Musika

badok

2021.09.08

badok

“Bidaia intergalaktiko” batean murgiltzeko gomita egin du Diabolo Kiwik

Diabolo Kiwi taldeak bere lehen disko luzea kaleratu du gaur. Uhin galduak izenburua du Donibane Garaziko laukotearen abesti multzo berriak, eta “bidaia intergalaktiko batean” murgiltzeko gomita egiten dio entzuleari. Dagoeneko entzun dezakezu hemen.

Diabolo Kiwi berri berria

Allande Etxeberri + Amaiur Epher + Leire Iribarne + Julen Etxeberri = Diabolo Kiwi.

Diabolo Kiwi 2016. urtean sortu zuten Allande eta Julen Etxeberri anaiek (baxua eta bateria, hurrenez hurren), Amaiur Epher gitarristak eta Leire Iribarne abeslari eta teklatu jotzaileak. Hiru geroago lehen grabazio laburra kaleratu zuen, bost abestiz osaturiko Kokinkeria fini lana. Taldea Euskal Herri osoan ezagutzera emateko zeregina bete zuen disko hark, besteak beste Berri Txarrak-ek Kobetamendin (Bilbo) emandako kontzertu jendetsuaren atarikoan jotzeko aukera eman baitzion. Taldeak berak hartu zuen lan haren grabazioaren ardura, baina bere lehen disko luzerako James Morgan teknikariarengana jo dute garaztarrek eta haren Magic Box estudioan grabatu zituzten iazko abenduan diskoko bederatzi abestiak. Besteak beste, Urgatz taldearekin lan egindakoa da Morgan. Bi diskoen artean, Herri Urrats jaiaren 2020ko abestia sortu zuen, “Gaki ge”.

Diabolo Kiwi eta James Morgan

James Morgan eta Diabolo Kiwiko kideak, Magic Box estudioan.

Freskoa, baikorra eta dantzagarria zen Kokinkeria fini. Oraingoan berriz, “aire ilunagoak” dakartza laukoteak, konplexutasun handiagoko lana ondu baitu entzulea “bidaia intergalaktiko” batera gomitatuz. Ildo horretan doa Camille Orain artistak diseinaturiko azala eta “Zitokinen ortzantza” lehen singlearen bideoklipa ere. Zuzenekoetan ere estetika berria azalduko du taldeak, argi eta soinu . Diskoaren lehen aurkezpen kontzertua datorren larunbatean emango dute, Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulo gaztetxean, Martin de Marte taldearekin batera.

ETIKETAK:Diabolo Kiwi