2021.10.30
Melodia alaiak, doinu dantzagarriak eta giro atsegina «euskaratik eta euskaraz transmititzeko asmoz», Kilimak musika taldeak Euskal Herriko runba izeneko bere lehendabiziko estudioko diskoa plazaratu berri du. Albuma osatzen duten sei kantetatik bostek euskarazko letra dute, eta bakarrak gaztelaniazkoa. Agus Garmendiak, Ione eta Ihintza Zozaiak, Ander Larrañagak eta Oskitz Gorrotxategik osatzen dute boskotea, eta joan den astean aurkeztu zuten diskoa.
Diskoaren izenburuak, Euskal Herriko runba, Kilimak taldeak jorratzen duen musika estiloaren zantzu argiak ematen ditu: runba doinuak dira nagusi, baina bada swing kutsudun abesti bat ere. Runba euskal musikaren eszenan gutxiengoan dagoen estiloa izanda, «Euskal Herrian inor gutxik ukitu duen kristalezko sabai bat apurtu» nahi dute taldekideek. Nolanahi ere, runba «dantzaren, alaitasunaren eta festaren» adierazle izan arren, abestiek «mezu serioak eta konprometituak» dituzte.
Esate baterako, “Kontakatilu” abestian «aldamenekoaren bizitza epaitzeko erraztasuna» kritikatzen dute; “Errutinaren tranpa”-n, berriz, musikariek salatzen dute «ofizio prekarioek, egunerokotasunak eta giza joerek pertsonak automata bihurtzen dituztela»; “Soledad” kantuan, berriz, «beldur jakin batzuetatik ernetako ezinegona» islatzen da. Kilimak taldeak, horrenbestez, gauzak kontatu gura ditu, dantzagarritasunaz eta jai giroaz harago.
Haien ibilbidea labur samarra izanagatik ere, badute eskarmenturik: taldea 2018an batu zen, eta urte hartan eta 2019an ehun kontzertu inguru eman zituen; pandemia sasoia iristean, baina, bi urteko geldialdia egin behar izan zuten, eta orain, bueltan dira. Hori dela eta, «hainbat kanta» dituzte prest, albumak sei bakarrik dituen arren. Zuzeneko emanaldietan, adibidez, jotzen dituzten abestien «%90 inguru» haien errepertoriokoak izan ohi dira, baina moldaketaren bat edo beste egitera ere ausartzen dira; esaterako, Itoizen “Hegal egiten” kanta jotzen dute, haien estilora ekarrita.
Euskal Herriko runba taldearen sorterrian bertan grabatu, nahastu eta masterizatu dute, Hernanin (Gipuzkoa). Lan horien arduraduna Oh Brother estudioko Iñigo Egia izan da; diseinua eta bideoklipa Ximon Agirrek eta Arantxa Vidalek egin dituzte. Gainera, kolaborazio bat ere izan dute: “Soledad” abestiaren hitzak Iñaki Iradik idatzi ditu.
2020an Gaztearen Entzuleen Saria irabazi ostean, etorkizunari «itxaropentsu» begiratzen diote Kilimak taldekoek: udara begira «ahal bezain kontzertu gehien ematea eta ikus-entzuleak dantzan jartzea» dute xede.