2018.04.15
Apirilak 20. 1993. urtea. Fermin Muguruzak 30 urte bete zituen egunean bertan kaleratu zuten Borreroak baditu milaka aurpegi, Negu Gorriak-en hirugarren diskoa. Taldearentzat ez ezik, denborarekin euskal musikarentzat ere mugarri bilakatuko zen lan handinahia. Handinahia hitzaren zentzurik positiboenean, diskoak garai hartan taldekideek zuten ideia ugaritasuna islatzen duelako 22 kantu eta 70 minutu pasatxotan. «Maoren Liburu Gorria. Neguren manifestua», Muguruzak, erdi serio-erdi txantxetan, Rockdelux aldizkariari adierazi zion bezala. Zalantza handirik gabe, taldearen lan inportanteena izan zen. Goraipatuena eta Negu Gorriak euskal rockaren erreferente nagusi bilakatu zuena. Ispilu bat belaunaldi eta talde berrientzat. Ostiralean beteko dira 25 urte borreroak bere aurpegi guztiak erakutsi zituenetik.
Beste data bat, hiru urte lehenagokoa: 1990eko otsailaren 25a. Argia-n idatzitako 100 ginen izenburuko zutabean iragarri zuen Muguruzak Negu Gorriak-en sorrera, eta baita taldearen lehenengo diskoa martxoan grabatuko zutela ere. Ferminekin batera, haren anaia Iñigok eta Kaki Arkarazok osatuko zuten taldearen estreinako diskoa grabatuko zuen hirukotea. Negu Gorriak ekainean argitaratu zuen Oihukak, taldearen soinu nahasketa orduan berri eta berritzailea —hip hopa, reggaea eta hardcorea oinarrian— agerian uzten zuen lana. Gero iritsiko ziren Herrera de la Manchako espetxe atarian emandako lehen kontzertua —ordurako Mikel Kazalisekin (Anestesia)—, Esan Ozenki zigiluaren sorrera, Mikel Abrego (Bap!!) bateria jotzailearen talderatzea, eta Gure jarrera diskoaren (1991) grabazioa eta argitalpena. Azken horrek izandako arrakastak eta oihartzunak indartuta iritsi zen Negu Gorriak 1993ra —Euskal Herrian erreferentzia nagusia bilakatzeaz gain, kanpoan ere emaitzak lortzen hasia zen taldea: Rockdelux Bartzelonako aldizkari ezagunak Espainiako Estatuko urteko disko onena izendatu zuen 1992ko urtarrilean—. Urrats bat baino gehiago, jauzi bat egiteko tenorean.
Otsailean sartu ziren bost negugorriak Donostiako IZ estudioan taldearen hirugarren diskoa izango zena grabatzera. Taldea sendotuta zegoela, Arkarazok apirilaren 19an Irungo Bertso Hop dendan, lanaren aurkezpenean, adierazi bezala: «Banda erabat gorpuztua ageri den lehen diskoa da honako hau. Soinua bandarena dela esan daiteke orain, taldearen barne lotura sendotu delako; soinua ere mardulagoa da». Paradoxikoa bada ere, taldearen sendotze horrek bandaren izaera irekia indartu zuen: aurreko bi lanek bide batzuk markatu zituzten, baina Borreroak baditu milaka aurpegi-k, izenburuari nolabaiteko keinua eginez, mira ireki zuen, ordura arte antzeman ezin zitezkeen aurpegiak erakutsiz. Fermin Muguruzak Egunkaria-ri emandako elkarrizketa batean azaldu zuen kolore ugaritasunaren arrazoietako bat zein izan zitekeen: «Taldekide bakoitza mundu desberdin batetik dator. Mikel Bap!! hardcorearen mundutik dator [...], Mikel Anestesiak, berriz, trash eta rock gogorra entzun izan ditu; Iñigo Black rock coalition mugimenduan kokatuko nuke. Kaki abangoardiako gitarra jolea da, produktore lanetan aritzen dena, eta nik denetarik entzuten dut. Elkartzen garenean zerbait mestizoa sortzen da».
Zaletasun ugaritasun horren isla da diskoaren ugaritasun estilistikoa. Gitarra zorrotzekin hasten da (“Bi doberman beltz”), baina gainerako 21 pistetan, hardcorea (“Dollar area”), metal kutsuko oinarriak (“Hiltzeko era ugari”), hip hopa (“J.F.K.”), ska (“Kolore bizia”), funka (“Bost gehiago”), erritmo karibetarrak (“Chaquito”), oinarriprogramatuen gainean eraikitako maitasun kantuak (“Hemen izango bazina”) eta dentsitate handiko piezak (“Itxoiten”) biltzen dira. Iraganarekin hautsi gabe, ateak irekitzen dituen bilduma bat da. «Ez da hain kontinuista. Sampling gutxiago dago. Abiadura gutxiagoko kantu asko, trash-metal gitarra batzuk, haize ugari, erritmo kutxak bateria akustikoekin uztartuak, gitarra hormak dituzten baladak, bertsioak… Gure jarrera baino irekiagoa da. Kontinuismoa? Zabaldu eta pista bilakatzen den bide bat bezala».
Taldearentzat ez zen berria bertsioak egitea —lehen diskoan Rich Kids on LSD hardcore taldearen kantu bat moldatu zuen (“Bide baten bila”), eta Gure jarrera-n, Fugaziren beste bat (“Song Number One”)—, baina Borreroak…-en Euskal Herrian izandako «bi talde onenetakoak» omendu nahi izan zituzten: M-ak (“Pistolaren mintzoa”) eta Delirium Tremens (“Kaixo”). Horiez gain, “Arrano beltza” grabatu zuten, Mikel Laboaren “Gernika (Lekeitio 4)” piezan oinarriturik.
Ipuin bilduma bat
Gure jarrera-n, Jon Maiaren laguntza inportantea izan zuen Fermin Muguruzak hitzak idazteko orduan —Xabier Montoiarena zen, berriz, “Azkena”—, eta Borreroak-en ere, nahiz eta berak idatzi letra gehienak, beste hainbaten kolaborazioa izan zuen. Aurrenekoz, Arkarazok bi kantutako hitzak egin zituen —”Bost gehiago” eta “Dollar area”—; Mikel Antzak idatzi zituen “Euskaldunok eta zientzia” eta “J.F.K.” —azken hori Muguruzarekin batera—; Jon Sarasuarena da “Borreroak baditu milaka aurpegi”; eta Anton Reixak idatzi eta kantatu zuen “Denok gara Malcolm X” collage erako pieza harrigarria.
«Kantu bakoitzaren letra mundu bat da», onartu zuen bere garaian kantariak. Kortaturen garaitik, urte batean gertatutakoaren hainbat gauzaren «kronika gisakoak» eginak zituen taldeko abeslari eta letragile nagusiak, eta NG-ren lehen diskoa ere horrela atera zen, «ipuin bilduma bat» izango balitz bezala. «Gure jarrera-n, aldiz, nobela bat egiten saiatu nintzen. Horregatik zituen “Sarrera”, “Lehenbiziko bala” eta “Epilogoa”. Euskal Herriaren erradiografia egiten saiatu nintzen». Borreroak…-ekin, ordea, berriro ipuin bilduma bat egin zuten. «Izenburuak dioen bezala, borreroaren aurpegi asko aurki daitezke disko honetan». Bernardo Atxagak idatzi eta Ruper Ordorikak kantu bilakatutako “Zenbait bertso xelebre”-tik hartu zuen taldeak diskoari izenburua eman zion esaldia.
Nolanahi ere, Muguruzak eta gainerako letragileek beren inguruari begiratzen jarraitzen zuten. Euskal Herrian eta munduan gertatzen zenari. Leninen ondarea berreskuratzen zuten (“Dollar area”), Luis Mariano «homosexual eta gorriari» agintari frankistek egindako agurra gogoratu (“Hipokrisiari stop!”), John Fitzgerald Kennedy laguna bere lekuan jarri (“J.F.K.”), Lucrecia Perez Matos dominikarraren hilketa xenofoboa salatu (“Kolore bizia”), Erdialdeko Amerikako askapen mugimenduei elkartasuna adierazi (“Chaquito”), eta musika industriaren trikimailuak lehen planoan jarri (“Rock & Rollaren jukutria”). Baina harreman pertsonaletan ere jartzen zuten begia “Bost gehiago”-k eta “Hemen izango bazina”-k. «Gaur egun dekadentzian dauden hainbat kontzeptu berreskuratu nahi izan ditugu. Guretzat elkartasunak balio erabatekoa du gaur egun». Elkartasuna. Eta baita indarkeria eta sufrimendua jasaten zutenenganako sentiberatasun handia ere.
Kolaboratzaile andana
Aurreko lanetan ere hainbat laguntzaile izan zituen taldeak, baina Borreroak baditu milaka aurpegi-n ugaritu egin ziren. Reixaz gain, Xabier Montoiak abestu zuen “Borreroak…” eta “Arrano beltza” kantuetan, Joseba Tapiak koruak eta ahots moldaketak egin zituen, Anjel Valdes M-akeko kide ohi eta Esan Ozenki zigiluaren orduko arduradunak perkusioak jarri zituen, eta zenbait kantutan haize taldea ere baliatu zuten. Manolo Gil arduratu zen diseinuaz eta “Borreroak baditu milaka aurpegi” kantuaren bideoklipaz. Azpimarragarria da, batez ere, Asisko Urmenetak egindako lana, kantu bakoitzarentzat ilustrazio bat egin baitzuen.
Diskoa 1993ko apirilaren 20an kaleratu zuen Esan Ozenki-k, asteartez, eta, astebetean, lehen edizioko 7.000 aleak salduta zeuden. Ekainerako 15.000 ziren banatutako diskoak. Baina publikoaren erantzuna bezain beroa izan zen hedabideena, eta ez bakarrik Euskal Herrian. Rockdelux aldizkarian, Xavier Cervantesek hau idatzi zuen: «Amorrua kontrolatuagoa dago. Kolpea gogorragoa da, zehatzagoa. Nahasmen garaiotan, haiek badute nortasuna. Haien konpromisoa egiazkoa da, inondik ere panfletozalea». Baina ez zen bakarra izan. Espainiako Abc egunkari eskuindarrean ere kritika ona jaso zuen diskoak, eta ordura arte muguruzatarren proiektuek itxita eduki zituzten beste komunikabide batzuetan ere aipatu zituzten modu positiboan. Ez da ahaztu behar bi urte lehenago Espainiako Diario 16 egunkariko musika kritikoek urteko bost disko onenen artean sartu zutela Gure jarrera, baina zuzendaritzak zerrendatik kentzeko agindua eman zuela.
Zuzenean, Saran
Diskoak kalean hiru aste eskas zeramatzala, Negu Gorriak-ek zuzenean aurkeztu zuen aurrenekoz diskoa. Non eta Saran (Lapurdi), Herri Urratsen bezperan. Milaka lagun bildu ziren herriko plazan, eta, NG oholtzara igo aurretik, Lin Ton Taun taldeak grabatzear zegoen lehenengo diskoa aurkeztu zuen —urte bukaeran kaleratu zuen Esan Ozenkik—. NGk, berriz, erakutsi zuen oso ondo olioztatutako zuzeneko makina zela.
Maiatzaren 15ean Etsaiak-ekin jo zuten, Lekeition (Bizkaia); 22an Banda Bassottirekin, Oñatin (Gipuzkoa), eta irailean taldearen birarik luzeena abiatu zuten: Itxurakeriari Stop!! Hypocrisy Tour 93. Hogeita hamar bat data izan ziren, eta Erromara —6.000 lagun bildu zituzten—, Zurichera (1.200), Munichera, Bruselara, Parisera (1.400) iritsi zen… Ordurako Negu Gorriak-ek eskuratua zuen espazio bat Europako zenbait zirkuitutan, baina Borreroak… aurkezteko birak agerian utzi zuen gero eta areto handiagoetan eta ikusle gehiagoren aurrean jotzen zuela. Biraren amaiera etxean izan zen, urriaren 30ean, Bilboko Erakustaretoan, eta 9.000 lagunen aurrean. Orduko hartan ere Lin Ton Taun aritu zen aurretik, eta baita Radio Bemba ere, Manu Chao eta Mano Negrako kideak ezkutatzen zituen taldea. Amnistiaren Aldeko Batzordeek antolatutako kontzertua izan zen, eta Xabier Kalparsoro Anuk irailaren 26an Espainiako Poliziaren Bilboko komisarian hildako ETAko militantea ekarri zuen gogora taldeak emanaldian.
Kontzertuan, disko berriko piezez gain, kantu zaharragoak ere jo zituzten: ”Lehenbiziko bala”, “Ez dezagun sal”, “Esan ozenki”, “B.S.O.”, “Gora Herria” eta “Radio Rahim”, besteak beste. Eta baita taldearena bihurtutako ereserki bat ere: “Hator, hator”. Kontzertu hura grabatu egin zuten, eta hurrengo urtean disko bihurtuta argitaratu: Hipokrisiari stop! Bilbo 93-X-30.
Taldea bere onenean zegoen, baina ordurako hodei beltzak ere hasiak ziren agertzen zerumugan. Maiatzaren 25ean, Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko kuarteleko buruak Negu Gorriak-en kontrako salaketa jarri zuen, Ustelkeria kantuak Guardia Zibilaren teniente koronela droga trafikoarekin lotzen zuelakoan. Zortzi urte behar izan ziren Espainiako Auzitegi Gorenak kasua atzera botatzeko. Borreroa garaitzeko.
ILUSTRAZIOAK tamaina handian ikusteko sakatu hemen.
EGILEA: Aitor Suarez @aitorzart diseinatzaile grafikoa
1 IRUZKIN