2020.03.18
Biba!. Harridura markaraino hedatzen den bozkario deiadar hori eraman nahi izan du bere bakarkako bigarren diskoaren titulura Xabi Fernandez Bandini musikariak (1983, Iruñea). Madrilen zuen bizitokian, beharra sentitu zuen bakarrik eta formatu akustiko hutsean grabatu zuen aurreko diskotik urruntzeko eta zuzenekoetan disfrutatzeko eta dantzatzeko moduko abesti sorta bat osatzeko. Hirukotea bildu, eta elektro-pop kutsuko sei abestiko bilduma kaleratu zuen iazko Durangoko Azokaren ataritan. Hainbat kontzertu eskaini dituzte geroztik, eta asteotan beste bi saio zituzten hitzartuak: Gasteizen bata, eta Bilbon bestea. Baina, koronabirusaren zabalpenaren ondorioz, biak bertan behera gelditu dira, eta streaming bidezko zuzeneko kontzertu bat antolatu du gaurko. Instagram sareko bere kontuan, Youtubeko bere kanalean eta bere webgunean zabalduko dute emisioa, 20:00etan. Eta bozkarioaren defentsa eginez justifikatu du erabakia Bandinik. «Musikariak garen neurrian, gure rol nagusia da tarte on bat pasaraztea, publikoari sentsazio oso ona uztea, eta disfrutatzea; zergatik gehiago jarri eta zergatik hori kendu?».
Nagusiki, oinarri elektronikoak eta pop melodiak uztartzen dituzte diskoko abestiek, eta lehen kantako lehen hamalau segundoetatik hasita utzi nahi izan du argi hori Bandinik. Erritmo kutxa bat eta baxu elektroniko bat hondoan, gitarra distortsionatu bat bigarren planoan, eta, guztiaren gain-gainean, erraz kantatzeko moduko teklatu melodia xume eta itsaskor bat, harik eta, hamabosgarren segundoan, Bandiniren ahotsa sartzen den arte: «Kristalak apurtu ditut eskuaz./ Gainean dantza eta izerdiaz diot,/ autoinkulpatzea izan zen». Eta, hain zuzen, lehen abesti hori hautatu zuten single modura, diskoa kaleratu berritan: “Bizipiztiak”. «Abesti pisutsuak pixka bat baztertu eta disko dantzagarriago bat egitea zen gure gogoa».
Lehen kolpe elektroniko hori gorabehera, diskoan badira Bandinik orain arte jorratu izan duen ildoari lotuago doazen abesti akustikoagoak ere. Hori da “Antimagallanes” izeneko abestiaren kasua, esaterako. Baina musikaz haragoko kontrasteak ere maite ditu Bandinik, eta horregatik uztartu ditu melodia orokorrean alaiak letra tarteka ilunekin. «Gustatzen zait kanta bakoitzean kontrapuntuak bilatzea, nolabaiteko ispiluak egotea».
Etsipenean erori gabe
“Maitasuna eta esperantza” abestiak, esaterako, errefuxiatuen auzia du mintzagai, eta “Euforia” izenekoa Europako Batasunaren hipokrisiaz ari da. «Oso deigarria egiten zait Europak errefuxiatuekin eta Mediterraneoan hiltzen den jendearekin duen jarrera», azaldu du musikariak. «Oso jarrera hipokrita da. Eta, “Euforia”-n, nik hori kantatu nahi izan dut lehenbiziko pertsonan, dagokigun ardurari izkin egin gabe».
Izan ere, musikariak badu kezka eskuin muturreko taldeen mezuek gizartean utzi duten arrastoarekin. «Ilarako azken-aurrekoaren aurrekoaren kontrako gatazka planteatzen du jende horrek, eta badirudi proposamen hori guztion agendan sartu dugula. Koronabirusaren krisiarekin eta honekin guztiarekin ere ikusi beharko da Europak zer jarrera daukan: gizatasunetik ote doan, edo betiko bidetik joko duen».
Badu diskoak haserre puntu hori ere, beraz, Bandinik onartu duenez, baina ez du etsipenean hondoratzeko asmorik. «Azkenean, uste dut diskoa ixten dela sentsazio on batekin, esperantzarekin, maitasunarekin… Kantu bat entzuten duzunean edo liburu bat irakurtzen duzunean, niretzat, ez duelako ezertarako balio gustu txarra uzten badizu».
“Diskoa ixten da sentsazio on batekin, niretzat kantubat edo liburu batek ez duelako ezertarako balio gustu txarra uzten badizu”
Kerobia taldeak 2014an eten zuen bere ibilbidea. Supernova disko-liburu-artefaktua argitaratu, eta hilabete gutxi batzuen buruan eman zuten albistearen berri. Handik bi urtera, taldea batu egin zen berriz, baina beste izen bat hautatu zuten ordukoan: Anticontinente. Sei abesti sareratu zituzten, eta hainbat emanaldi ere egin zituzten, baina hor amaitu zen haren ibilbidea, eta Bandinik bakarkako ibilbidea abiatzea erabaki zuen 2018an. Orduan heldu zen Begibakar izeneko hamar abestiko diskoa, eta haren «kontrapuntu moduan» heldu da Biba!.
Hirukote formatua
Ez zuen bakarrik aritu nahi, eta zuzenekoetan dantzatzeko gogoz zebilen Bandini. Hirukotea osatu zuen horretarako. Begibakar diskoko kontzertuekin hasi zenean batu zitzaion Alberto Isaba musikaria zuzenekoetara, eta gero sartu zen Lur Larraza. Biak ala biak dira aurrez Kerobiarekin aritutakoak: baxua jotzen Isaba, eta road manager gisa Larraza. Gustura dabilela dio Bandinik, eta umorez egin du taldearen deskribapena. «Alberto [Isaba], berez, baxu jotzailea da; nik ez dut inoiz oso ondo jo gitarra, eta Lurrek [Larrazak] ez du inoiz bateria jo. Zer atera daiteke gaizki?».
Orain arte emandako zuzenekoetan «oso eroso» sentitu da Bandini. «Oso aske nabil». Publiko artera jaitsita amaitu dituzte emanaldiak, kablerik gabe, mikrofonorik gabe, akustikoan, eta ikusleekin batera kantari. Bereziki disfrutatzen du musikariak tarte hori. «Batzuetan iruditzen zait kontzertuko une benetan garrantzitsu bakarra publiko artera jaisten gareneko hori dela, eta aurreko guztia sarreratxo bat besterik ez dela. Publikoak ere asko disfrutatzen duela esango nuke. Nik uste dut polita dela komunitatea egitea». Eta gaurko emanaldi digitalean ere, ordenagailu bidez, borobila osatzeko aukerarik gabe, baina horixe izango du helburua.