Musika

badok

2023.12.14

badok

Bost urteren ostean bueltan da Libe

Libe bueltan da. Bost urte pasa dira bere azkeneko diskotik, baina Azal ezten zortzi kantuko lan berriarekin etengo du isilaldia urtarrilaren 25ean. Disko berriaren aurrerapena da Zalantza, eta ikusgai dago jada bideoklipa Badok.eus-en. Alde IlunA zigilu sortu berriarekin plazaratuko du diskoa.
Libe musikariak Zalantza abesti eta bideoa plazaratu ditu

Libe musikariak Zalantza abesti eta bideoa plazaratu ditu.

Abesti horrek irekiko du albuma, zigiluak bidalitako ohar batean azaldu dutenez, eta gainontzeko kantuetan ere agertuko diren hainbat hitz agertuko dira nahasian, azpimarratuz diskoko bi kontzeptu nagusi: zurrunbilo sena, eta zalantza.
Musikari dagokionez ere pistak ematen ditu, “kantu honetan adi daitezkeen efektudun ahotsak, sintetizadoreak eta teklatu erreberberatuak gainontzeko abestietan aurkituko baititugu, beste osagai askorekin batera”.
Libe Garcia de Cortazar-ek (Gasteiz, 1981) bi disko ditu argitaratuta (Ihesaldi handia 2014an, eta Ilargia erori da 2017an). Bere proiektua lantzeaz gain, beste talde askotan ibili da eta dabil: Neubat, Sorkun, Izaki Gardenak eta azken aldian Pasadena-n.
Hau izango da Alde ilunA zigilu gasteiztarraren lehenengo argitalpena. Egitasmoa Libe Garcia de Cortazarrek eta Jon Basagurenek jarri dute martxan, hasiera batean euren proiektuen diskoak plazaratzeko (Libe, Izaki Gardenak, Pasadena). “Diseinuak, irudia eta komunikazioa lantzeko bokazioz ere jaio da, eta bideak erakutsiko du zer izatera iritsiko den”.