. Eta grabatu zuen aspaldiko kolaboratzaile eta gertuko musikari izan duen Mikel Azpiroz soinu teknikari aritu zela. Ez hori bakarrik; Azpirozek pianoa eta Hammond C-3 organoa jo ditu diskoa osatzen duten bederatzi kantuetan. Gainera, beste ohiko kolaboratzaile batzuk, «jazz musikari sonatu eta zoragarriak», izan ditu alboan: David Gomez (bateria), Ignasi Gonzalez (kontrabaxua) eta Gorka Benitez (saxo tenorra). Guztiekin elkarrekin eta zuzenean joz grabatu zuten: «Apenas efekturik dagoen. Auditoriumeko akustika eta jazz musikari hauek jotzen dutena. Hori da kontzeptua». Nahi zuen soinua lortzeko etengabeko elkarrizketan aritu da Azpirozekin. Ez dute alferrik elkar ezagutzen aspalditik. Muguruzaren orain arteko azken diskoak ere, 2011ko Bikote bat eta 2013ko Beste hogei, Azpirozen parte hartze ezinbestekoarekin ondu zituen.

Letren erdiak bereak  
Bederatzi kantuetatik zazpi dira kantatuak; beste biak pieza instrumentalak dira: Mikel Azpirozen Jazzbanak agur” eta Muguruzaren beraren Hurrengo geltokia”. Gainerakoetatik, hiru kanturen hitzak musikariarenak berarenak dira: diskoaren izenburua ematen dionaz gain, maratoi batean lehen aldiz parte hartu zuen emakumeari omenaldi keinua egiten dion Kathrine Switzer” eta Ez da komeni exajeratzea” idatzi ditu.

Idazle adiskide ohikoengana jo ohi du sarri Muguruzak bere kantuetarako hitzen bila. Eta hala egin du oraingoan ere. Harkaitz Canok idatzitakoa da Beti ondo daudenen gezurrak”; Iñaki Irazuk idatzitako Azaroak baditu gauza onak” kantuak oraingoz ez du asmatu premonizio modura, honela baitio lehen estrofak: «Azaroak baditu gauza onak/ oso gauza onak/ esango nuke, are:/ ekartzen duen hotza adibidez». Baina diskoa ekarri dio Muguruzari, eta hori gauza ontzat izango du, dudarik gabe. Lourdes Oñederrak idatzitako Egunkari puska bat” eta Gerardo Markuletaren Lurraren izenak” dira gainerako kantuak. Gainera Sonia Yaben kantariaren kolaborazioa izan du “Kathrine Switzer”-en eta “Ez da komeni exajeratzea”-n, Gari-rena “Egunkari puska bat”-en eta Pablo Guerrero kantugile espainiarrarena “Lurraren izenak”-en.

Lehen kontzertua «berezia» izango da Muguruzarentzat, musikari guztiekin ariko baita; Donostiako Lugaritz aretoan izango da, azaroaren 13an, ostiralez.

(Berria egunkarian, 2015eko azaroaren 7an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:GariJabier MuguruzaMikel AzpirozResistencia