2023.09.05
Musikaz bustiko da Donostia bihartik igandera, eta hiriko hainbat txokotan izango da doinu eta estilo ezberdinez gozatzeko parada; “mimo handiz” sortutako jaialdi bat dago horren atzean: Boga Boga festibala. Antolatzaileen arabera, “jaialdia baino gehiago, musika festa bat” izango da, egitarau oparo batek hauspotua. Ginmusicak eta Dabadaba aretoak antolatu dute, hutsune bati erantzuteko asmoz: hirian bertako DNA duen musika independentearen aldeko jaialdi bat izatea. Lehen aldia izango du festibalak, baina printzipioz, ez da azkena izango.
Askotariko musika estiloak izango dira entzungai: punka, elektronika, cumbia, popa, trapa… Hala azpimarratu dute, umorez: “Musika estilo bat baino gehiago, estiloa duen musika egongo da”. Festibala bihar hasiko bada ere, ostiraletik igandera izango da jaialdiaren mami nagusia.
“Ilusio handiz” eta “gogotsu” daude antolatzaileak. Sergio Cruzado jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, gertuko egitasmoa izango da, transbertsala. Halako jaialdi baten premia adierazi du: “Saiatzen gara musika hainbat espaziotan ospatzen, eta espazio alternatibo bat sortzeko beharra genuen”.
Doakoak izango dira kontzertuetako batzuk; Ondarretako hondartzakoak, kasurako. Baina beste batzuetarako beharrezkoa da sarrera erostea. Salgai daude dagoeneko Boga Boga festibalaren webgunean, eta, azaldu dutenez, martxa onean ari dira saltzen. Jende andana espero dute. “Sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen Txillida Lekurako”. Hara iristeko, autobus zerbitzua ere jarriko dute: 18:30etik 21:00etara, hamar minutuan behin abiatuko dira Galarretako aparkalekutik, Errekaldeko Topotik eta Lurraldebus autobus geltokitik. Antolatzaileek azaldu dute jaialdi jasangarria izateko hainbat neurri hartu dituztela, hala nola edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte.
Elkarlanean
“Elkarlanean” atondu dute Boga Boga jaialdia, eta garrantzia eman nahi izan diote horri. Kolaboratzaileetako bat da Euskal Itsas Museoa. Jaialdian parte hartuko du, eta azalpenak eman ditu Xabier Alberdi museoko zuzendariak: “Artista erresidentzia bat izango da larunbatean eta igandean. Hiru artistak zuzenean egingo dute artelan bat Ondarreta inguruan egongo den eszenatokian”. Horietako bat Ainara Azpiazu euskal margolaria izango da. Museoko hiru tina margotuko dituzte.
Jaialdiak irauten duen bitartean, Boga Boga Metal Fest ere ospatuko dute Dabadaba aretoan. Hiru kontzertu izango dira larunbatean: Dravernue, Biersbreaker eta Punto Muerto. “Duela urte batzuk utzi zioten antolatzeari. Haiekin hitz egin genuen, eta berreskuratzen lagundu diegu”.
Giroa ez da faltako Donostian. Kontxako Banderarekin bat egingo du jaiak, gainera; ez da kasualitatea, hortik tiraka baitator jaialdiaren izena. Mezua bidali dute: “Gozatu asteburua”.
EGITARAUA
IRAILAK 6
Kutxa Kultur klubean
21:00. Marcelo Criminal.
22:00. Caribia.
IRAILAK 7
Kutxa Kultur klubean
21:00. Nuria Graham.
22:00. Marina Herlop.
Dabadaban
23:00. Jai sorpresa.
IRAILAK 8
Ondarretako hondartzan
16:00. Dharmacide.
17:00. Irenegarry.
18:00. Simona.
Miramar jauregian
18:30. Javi P3z.
19:15. Pogo.
20:30. Belako.
21:45. Panda Bear & Sonic Boom.
23:00. La Femme.
Dokan
00:00. Nahia Novo.
02:00. Malakias.
04:00. Yakintza.
Dabadaban
00:30. ALVVA.
03:00. INVT.
IRAILAK 9
Ondarretako hondartzan
14:30. Bariri.
15:45. Vatocholo.
17:00. Lukiek.
18:15. Joe Crepusculo.
19:15. Amantes del Futuro.
Txillida Lekun
20:00. Verde Prato.
21:00. Anari.
22:15. Julieta Venegas.
Dabadaban
Boga Boga Metal Fest: Dravernue, Biersbreaker eta Punto Muerto.
00:30. LaMia Mari.
02:30. Tayhana.
04:30. Piel Mixta.
IRAILAK 10
Ondarretako hondartzan
15:30. Brava.
16:45. Hofe x 4:40.
18:00. J Martina.
19:15. Margarita Quebrada.