2018.04.19
Hiru musikarik —Birkit, Rafa Rueda eta Jon Eiherabide— eta editore batek —Anjel Valdes— Borreroak baditu milaka aurpegi diskoari buruzko oroitzapenak partekatu dituzte gurekin. Negu Gorriak-en lan enblematikoa argitaratu zela 25 urte beteko dira apirilaren 20an.
BIRKIT (Musikaria)
Negu Gorriak entzun nuen lehen talde euskalduna izan zen. 14 urte nituela lehengusuak Negu Gorriak kasetean grabatu zidan eta logelan entzun ohi nuen hitzak guztiz ulertu gabe. Hori bai, “Amodiozko kanta”-k zerbait esan zidan, barruan gelditu zen. Bi urteren buruan disko beltza nire diruz erositako lehen CDa izan zen. Berriz entzutean gogora datoz kolore bereko institutu garaiko urteak: grebak, manifak, fulak, Gasteizko Kutxi kaleko giro ezagun berria, ia astebururo taberna barrutik pertsianak itxita kanpoan entzuten ziren pilota hotsak, lehiotik ikusten genuen kea eta usaina… beldurra eta kitzikapena nahasiak. Nagusien gizartean sartu berriak ginen, zertaz zihoan guztiz ulertu gabe.
Disko honek lagundu zuen, eragin handia izan zuen hori guztia ulertzeko prozesuan, liburuetan ikasten ez genuena kalean irakatsi zigulako. Etxean ez bakarrik, astebururo tabernetan entzuten genituen goitik behera doinu gogor eta ilun haiek rocka, hip-hopa eta beste hainbat estiloren bitartez bertako eta nazioarteko historia eta gatazken inguruan ikasi bitartean. Desinformatzeko, gizartearen kritika ikuskatzeko lehio bakarra genuen musika eta propaganda politikoa, gaur egun klik batean lortzen duguna eskuz eta bihotzez egiten baitzuten garaiko musika taldeek eta Negu Gorriak beharrezkoa eta ordezkaezina izan zen zeregin horretan.
Diskoko kantarik kutunena dut “Itxoiten”. 18-19 nituela Kutxiko Zulape tabernan topera jarri ohi zuten sarritan eta gogoan dut bertan geratzen nintzela abestia amaitu arte geldi, koadrilakoak galtzen banituen ere (lehen gertatzen zen, koadrila galtzen zenuen konturatu ezean…). Doinuari begira pentsatzen dut amorrua eta maitasuna nahasten dituztela kantaren bi dinamikek. Bata sentitzeak bestea dakar, maitatzera eta zaintzera kondenatua dagoen emakumeak liberazioari itxaron bitartean sentitzen duen desesperazio garrasia da abestia. Garaian neskoi geure etorkizunean nahi ez genuena begiztatzen lagundu zigun, bizitza “gertatzea” itxaron baino hobe zela gu geu bila joatea, eta gure amama eta amei ezarritakoa aldatu nahi izatearen borrokan kantu hau ezinbestekoa izan zen niretzat.
25 urtez barruan izan dut eta azkenean atera da bertsio moduan. Zuzenekoetan jotzen dut eta gaur egun kalean salatzen dugunari buruzko zenbait lerro erantsi dizkiot. Doinuari dagokionez, Fermin Muguruzak gizonaren sentipenetik gogorki igorri ziguna azkenik aurkitu dugun femeninotasun berriaren kutsuaz islatu nahi izan dut, ezinbestekoak izan genituen Negu Gorriak omenduz. Eskerrik asko.
RAFA RUEDA (Musikaria)
Ondo gogoratzen dut diskoa erosi nuenekoa. Gutxira desagertuko zen Mungian zegoen disko denda bakarrean erosi nuen, biniloan. Orduan, Red Hot Chilli Peppers taldearen Blood Sugar Sex Magik diskoarekin nahiko harrapatuta nenbilen, eta, denbora batez, disko honek erreleboa hartu zion. Nire ustez, taldearen lanik biribilena da, meritu handikoa binilo bikoitza izanik. Entzuleen oroimenean kantu gehien utzi dituen diskoa. Gitarren lana aipatuko nuke bereziki, Iñigo Muguruza eta Kaki Arkarazoren arteko uztarketaren goi erpina. Zaila da horren nortasun handiko musikariekin nahasketa orekatua lortzea, eta lan honetan deigarria da lortu zuten trinkotasuna. Estilo anitzeko koktelera horrek eskaini zuen mailarik goreneko koktela, taldearen eraginak ostendu gabe, soinu pertsonala lortuz, eta taldearen heldutasuna erakutsi zuena.
Kantu bat aukeratzekotan, “Bi doberman beltz” aukeratuko nuke, ez kantu biribila iruditzen zaidalako soilik, baizik eta diskoa disko-jogailuan jarri eta jaso nuen lehen zartakoa ez dela ahaztekoa izango. Disko bati hasiera emateko astindu ederra.
JON EIHERABIDE (Zoo taldeko kidea)
1993: 15 urte ditut eta gure amatxik opari bat egin nahi dio nire anaia ttikiari. Baionako supermerkatu erraldoi batean gabiltza eta Hipokrisiari stop zuzeneko CDa apaletik ateratzen dut eta horrela esaten diot amatxiri: hau! Hortik aintzina, euskararekin eta musikarekin dugun lotura etengabe handituko da.
Borreroak baditu milaka aurpegi, Bertso-Hop denda… gure kultura musikala handitzeko eta asetzeko, kasik bulimiaz, sakeleko sos guztiak han xahutzen genituen… Eta horra eskuen artean dudala binilo beltz doblea!
Gaur egun arte… Orratza altxatzen dut poliki, eta pausatzen dut lehen ildoan: krask, krask… eta blam! Oihu, doinu, erritmo basati, ilun eta sarkorrak bata bestearen ondotik lerrokatuak, giro eta sampler aldaketak… Hitzak ganita ukaldiak bezala: slaz, slaz… Oraino xutik? Eta liburuxkaren lan bikaina ez dut aipatzen ere. Parte hartu dudan musika proiektu guztietan beti nabil nire Borrerroak baditu milaka aurpegi mailako lan baten ateratzeko ametsetan. Gorputzaren barrunbeak miazkatzen dizkizun argi ilun bat.
Kantu bat orain hautatzeko eta Maiatzaren Lehena hor baitugu fitexko… “Chaquito”!!!
ANJEL VALDES (Elkar diskoetxeko editorea)
1993ko apirilaren 20an aurkeztu zen Negu Gorriak-en Borreroak baditu milaka aurpegi diskoa, Fermin Muguruzak 30 urte bete zituen egunean. Nik 35 egin berriak nituen. Oso harro sentitu ginen parte hartu genuen guztiok, sekulako lana egin ondoren lortutako emaitzak ikusita. Grabaketaren prozesua oso intentsoa izan zela gogoratzen dut (nik ere pare bat kantutan jo nituen perkusioak), eta motibazio handia ikusten zen alde guztietan. Inflexio garaian ginen, mendearen amaiera gainean genuela eta, aldian behin gertatu ohi den bezala, une hartan euskal musikak halako lana behar zuela pentsatu izan dut inoiz, aurrerakada berri bat emateko eta eredu sendo berriak ekartzeko.
Nik Esan Ozenki Records zigiluaren ardura nuen orduan eta disko horrek muga asko ireki zituen taldearentzat eta guretzat orokorki. Diskoak zerbait berria zekarren, musikalki ikaragarria zen, rock uholde geraezina, bizigarria, eklektikoa eta zuzena; tematikoki oso irekia zen eta sentimendu unibertsala adierazten zuen lehen notatik, solidarioa baitzen, ekologista, internazionalista, erabat humanoa, sufrimendua eta indarkeria pairatzen duten gizakumeenganako hurbil eta sentikorra. Oraindik hunkigarria eta erabat aktuala iruditzen zait.
Nolabait, munduan jasotzen ari zen korronte musikal indartsua bezain aldarrikatzailearekin batera zetorren (“rock&attitude”) —Fugazi (Dischord Records), Dead Kennedys, Jellow Biafra (Alternative Tentacles), Banda Bassotti (Gridalo Forte Records)— … eta bestelakoekin batera, botere zapaltzaileen kontra osatzen zen mugimendu alternatibo eta independentearen parte izan zen Neguren disko eta aro berri hau, sistema berri bat proposatuz, establishment gorrotagarriaren kontra lan duina eta sinesgarria burutu zuela.
25 urte igaro dira. Taldea ez dago, zigilua ere ez, baina orduan ginen guztiok, bakoitzak bere bidetik, ahalegin berdinean jarraitzen dugula ohartzen naiz, gure ametsen atzetik musikaren bideak lantzen, mundu berri bat posible dela sinesten.
Disko hartako kantu asko azpimarratuko nituzke, euskal musikagintzaren garapena ulertzeko funtsezkoak bezala. Ni bereziki “Itxoiten” kantuaren samurtasunak eta M-ak taldearen “Pistolaren mintzoa”-ren bertsioak harrapatzen naute.