Musika

Nora Arbelbide

2015.06.03

Nora Arbelbide

Bi kantu 20 urteak ospatzeko

Heldu den uztailaren 3, 4 eta 5ean iraganen da EHZ Lekornen. 20 urteak dituela ospatzekoak orduan. Eta karia horretara, urteurrena markatzeko asmoz, aintzin dasta gisa, bi kantuekin dator jada jaialdia.

Gaur bertan bien gozatzeko aukera eskaintzen du badok.info-k.

Bi kantuen musikak David Ondars eta Paxkal Irigoienek dituzte idatziak. Bien hitzak, berriz, EHZkoenak dira, taldean idatziak. Azken 20 urteetako EHZren bilakaeraren laburpen poetiko bat azaleratzea dute ideia.

‘Urtero sortzen’ da lehen kantua, kantua baino, irakurraldi poetiko bat  bezala ere deskribatu daiteke agian, gitarra batek lagundua. Kamila Zubeldia eta Aguxtin Alkhat dira irakurle, eta baita gitarra jole.  Biolina Xabi Etxeberrirena da hemen ere.

Bigarrena, ‘Herri bat oihal etxeetan’ izenburukoa, dantzatzeko gogoa eragiteko erritmoan idatzia dute, funk erritmotik hurbil edo. Kamille Dizabo du kantari nagusia. David Ondars ‘Goliath’ eta Paxkal Irigoienen ahotsak ere baditu lagun. Funtsean, ahotsez gain, instrumentuetan ere ari dira azken bi hauek. Jokin Irungarai ari da perkusioetan eta Xabi Etxeberri biolinan.

Bi grabaketa eta soinu egokitzeak Pako Etxebersek ditu egin.

Hona hemen bi kantuen hitzak:

Herri bat oihal etxeetan

Pentze huts zena, lantzeko gaia zuena
hartu genuen eskuetan
Musikaz josiz, eztabaidaz inarrosiz
elkarlanaren uhinetan
betez gorpuzten, ez al duzue ikusten
herri bat oihal etxeetan

ez geldi lotan, zato Garrotu
Mugetatik at, nahiak harrotu
sentitu parte ta parte hartu
herritik erein herria sortu

Sortzen duenak lortu dezake
bere bidea marka dezake
Arrosan hasi ta orain arte
urtero sortzen, 20 URTE!

Egin, ikasi, hartu-emanean hazi
bakoitzak parteka dezala
aldaketaren, koloretako brigaden
elkargune da festibala

Zer ta nor giren erran ziguten
beren izena eman ziguten
beren gisara nahi gintuzten
nor bagirela ahantzi zuten  /

ez geldi lotan, zato Garrotu
Mugetatik at, nahiak harrotu
sentitu parte ta parte hartu
herritik erein herria sortu

Sortzen duenak lortu dezake
bere bidea marka dezake
Arrosan hasi ta orain arte
urtero sortzen, 20 URTE!

Urtero sortzen

Ez naiz izarretako hartz handi hura,
gure mendi xokoetan jaiotako hartz ttipia baizik.

Zuk, hark, hik
Arrosako esku kolpez,
Idauzeko esku hartzez,
Heletako esku lanez,
Lekorneko esku zartez,
izan naiz
20 urtez.

Haiekin, enekin, xurekin
Irri ero,
herri bero,
berri lehengo
naiz
urtero.

Zuentzat, beretzat, guretzat
Egoitetik egitera
erraitetik izaitera,
hor zena ontzen,
lotuz lortzen
noa
sortzen.

Eta segituko dut
izan naizenaz elikatuz
naizena erditzen,
naizenaz izanen naizena gorpuzteko ;
20 urtez urtero sortzen.

ETIKETAK:Aguxtin AlkhatDavid OndarsEHZPAntxoa Irigoien