Musika

Ainhoa Larrabe

2019.03.09

Ainhoa Larrabe

Bide berriak zeharkatzeko

Belaunaldi batek baino gehiagok izango ditu gogoan Kaixo” eta Ez gaitu inork geldituko” kantuetako doinuak. 31 urte dira, 1988an, Pasaian (Gipuzkoa), Urtz taldea sortu zela, eta bidea urratzen jarraitzen du rock bandak, zortzigarren diskoa kaleratu baitu orain: Zabaldu ateak.

8947300

Ander Hurtado de Saratxo, Jorge Sanchez, Dani Vicente eta Xabi Camarero Urtz taldeko musikariak, Bilbon. (Marisol Ramirez / Foku)

Lan berriarekin hirugarren aldi bat abiatu duela azaldu du Xabier Camarero gitarra jotzaile eta abeslariak, hura baita taldea sortu zenetik hona taldean segitzen duen partaide bakarra. Ander Hurtado de Saratxo perkusionista, Dani Vicente gitarrista eta Jorge Sanchez baxu jotzailea gehitu zaizkio oraingoan; eta, dioenez, Urtzen «berezko izaera» mantendu duten arren, doinu «berritzaileak» ditu zortzigarrenak. Taldekide berrien ekarpenarekin lotu du Camarerok hori. «Beraiek animatu naute diskoa egitera: egitasmoan izan duten inplikazioa erabatekoa izan da, eta doinuetan asko nabari da». Atzo egin zuten zortzigarren diskoaren aurkezpena, Bilboko Bira kulturgunean; eta, iragarri dutenez, hilaren 22an egingo dute aurkezpen kontzertua, Bilborock aretoan.

Hamar abestirekin ondu dute lana, eta Europako Batasunak immigrazioaren auziarekin duen jarrera salatzen du diskoari izena ematen dion Zabaldu ateak kantuak. Interpretaziorako bidea zabalik utzi du Camarerok, baina. «Ateak zentzu askotan utz daitezke zabalik: berdintasunaren ateak, askatasunarenak, maitasunarenak… uste dut ate bat zeharkatzen dugun aldiro aukera berri baten aurrean gaudela, eta hori da nabarmendu nahi genuen ideia». Rock eta pop doinuei tiraka jarraitu dute, eta, orain arteko diskoetan bezala, balada bat ere sortu dute diskorako: Argia”. «Pello Ramirez txelo jotzailearen laguntza izan dugu kantuan». Ramirezen kolaborazioa ez da bakarra izan, Alex Sardui Gatibu-ko abeslariak ahotsa jarri baitio Aurpegi hori” kantuari. «Irudi lezake maitasunaren gaia abesti guztietan azaltzen dela, eta neurri handi batean hala da. Bihotza eta maitasuna, sarritan erabili izan ditu bandak».

Taldeak hiru hamarkada dituen arren, esperientzia berritzat du oraingoa Camarerok, eta behin baino gehiagotan azpimarratu du Hurtado de Saratxo, Vicente eta Sanchez taldekideei esker egin duela aurrera Zabaldu ateak egitasmoak. Urtzen ibilbidearen errepasoa egin du azalpenak emateko. «1988. urtean hasi genuen bidea, eta, momentu egokia zelakoan, 2003an erabaki genuen etapa horri bukaera ematea. Gainera, denbora tarte horretan, taldekide berriak gehitu ziren egitasmora». Camarerok, Josu Ariztegi, Asier Arocena eta Victor Arguellesekin abiatu zuen egitasmoa, 1980ko hamarkada bukaeran. 2001ean, baina, bosgarren diskoa kaleratu zutenean, Javi Estella eta Ritxi de Barrenetxe musikariek hartu zuten Arozena eta Arguellesen tokia.

Hiru urteren ondoren erabaki zuten taldea uztea. «Ez genekien berriz bueltatuko ginen edo behin betirako geldiunea izango zen». Bizkaiko hiriburuko Bilborock aretoan egin zuen Urtzek agur emanaldia; eta, hain zuzen, horixe da Zabaldu ateak lana oholtza berean aurkeztearen arrazoia. «Azken kontzertua egin genuen tokira bueltatuko gara geure burua aurkeztera».

Partaide berrien ekarpena
Taldea ez zen behin betirako isildu, baina: hamar urteko geldialdiaren ondoren, Astirolana kaleratu zuten sorreran izan ziren lau musikariek, 2013an. 25. urtemugaren karietara bildu ziren Camarero, Ariztegi, Arguelles eta Arozena, eta orduko bizipenak izan ditu abeslariak gogoan. «Hasierako partaideak elkartu eta oholtzara itzultzea iraganera bidaia izan zen. Aspaldi ikusi gabeko jendearekin elkartu ginen, eta oso aberasgarria izan zen guretzat».

Sei urte joan dira ordutik, eta partaide berriekin ondu du Camarerok zortzigarren lana. Horregatik dio musika taldearen hirugarren aldia dela oraingoa. «Zalantza asko izan ditut proiektu honi buruz, eta taldekide berriei esker kaleratu da zortzigarren diskoa».

ETIKETAK:Alex SarduiGatibuPello RamirezUrtzXabi Camarero