Musika

Josu Larrinaga

2018.04.17

Josu Larrinaga

Borreroak mila buelta egin ditu, urteotan

1993 ETA BETIKO.- This is the bomb. Borreroak baditu milaka aurpegi is one of the best CDs released in any language anywhere in the ’90s — fast and furious, loud and melodic, smart and savage, and jarring and organic. The lyrics are in Basque, but there’s no translation needed for memorable hooks like the punk strut chorus of “Bi Doberman Beltz” or the simply gorgeous guitar melodies (à la a Jimi Hendrix ballad) of “Ixtoixen.” (sic) It’s a triumph on all fronts; the production brings out the inherent drama in the music, Kaki Arkarazo’s technical savvy means the guitars simply roar, and the sound collages (with samples running from JFK to soul standbys James Brown and the Meters) are mature and sophisticated. While the metal-edged riffs central to the band’s slash-and-burn mix were always far more inventive than excessive, the disc is an absolute gold mine for connoisseurs of great guitar hooks.”, hala dio Don Snowden kritikariak Allmusic web-atarian –pop musika alorrean dagoen erreferentziazko gida inportanteena, artista esanguratsuenen ibilbideak eta obra nagusiak ezagutzeko eta baloratzeko mediorik begiratuena, noski, beti ere ikuspegi anglosaxoi eta mainstream batetik abiatuta. Negu Gorrien diskografiako zerrendan Borreroari lau izar eta erdiko balorazio kuantitatiboa ematen diote, topea bost izar dela. 90eko hamarkadako mundu mailako disko hoberenetakoa.

Negu Gorriak 1993 Casilla

Negu Gorriak, Bilboko Casilla kiroldegian emandako kontzertuan. (Marisol Ramirez)

1990-1996.- Ezta hamarkada osoa ere, sei urtetan Negu Gorriek rock musika, musika kontrakulturala, biziberritzeko egin zen azken ahalegin kolektiboaren erdi-erdian kokatu zuten euren proposamena, euskaraz mintzatzen zen proposamena, alegia. Sormen inguru horretan bete zen punkaren positibotasuna, Do it yourself. Esan bezala, rock musikan urte horietan gertatu ziren benetan berritasuna, edo hobe esanda, irekiera sinbolikoa, suposatzen duten azken aldaketak: Parisen Mano Negra, Holandan Urban Dance Squad eta, lehenagotik, The Ex, New Yorken Living Colour, Beastie Boys edota Public Enemy, Seattlen Nirvana eta grunge etiketan kokatzen diren guztiak, Kalifornian Red Hot Chili Peppers, Disposable Heroes of Hiphoprisy edo Rage Against the Machine, Argentinan Fabulosos Cadillacs –esanguratsu eta eraginkorrenetako batzuk aipatzearren– bezalako taldeak soinuen irabiagailua jarri zuten martxan, tradizio askotako joera musikalak nahastu –jazz, funk eta soul, punk, hardcore, metal, reggae eta beste musika tropikalak,..– eta produktu berria eta erakargarria agertu zen. Eztanda hori eta gero, pop et rock musika erretromaniaren lo ederrean sartuko da betirako: beti egongo dira frankotiradoreak, irekiera sinbolikoari eragiten diotenak –Kevin Morby, Belako, US Girls, lerrook idatzi bitartean entzun ditudan batzuk aipatzearren– baina 90eko hamarkadako hori abentura kolektiboa izan zen eta azkena izan zen (indie batzuk ere aipatu beharko genituzke, Sonic Youth, The Dream Syndicate, Pixies, bereziki). Negu Gorriak horren guztiaren erdian egon zen, unean uneko lanean, eta honako talde askorekin bat egingo zuen hurrengo urteotan, kolaborazioetan edo biretan. Kasu askotan, ez guztietan, talde engaiatuak dira, nazioartean zabaltzen ari den ezkerreko identitate politiko difusoarekin –gero alterglobalismoa deituko dena– konpromezu politikoa erakusten dute. Eta, gainera, adi Snowden-ek dioenari: “One thing though: don’t call Negu Gorriak rock en español. Fervent Basque nationalism is an integral part of their political stance and Spanish culture and language is viewed as an imperialist imposition on Basque autonomy (ber-sic)”.

90EKO HAMARKADA, GLOBALIZAZIO ZORIONTSUA.- Ekonomia kapitalistaren aldetik urte loriatsuak izan ziren, globalizazioaren mantra entzuten zen behin eta berriz, mundurik hoberenean bizi omen ginen, gazteriaren artean dantza, bidaia exotikoak eta hedonismoa ziren nagusi. Gero gertatuko zena, orduan zeinek asmatu? Bo, Negu Gorriek eta aipatu ditugun beste talde batzuek ahotsa eman zieten globalizazioak kaltetutakoei, ekimen asko burutu zuten Euskal Herrian, Chiapasen eta beste mila lekutan, sistemaren hipokrisiaren kontra borrokatu zuten tinko, herriak eta jendearen arteko samurtasuna goratu zuten, baina dantza, exotismoa eta hedonismoa ere ederki baliatu zuten: dantza zitezkeen matxinadak abiarazi zituzten eta aberastasun orokortuaren giroa ere aprobetxatu zuten nazioarteko bira entzutetsuak egiteko, eta gainera, jadanik euren ezaugarri nagusitzat hartu daitekeen elementu berri bat agertu da: Esan Ozenki izeneko diskoetxea sortu zuten, euren proiektuak argitaratzeko eta interesgarritzat jotzen zuten edozein talderena, printzipioz euskaraz abesten zutenak; gero Gora Herriak izeneko azpizigilua sortuko zuten munduan zehar gustuko zituzten hainbat talderen lanak argitaratzeko. Azken pauso honekin, Fermin Muguruzaren nortasun artistikoaren ezaugarri nagusia argi eta garbi agertzen da: ekoizle trebea da Muguruza, kontzertuak, birak, diskoak, diskoetxeak, nazioarteko musikariekiko kontaktuak, jatorri ezberdinetako musikariak taula gainean edo mikrofono aurrean jarri eta produktu koherente eta erakargarriak lortu….

1993. BORRERO GOGORRA ETA ZABALA.- Irabiagailu sonikoa maneiatzen maisuak dira Negu Gorriak, Arkarazoren sanplerrak egokienak dira momentu oro. Euren hirugarren LPa den Borreroarekin –edo CDa esan beharko genuke, juxtu urte horietan gertatzen ari da euskarri teknologikoaren aldaketa– Negu Gorriak euren gailur artistikora heltzen dira: metal berria da, agian, gehien agertzen den ildoa, baina arrakasta handien edukiko duten abestien artean, badago reggae gihartsua, “Borreroak baditu milaka aurpegi”, ska zorabiagarria, “Kolore bizia” –arrazakeriaren kontrako letra, etorkinekiko elkartasuna eta aniztasun kulturalaren aldeko aldarrikapenak indar asko dauka Negu Gorrien ideien multzoan- eta, inkluso, “salsa” estiloan –New Yorkeko auzo latinoetan Karibeko musiken oinarriaz sorturiko musika dantzagarria eta hedonista– kokatu daitekeen Chaquito”, hori bai, urte horietan El Salvadorren izaniko armada eta gerrillaren arteko gudan besamotz gelditutako mutiko bati eskainia. “Itxoiten” psikodelikoa da, “Bost gehiago” soul boteretsua,… 22 kanta eta 70 minutu baino gehiago.

INOREN HIRU KANTU ESANGURATSU.- Bai, abesti asko, disko bakar baten. Esanguratsuak dira, oso, aukeratzen dituzten bertsioak –gogoratu gero bertsioz osatutako disko batekin agun esan zutela Negu Gorriek–, hirurak dira euskal musikariarenak: baga, Delirium Tremens-enak badirudi ebidenteena, Iñigo MuguruzakKortatu desegin ondoren– zorroztu eta gogortu zuen mutrikuarren soinua eta, nolabait, Borreroan nagusi den sonoritatea aurreikusi; biga, “Gernika” Mikel Laboaren lekeitio kanta esperimentala eta esanguratsuaren bertsioa egiten dute –orduan, Ez Dok Amairukoen legatua balioan jartzea kontu nahiko berria zen euskal pop musikaren panorama–-, baina 22. kantua da CDan, eta ematen du entzulearen nekea itsatsi zaiola abestiari: erakargarri hasten da, Xabier Montoiaren ahotsarekin, baina pixkanaka disko osoaren sonoritatean murgiltzen da exekuzio astuna eta interesa galtzen da… pena, Mikel Laboaren bertsiorik onena izan zitekeen, hainbat txinaurriren baimenaz; higa, M-ak taldearen “Pistolaren mintzoa”, lau urte lehenago hauek argitaratua, orduan Montoiaren letra –“hitzak soberan daude, pistolak mintzo bitez”– batzuoi boutade hutsa iruditu zitzaigun, baina hurrengo hogei urteetako gertaerek profetikoa zela erakutsi zuten…; exekuzio musikala perfektua da, baina erabat ereserkikoa, epikoa: oso aproposa (lar aproposa?) kontzertu jendetsuetan, gitarrek zerumuga eskalatzen zutela, ukabila altxatuta kantatzeko… eta kantatu genuen… agian berehala gertatuko zena aurreikusi gabe. “Entzun eta mintza. Hori da bidegintza. Bakean denek indarka. Zabaldu arte indarka. Aski! Aska! entzun eta mintza eta mintzoan hitza bilaka gatoz milaka”, kantatu zuen Fermin Muguruzak urte askoz geroxeago (“Milaka bilaka”, 2009) eta milaka batzuok ukabila jadanik altxatu ez baina hasperena egin eta “horixe, horixe, Fermin gurea” eta antzerako zer-edo-zer gure barnerako xuxurlatu, bai.

2018: 25 URTETAN ORAINDIK BILAKA.- Eta, konturatu gabe, Borreroak 25 urte betetzen du. Euskal Herrian gauza asko aldatu direla esan daiteke, baina baita “lavidasigueigual” zerak esaten zuenez… Borreroak, bai, baditu milaka aurpegi baina kolore biziek bizi-bizi segitzen dute eta herriak oraindik kantatzen du. Areago, badirudi orain, gitarrek baino gehiago ahotsek markatzen dituztela erronka ausartenak: Bas(h)oan, Manez, Montoia, Mursego, Gari, Rafa Rueda… Hori da esentziala bilatzea! Bo, azken biek dream elektronikaz lagunduta; Ferminek, berriz, elektronika latza! baina baita ahotsa ere. Negu gorrietako musikariek segitzen dute kantuak eta diskoak egiten eta eurek zabaldu zituzten bideak askok jorratu dituzte gero! Musika ekoizteko eta zabaltzeko eurek asmaturiko manerak oso presente daude gaur egungo hainbat ekimenetan eta lagundu dute lanpostuak eta bizimoduak egonkortzen… Xabier Montoiak segitzen du kantu profetikoak egiten: entzun “Reau” (GorraizeaGaztelupeko Hotsak, 2017). Borreroak euskarri fisiko obsoletoan argitaratu zen gehienbat —egon zen edizio txikia LPan baina agortuta ei da– eta horrela dago gaur egun. Bere garrantzi historikoagatik merezi du berriro ere euskarri materiala eta iraunkorra den biniloaren ohorea, ea ba!

* Josu Larrinaga (Sodupe, Bizkaia, 1964) EHUko Gizarte Antropologiako irakaslea eta Euskal musika kosmikoak (Baga Biga, 2016) liburuaren egilea da.

ETIKETAK:Delirium TremensEsan OzenkiEz Dok AmairuFermin MuguruzaGariGaztelupeko HotsakGora HerriakKortatuM-akMikel LaboaMursegoNegu GorriakRafa RuedaXabier Montoia