Musika

DISKO KRITIKA: ‘Bideak’ (2zio)

2zio

Info7 irratiak 2011n ateratako Rap Herria bilduma gomendagarrian ezagutu nuen Lapurdiko 2ZIO taldea. Pausuz pausu abestiak harrapatu ninduen, beste hamazazpien artetik. Euskarazko hip hoparen osasun ona islatu nahian argitaratu zuten bilduma. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, M.A.K., Bad Sound System, Norte Apache, ZTK Rap edo Goienetxe Anaiak taldeek. Nolanahi ere, 2ZIO banda izan zen harrapatu ninduena. 2010ean sortu zuten Odei Barroso eta Jo Olaskoaga lapurtarrek eta Gorka Rodriguez bizkaitarrak. Hiru urtera iritsi zen Pausuz pausu lehen diskoa. Bideak da bigarrena, atera berria. Urratsa da, bere osotasunean. Atmosfera ilunekoa, sentitua eta kritikoa. Diskoaren edizio fisikoan hitzak irakurtzeko aukerarik ez dagoenez, adi entzun beharrekoak dira abestiak.

Selektah Kolektiboa taldeak sortu zuen fenomenoa —bai, ezta?— gaindituta, ez da euskarazko rap talderik izan gazteekin eta oro har musika zaleekin bat egin duenik. Hurbildu dira hainbat, eta interesa piztu dute. Ordea, irratietan txokorik ez da beraientzat, eta beraz, bestelako bideak jorratu behar dituzte.

Xolomo Gangsta irratsaioa izan da salbuespena, eta baliteke entzule fidelek 2ZIO taldea ezagutzea. Lapurdikoen bigarren lana aurten atera diren euskal ekoizpenen artean interesgarrienetakoa da.

Martxan jarri eta pausoak kontatuta, hamasei direla konturatuko gara. Hitz bat” abestiak ematen dio hasiera ibilbideari. Ele asko gordetzen ditu, adierazpen askatasuna aldarria izanik: «Zuk erran nahi duzuna, guk ere nahi duguna; hitzen aniztasuna». Erraietik atera zaie Gure barrenetatik”, barrua astintzeko asmoarekin. «Esperientzia txarrenetatik datoz ondoriorik onenak». Galdera existentzialak egiteko baliatu dute Nor nintzen ni” kantua, Urko abeslariaren esaldia oinarri hartuta. «Galdetzen ez duenak ez du erantzunik izanen». Programazio anbientalek ere epikotasuna eragin dezakete, Hotza” abestian bezala. Bideoklip bihurtu dute, hirukoaren aurpegiak eta letrak erakutsiz. Beldurrezko ipuina dirudi Bizitako denbora” piezak, baina gure bizitzaren alegia da. Aldiz, gaurkotasunarekin topo egiten du Diferentzirik ez da” abestiak. «Nahiz justiziak pertsonak ezberdintzen segitu, heriotzak guztiak berdinduko ditu». Ekialdeko musikaren doinuen gainean eraiki dute Zerua”, eta errimaz errima egiten dute posible beraien Jolasa”. «Bizitzaren eskolan ikasten, ahazten ez diren uneak idazten…» dio soul kutsua duen Karrikan” kantu ibiltariak. Abesti luze eta sentituena da Zaindu”. Malkoek ihes egin zidaten entzun nuen aurrenekoan. Senide bat galdu duenak ulertuko du.

Egungo bertsolaritzak erakartzen ez nauen bezala, gustuko dut euskarazko hip hop-a. 2ZIO bandak eta beste askok egiten dute posible. Lapurdiko bandak Donaixti, Oñati eta Tolosa bisitatu ditu azaroan, eta zuzenean nola moldatzen diren ikusteko aukera aproposa izango da. «Euskal rapa bizirik dago» diote, eta erabat ados nago.

(Berria egunkarian, “Errimaz urrats” izenburupean 2015eko urriaren 18an argitaratutako iruzkina)

ETIKETAK:2zioDiskoakGoienetxe AnaiakHemerotekaKritikakM.A.K.Norte ApacheSelektah Kolektiboa