2014.10.20
Bertan ez dagoela ez haize, ez soka, ez pianoa, ez txirula, ez tronpeta, ez eta gaitarik ere abisatzen du disko barneko testutxoak, umore puntu horrekin. Gauzak sinple bezain eraginkor. Bi ahots, bi gitarra eta Bi diskoa (Usaina Records). Eta, egiak bere bidea behar baitu, xilofoi bat ere noiztenka. Marieder Iriart-ek eta Kamila Zubeldiak osatu Saioa bikoteak hamar kantu aurkeztu ditu diskoan. Rock azentua hartzen duen folk akustiko bat du oinarri. Eta bi ahots indartsu eta aldi berean goxo dabiltzanak airean.
Bata The Sparteens taldean ari eta Paco ta bikotean aritua, bestea Unaman aritua, bakoitzak bere bide propioa izateaz gain, aspaldiko adiskidantza batekin josia dute Saioa taldearen lana. Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxeko Kuraiaren kontzertu batean zuten elkar ezagutu. Besta giroan, «musika talde anitzentzat gertatzen den bezala», gogoratu du Marieder Iriartek. Aspaldi zen hura. Ahantzia ere noiz zuzen. Baina segituan alkimiak funtzionatu zuela, horretaz oroitzen da Iriart. Bakoitzak bazekien bestea ere musikaria zela. Eta horrela hasi ziren pentsatzen zergatik ez zerbait elkarrekin saiatu, «zehazki jakin gabe zer eginen genuen». Geroztik, naturaltasun osoz joan da hazten haieen musika, haien harremana bezala: «Funtzionatzen du. Gure artean konposaketa lanak errazki jalgitzen dira. Naturalki», dio Iriartek. Horrela ere ikus daiteke agian beren musika. Naturaltasun batean murgildua. «Beti batak edo besteak duen ideia batetik gara abiatzen. Gitarra akorde batzuetatik edo melodia batetik». Eta hortik haste, elkarrekin. Kantu batzuekin segidan, besteekin, elkar osatzen, denborarekin ontzen. Grabaketa osoa Iriarten gurasoen etxean egin zuten, Donibane Garazin, eta errepikak Heletako (Nafarroa Beherea) Zubeldiaren etxean dituzte. Arratsalde osoak hor, kantuak lantzen, solasean, saiatzen, berriz hasten, batzuetan asmatzen, besteetan zailago. Olerki liburu, arratsalde askari eta gitarrekin. Une preziatuenetakoak bi neskentzat.
Erabaki «instintiboa»
Eta, halako batean, erabakitzen hor dagoela kantua. «Instintiboa da». Kantua hor dute, «gustura jotzen dugulako, isurtzen delako». Hitzen aldetik, guztiak berriz hartuak dituzte, ez dute haiek berek idatzirik.
Musika eta melodia konpositore bada bikotea, hitzen aldetik, nahiago direnekin egin: «Koherenteago sentitzen naiz horrela». Iriart bera, adibidez, ez da idazteko hain gai sentitzen. Eta ez zaio hain egoki iruditzen. «Idaztea, idazteko. Bide batez, gainera, bizi berri bat ematen zaie hitzei», beti Iriarten hitzetan. Liburuen artean, Iriartek aspalditik gordea duen Oraiko olerki sorta bat / Anthologie de la poesie basque contemporaine (Centre Culturel du Pays Basque, 1988) liburua dute. Zubeldiak anitz ditu Sarrionandiarenak, baita beste andana bat. Badago Ataramiñeren Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak (2004) bildumatik hartu den bat ere. Iñaki Rekarte Ibarrarenaren (1971, Irun) Karramarroa eta sorgin bertsolaria ipuinetik hartu azken bertsoa da. Gainerateko idazleak, Jean Diharce Iratzeder, Nemesio Etxaniz, Luis Mari Mujika Urdangarin, Luigi Aselmi, Patziku Perurena Loiarte eta Joseba Sarrionandia bera dituzte.
Eta, gero, badira zenbait kantu, jadanik kantu direnak, haiek berriz landuak. Horien artean, Idoia Lopez Riañoren Bai baleki kantua. Skunk taldeak bere lehen diskoetako batean ezkutatutako kantua du, Idoia Lopez Riañok berak kantatua. Ondotik Skunk berak berriz hartua Gaur olerkiak bihar presoak Euskal Herrirat diskoan. Aldi honetan Saioak bere gisara ematen du. «Gustukoa nuen jatorrizko kantua bera. Gero, Skunkek ska erara moldatu zuen; interesgarria iruditzen zitzaidan berriz ere beste gisa batez lantzea». Beste bertsio bat: Willis Drummond taldearen Usain epela kantua da. Kantu horren hastapena nolabaiteko txantxa bat izan zen. Saioak zuzeneko emanaldi bat Willis Drummond taldeko kide baten etxean eman behar zuela eta, halako sorpresa bat egitea zen ideia. Emaitza guztiek gustukoa ukan zutenez, diskorako atxiki zuten.
Oro har, bertsioak gustuko ditu Iriartek: «Kantuari beste bizi baten emateko aukera dela iruditzen zait». Ez da kasualitatea The Sparteensen ere horrela aritzea «Badago koherentzia bat», dio erdi irriz Iriartek.
(Berria egunkarian, 2014ko urriaren 19an argitaratutako artikulua)