Musika

Nora Arbelbide

2015.10.18

Nora Arbelbide

Bizi osoko esperientziarekin

“Boza aski ontsa nuen azken denbora horietan, eta deliberatu dut lan horren egitea», dio sinpleki Jean Mixel Bedaxagar kantari txirulariak Belatxa (Elkar) diskoa aipatzerakoan. Bizkitartean, laugarren disko horretan sartu dituen “Belatxa” eta “Bereteretxeren kantorea” herri kantuek, adibidez, bizi guztiko esperientzia diote galdetu.

6408964-2

Jean Mixel Bedaxagar, diskoaren aurkezpenean. (Bob Edme)

Orain arte, prest ez balitu bezala zituen. “Belatxa” kantua emateko lan anitz egin duela aitortu du Urdiñarbeko artistak: «Bizi guzia gosta zait “Belatxa”-ren menperatzea. Emateko behar bezala, nik nahi bezala, ene ahalen arabera». “Belatxa”-ren ematea «performantzia bat da», haren iduriko: «Biziki gora joaten da kantua». Kantuak anitz liluratu duela egiaztatu du. Kantuaren doinua hegaztiaren bizitzeko maneraren bide beretik doala, nolazpait. Tonu apalak eta goian direnak nahasten ditu. Hegaztia ere horrela bizi da: «Bizi da leizeetan. 30 metro barna arte joaten da. Han lumatzen da, populkatzen. Eta, leizetik ateratzen delarik, biziki gora joaten da». Kantu horren lantzeko erreferentzietako bat Ximun Haranen grabaketa lanak izan dituela azaldu du. Anitz bermatu da lan horretan.

“Bereteretxeren kantorea” ere denbora eskatu dion beste kantua da. Ez baitezpada kantuaren zailtasunarengatik, baina bai ordu arte ez zuelako atzematen «gustukoa» zitzaion doinurik. Eta azkenean aurkitu du bat: «Bat biziki ederra. Santa Grazitik ateratzen dena da».

Captura de pantalla 2015-10-08 a la(s) 10.26.15
Gainerateko kantuen artean, baditu, bai, herrikoiak, baita berak idatziak ere: «Maite ditudan kantuak ezarri ditut. Hobekien menperatzen ditudanak mementoan. Gero, besterik ere banuke. Baina geroa ez baita gurea». Ezarri dituen kantu berrien artean, “Gaztaroko amodio zauritua” sartu du: «Aspaldi hasia nintzen kantu horren egiten. Eta moldatu dut orain». Beste bat “Aro berria” du. Bedaxagar bera aro berri batean sartua dela azaldu du: «Erretretan bainaiz. Denbora gehixeago badut lehen beti ebaska egin ditudan gauzen hobekiago egiteko». Kantu horretan dioena lortuko duelakoan: «Ontzia ez baldinbada urtez bete errada, ontsalaz han edenen da dagün bi hamarkada». Horiek erranik, diskoa bera, eta orohar kantatzea: «Enetako da ene buruari plazer egitea, kantua maite baitut eta besteei plazer egitea ere bai. Gazteei bereziki. Sedukzio bat da. Ez dakit erdietsiko dudanez, baina hori da». Behin, aitaren garaikoa zuen lagun min baten etxean zen: «Behin galdegiten dit: Ari hiza beti kantan?». Eta Bedaxagarrek ihardetsi zion lanez itorik zela eta guti ari zela. Ez zuela kantatzeko gogorik. Eta lagunak erran: «’Jainko onak boz eder bat eman dik. Behar duk kantan ari guri plazer egiteko‘». Ondorio bat atera zuen, beraz, Bedaxagarrek: «Orduan, norbaitek galdegiten banau Bilbotik, edo Iruñetik, edo Baionatik, hori beti gogora heldu zait. Galdegiten baldin bahaituzte, erran nahi dik nahi haituztela. Eta orduan ematen du motibazio bat».

Diskoak orotara hamalau kantu biltzen ditu. Batzuk a cappella kantatzen ditu; besteak, txirulak lagundurik, “Belatxa” bezala, hain zuzen. Baditu pianoarekin eta arrabitarekin ere. Mixel Etxekopar ukan du boz, txirula, ttunttun eta pizzicatoarentzat. Sacha Carlos arrabita, piano eta moldaketentzat. Zuzeneko bat eskaintzekoa du Zuberoan, baina eguna ez du oraindik erabat finkatua.

(Berria egunkarian, 2015eko urriaren 16an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:ElkarJean Mixel BedaxagarMixel Etxekopar