Musika

Ane Eslava

2021.02.27

Ane Eslava

Bizitakoan atzera egin, bizitakoari kantatzeko

Aurreikusi ezin izan gabe heltzen dira bizitzara gertaera batzuk, ezustean hartuz norbera. Behin igarota, ulertu ahal izaten dira; azaltzeko, ordea, haiengandik aldendu, eta kanpotik begiratu behar zaie. Atzekoz aurrera. Eta orduan, bai, esplika daitezke. Beltxarga beltz esaten zaie halakoei. Ibil Bedi talde nafarreko kanta idazleek antzeko prozesu bat egin dute azkenaldian: bizitzara heldu zaizkien gauza batzuengandik distantzia hartu, eta ondoren, haiei kantatu diete. Atzerako urratsak eginez, aurrera ibiltzeko. Eta halaxe deitu diote taldearen lan berriari: Beltxarga beltza.

ib2

Eder Escalera + Areta Senosiain + Javier Larrañeta + Ibai Osinaga + Amets Aranguren = Ibil Bedi.

Prozesua paperezko figurekin gertatzen denaren gisakoa da: eginda dagoen forma bat hartuta, desegin ahalko duzu, paper arrunt bat lortzera iritsi arte, alderantzizko prozesuan; baina urrats berberekin ezingo duzu kontrako bidea egin. Ibai Osinaga eta Amets Aranguren abeslari eta letren sortzaileen kasuan, aurreneko diskoan bizitzen ari ziren edo bizi izandako arazo batzuk islatu zituzten, eta horien barrutik hitz egin zuten. Bigarren honetan, auzietatik atera, atzera egin, eta beste toki batzuetatik egin dituzte kantuak; zauriak bere horretan erakutsi gabe. Osinaga: «Eginak daude beltxarga beltz horien inguruan; gertatu dira arazo horiek, edozein direla, eta joan gara atzera, horiek ulertzeko. Erantzuna bilatu diegu arazo horiei».

11 kantuk osatzen dute diskoa, eta batean Anari Alberdi kantariaren ahotsa entzuten da. Osinagaren etxeko estudioan grabatu dituzte, Irunberrin (Nafarroa). «Kantu batzuk uda hasieran grabatu genituen, beste batzuk beranduago… eta beldurra genuen, soinu aldetik ez ote ziren oso ezberdinak izango; baina uste dut lortu dugula diskoak osotasuna izatea», adierazi du Osinagak. Patxadaz hartu dute prozesua, kantu bakoitza mimoz landuz, eta «oso gustura» daude emaitzarekin: berena sentitzen dute. Atzo eman zuten argitara diskoa, eta martxoaren 13an aurkezpen kontzertu bikoitza egingo dute, Iruñeko Katakraken.

Esaldi bat, eta autotunea
Lehen lanean erakutsitako estiloa eta soinua berretsi egin dute bigarrenean, eta, halaber, beste bide batzuk probatu dituzte, esperimentatuz, hein batean; beren soinutik gehiegi aldendu gabe. Esaterako, “Enegarrenez” kantuak 1:37 minutu irauten du, eta esaldi bakarra; eta “Hiraeth”-en, autotune nabarmena erabili dute. Osinagarentzat, bi kantu horiek dira «berezienak».Horri lotuta, Arangurenek azpimarratu du, musikalki bide bat hartu arren, hortik nahi bezala aldentzeko askatasunaren garrantzia: «Halako zerbait egiteko gogoa genuen, eta burura etortzen zitzaigun igual joaten zela gure estilotik. Baina, zein da gure estiloa? Egin behar dugu dena lehen diskoan bezala? Ez du zertan». «Aurrekoan igual ez ginen gu guztiz, oso denbora motzean grabatu genuelako. Orain, denbora izan dugu geure estiloa bilatzeko, eta konturatu gara agian zabalagoa dela», erantsi du Areta Senosiain biolin jotzaileak.

“Aurreko diskoan igual ez ginen gu guztiz, oso denbora motzean grabatu genuelako. Orain, denbora izan dugu geure estiloa bilatzeko, eta konturatu gara agian zabalagoa dela”

Hitzen mesedetara sortu dute musika. Hitzak pertsonalak dira, eta lehen lanekoak baino baikorragoak; ez dira sumatzen orduan agerikoak ziren zauriak. Lehenengoa galera sentimenduak zeharkatzen zuen; hau, ordea, maitasunak, edo maitasunek. «Sortu den zerbaitez idatzi dugu, lortu dugun zerbaitez», zehaztu du Osinagak. “Hiraeth” kantuak dioen moduan, «nostalgiari nostalgia» jarri diote, «eta ahanzturari ahanztura».

Naturak toki nabarmena du abestietan: loreek, ibaiak, basoak. Baina pentsatu gabe sortutako zerbait dela azaldu du Arangurenek: «Gauzak esplizituki esatetik urruntzen naizenean, halakoak ateratzen zaizkit». Harentzat, kanturik «bereziena» “Egurrezko eskuotan” da, asko landu duelako, lehen aldiz kantatu duelako berak bakarrik —koruak egin ohi ditu—, eta estimatzen duen artista bat izan duelako aldamenean, Anari.

Diskoa zabaltzen duen kantuak “Beltxarga beltza I” izena du, eta ixten duenak, “Beltxarga beltza II”; eta biek zerikusia dute lanaren kontzeptuarekin: lehenengo kantua entzutean, ezin da ulertu zer dioten hitzek, baina, amaierara iritsita, azkenekoa entzunda, konprenitzen da zer zioen lehenengoak; alderantzizko prozesua egin beharra dago.

Diskoaren azala Mikel Tristanek sortu du, eta «betean asmatu» duela diote. Kantuekin bat eginez, diseinu soila da, baina «oso neurtua».

Krisi betean eman dute lana, eta kontziente dira testuinguruaren mugez; badakite ez dela «momentu ona», baina argi dute ezin zirela zain gelditu. «Gauzak egin behar dira, bestela, gero eta txikiagoak egingo gara. Eta ez badugu guk egiten, inork ez du guregatik egingo», laburbildu du Senosiainek. Gainera, egungo baldintzak haientzat ez dira guztiz desegokiak. «60 pertsonako edukiera gure edukiera da, eta arratsaldeko zortzietan jotzea ez da arazo bat guretzat», aitortu du Javier Larrañeta baxu jotzaileak.

Lehen kontzerturako sarrerak 24 orduan amaitu ziren, eta taldekideak «harritu» egin ziren; beste emanaldi bat antolatu zuten, eta bi orduan bukatu ziren. Ikusmina bada, beraz. Kontzertu horiez gain, martxoaren 26an Irunberrin (Nafarroa) izango dira, eta 27an Lekunberrin (Nafarroa). Hortik aurrera, kontzertuak emango dituzte Ezdagohilda festibalean, Iruñean; Bergaran (Gipuzkoa), Lakuntzan (Nafarroa), Larrabetzun (Bizkaia), Erriberrin (Nafarroa) eta Laudion (Araba).

ETIKETAK:Amets ArangurenAnariIbai OsinagaIbil BediJavier Larrañeta