Musika

Aitor Biain

2020.07.21

Aitor Biain

Borroka eta festa ereserki bat

Borroka ezazu, gurekin batera/ gu garela EH Sukarra /Dantza egin ezazu, goizetik gauera/ kriston martxaz EH Sukarra». Modu horretan, borrokarako eta festarako dei eginez heldu zen, duela 28 urte, Eibarko (Gipuzkoa) taldeari hainbesteko ospea eman zion abestia. Aurkezpen txartel baten gisakoa izan zen bere garaian, baina, urteen poderioz, ereserki ere bilakatu da. 1990eko hamarraldian indar handiz sartu zen euskal musikaren eszenan, eta oraindik ere ikur da kantua, nola taldearena hala orduko testuinguruarena.

EH Sukarra 1995

EH Sukarra, 1995. urtean, Euskaldunon Egunkariaren aldeko jaian.

Mikel Gorosabel Norton-ek, Facundo Amadorrek eta Cesar Tejadak eratu zuten EH Sukarra, 1989an, eta bi urte geroago grabatu zuten taldearen lehenengo lana izango zena. Ordurako, Marc Remmy alemaniarra laugarren taldekidea zen, eta haren bitartez Berlingo Jelly Records estudioan grabatu zuten aurreneko kantu bilduma. Lan hark Euskadi Gaztearen lehenengo maketa lehiaketa irabazi zuen, hain zuzen. Garaipen hark ate asko ireki zizkion taldeari, Ainara Gorostitzuk BADOK atarian argitaratutako biografian azaltzen duenez. Tartean, Esan Ozenki diskoetxe sortu berriarekin lehen diskoa ateratzeko aukera ekarri zien. 1992an kaleratu zuten taldearen izen bereko diskoa, hain zuzen: EH Sukarra. Alemanian grabatutako maketan eta lehen diskoan argitaratu zen abestia bera ere.

Mikel Gorosabel Norton-ek BERRIAri aitortu dionez, halere, taldea sortu baino lehenagokoa da kantua. «Gitarra jotzen ikasi nuenean idatzi nituen aurreneko kantuetako bat izan zen. 1984. urtea-edo izango zen, eta nik 16 bat urte izango nituen orduan». Piano ikasketak egin zituen Nortonek, baina, gurasoek arreba zaharrenari oparitu zioten gitarra bati esker, bere kabuz ikasi zuen instrumentu hura jotzen. «Piper egiten nuen institutuan, eta orduak ematen nituen gitarra jotzen. Epe motzean asko aurreratu nuen. Etxean, anaia [Aitor] eta Mikel lagunarekin batera aritzen ginen jotzen. Egun horietako batean sortu nuen».

Nortonek «tiraderan gordeta» eduki zuen pieza, baina handik urte batzuetara taldea sortzerakoan berreskuratu zuen, eta hark eman zion izena rock klasikoa oinarri izango zuen hirukoari ere. «Rock errebeldea» da EH Sukarra definitzeko musikariak erabiltzen zuen moldea, zehazki. Hala esan zion Euskaldunon Egunkaria-ri elkarrizketa batean: «Martxa, dibertsioa, salaketa eta musika azkarra da guk egiten duguna». Gaur egun ere, bat egiten du etiketa horrekin. «Eroso sentitzen naiz, bai. Inoiz ez zaizkit etiketak gustatu, baina hori bereziki borobila iruditzen zait».

Jaiak bai, borroka ere bai
1990eko hamarkadarekin batera hasi zen itzaltzen Euskal Rock Erradikalaren (RRV) garaia ere, eta, horrekin batera, musika estiloen aniztasuna heldu zen euskal eszenara. Nolanahi ere, mugimenduaren zantzuak hauteman zitezkeen oraindik sortu berriak ziren taldeetan. Protesta kantuak ziren horren erakusgarri: kritika sozial eta politikorako erabili zuten orduko gazteek musika, 1970eko urteetako punk ingelesa oinarri hartuta. Iturri horretatik edan zuten talde askok orduan. Baita EH Sukarrak ere; batez ere, hasierako garaietan. Norton: «RRV mugimenduaren hurrengo belaunaldia izan ginen, baina sustraiak bertan genituen jarrita modu oso nabarmenean».

Horren erakusgarri da “EH Sukarra” kantua bera. Ez da protesta kantu soil bat, baina badu horretatik ere. Zehazki, 1980ko hamarkadan aldarrikapena eta festa uztartu zituen, eta lau haizeetara zabaldu zen lelo ezaguna du oinarri abestiak: «Jaiak bai, borroka ere bai». Horixe da gai nagusia, hain zuzen. Nortonen hitzetan, «jai giroko protesta» irudikatzen du kantuak. Eta hala antzeman daiteke hitzetan, esaterako. Izan ere, hasieran borrokarako gonbita dena dantzarako proposamen bilakatzen da gero.

Mikel Gorosabel ‘Norton’: “RRV mugimenduaren hurrengo belaunaldia izan ginen, baina sustraiak bertan genituen jarrita modu oso nabarmenean”

Aurreneko disko hartan baziren protesta kantu zuzen eta gordinagoak, halere: “Kasko gorriak” edo “Argi ibili” adibidez; elkarren hurrenkeran zihoazen, gainera. Baina, haien aldean, «jai kutsu» handiagoa du “EH Sukarra”-k. «Poliziari edo komunikabideei salaketa zuzena egiten zaie beste bi kantuetan; “EH Sukarra”-k, aldiz, salaketa arinagoa du. Musikalki ere alaiagoa, dantzagarriagoa da; badu pop ukitu bat ere».

Arrakasta handia izan zuen kantuak irratietan, baita taberna eta jai eremuko txosnetan ere. Eta oraindik ere irauten du haren oihartzunak. Erraz identifikatzen da kantua: bateriaren erritmo azkarra lehenengo, baxua jarraian, eta gitarraren nota altuen eskala behera eta gora; hogeigarren segundoko melodia distortsionatua iristerako, entzuleak badaki zer pieza den. Nortonen arabera, halere, hitzen eta melodiaren arteko loturan dago gakoa. «Lotura ona izatea garrantzitsua da, asko laguntzen du, eta “EH Sukarra”-ren kasuan, erdi-erdian jo genuen».

Taldeak gorabehera ugari izan ditu azken urteetan. Egun, Norton bera da hasierako kideetatik geratzen den bakarra. Baina abestiak ere zuzeneko guztiei eusten die. «”EH Sukarra”-rekin ixten ditugu kontzertu guztiak oraindik; gure ikurretako bat da, eta mundu guztiak du gustuko».

ETIKETAK:Eh SukarraEsan OzenkiMikel Gorosabel 'Norton'