Musika

Mikel Lizarralde

2018.01.04

Mikel Lizarralde

Beterano azalberrituak

Neurri batean beren burua berrasmatu dute Xabier Montoiak eta Rafa Ruedak beren azkeneko diskoetan, eta azal berri hori nabarmendu dute BERRIAko musika kritikariek urteko uztari gainbegiratua egitean. Kaskezur taldeak, berriz, lan isila egin du urteetan, eta Azpisugeak azken lanak oso kritika onak izan ditu.


INAXIO ESNAOLA ARANZADI
Musika kritikaria

Urte ona izan da Euskal Herriko musikagintzarentzat. Bereziki ona euskaraz abesten duten talde zein bakarlariei esker. Argitalpenen poltsa handia da zinez, oparoa eta askotarikoa. Ohikoa bihurtu da hori gurean. Argitalpen asko infrasoinu gisara igaro dira irrati eta hedabide orokorretatik. Ohikoa da hori ere.

Kaskezur. Azpisugeak (Autoekoizpena)
Berriz ere istorio bera. Duela lau urte gertatu bezala, euskarazko rock disko onena argitaratu du Kaskezur talde nafarrak. Badirudi laugarren lana ez dela oharkabean pasatu, zorionez. Laukotea berritu arren, Iñigo Iturriak eta Ion Mindegiak berretsi dute zein sortzaile finak diren. Gitarra jotzeko eta kantatzeko ere bai. “Lore sorta” eta “Azpisugeak” kantuak ez dira klasiko bihurtuko, ez dira karaokeetara iritsiko, baina hain dira ederrak. Diskoa bezainbeste.

Kaskezur arg

Kaskezur taldeak laudorioak jaso ditu ‘Azpisugeak’ diskoarekin.

Pet Fennec. Mount Pleasent (Milagros a LOUR).
Londres utzi eta Donostiara itzuli zen Urko Eizmendi. Asko ekarri zuen atzerriko egonalditik, eta asko da Mount Pleasent estreinako lanetik gozatu daitekeena. Poparen unibertso zabalaren altzotik melodia gozo eta biziak sortu ditu. Entzunaldiekin, diskoak gordetzen dituen zirrarak askatzen dira, eta merezi du horiei tartea eskaintzea. “Richmond” kantua da laneko altxorretako bat, eta ez da bakarra. Itzulera magikoa.

Rafa Rueda. Hiri kristalezkoa (Elkar)
Eskuzabala da beste musikariekin, eta esker ona bueltan jaso ohi du Rafa Rueda bizkaitarrak. Hiri kristalezkoa lan kontzeptuala osatzeko bildutako hitzak ondo baino hobeto musikatu ditu. Panoramika ederra jaso du kantu batetik bestera. Atzera begira jarri dira sintetizadoreen melodiei eta instrumentuei lanketa berezia eskaintzeko. “Little Cowboy” kantuaren bideoklipak sortu zuen harridura ez da ezer lanak eragiten duenarekin.


ANDONI TOLOSA
Musika kritikaria

Xabier Montoia. Gorraizea (Gaztelupeko Hotsak)
Azkenean kaleratu du Montoiak bere ganberako diskoa. Urte batzuen ondoren, gauzatu du bere proiektu musikalik bereziena, eta emaitza ederra da, sendoa, heldua. Urteko diskorik borobilenetakoa, zalantzarik gabe. Pentsa zitekeen baino hobeto egiten dute bat gasteiztarraren pop munduak eta musika klasikoak, gehiegizko sinfonismoaren beste muturrean jarrita, eta noski, Ibon Rodriguezen lan bikaina tartean.

Xabier Montoia (Jon Urbe / Argazki Press)

Xabier Montoiak hari laukote batekin grabatu du ‘Gorraizea’. (Jon Urbe / Argazki Press)

Beñat Axiari, Joseba Irazoki, Julen Axiari. Bas(h)oan (Elkar).
Disko hau zubi bat da, 1970eko belaunalditik datorren esperimentaziotik mende berriarekin sortutakora. Axiaritik Irazokira doana. Hemen dena da deskubrimendu, jolas, intuizio eta amets. Diskoa osatzen duten hamabi kantuetan zuberotar kantuetatik, Ipar Amerikako folk-rock garaikidera jo daiteke, ardien ezkilak eta slide gitarrak kantu bakarrean lotuz. Baina ez izutu: esperimentazioak ere melodia eder asko utzi ditu disko honen larruan, hobe esanda basoan.

Oso Fan. 21’44″ (Autoekoizpena).
Ez da makala Bassmatti donostiarrak eta Oriol Flores kataluniarrak disko honetan lortu dutena; hamaika aldiz entzunda ere aspertzen ez duen pop disko bat ondu baitute. Bere laburrean gehiagotan entzunda ere dirdirarik galtzen ez duena, eta kontuan hartu adjektiborik behar ez duen pop musika dela hau. Ez folk, ez rock, ez esperimental, ez klasiko… Hau pop musika da, melodia eder eta kantu laburrekoa, lelo erakargarri eta ahots joko sotilez betea. Bai, euskal pop musikak badu esperantzarik, oraindik.


IHINTZA ORBEGOZO
Musika kritikaria

Glaukoma. Kalima (Bonberenea).
Era berri bat hastekotan argitaratu zuten Kalima Glaukomako mutilek, eta lehendik ere Euskal Herri osoan sona lortzen ari baziren ere, lan hau izan da gaur egungo arrakastaraino eraman dituena. Jende gaztearen artean hip hopa eta reggaea modan dagoen garaian nahi gabean eta nahi dutena eginez formularekin bete-betean asmatzen jakin dute, publikoa erritmo horiekin dantzan jarri eta hitz zuzen bezain gordinekin publikoaren pentsaeran eraginez, gizarte hobe baten bila.

glaukoma

Bi disko labur atera ondoren, ‘Kalima’ lan luzea plazaratu du Glaukomak.

MICE. MICE (Autoekoizpena).
Miren Narbaizaren bakarkako lehen lana ahots propioa ezagutzeko ibilbidearen hasiera da, haren esanetan. Ez dakit aurkitu duen, edo inoiz aurkituko duen, baina argi dago bidea ederra izango dela, horrelako lehen pauso batekin ezin baitu besterik izan. Iluna bezain argia, garratza bezain gozoa, melodia eta distortsioa nahasten dira MICEren lehen lanean, eta tentuz jarraituko dugu, estreinako lana horrelakoa izanik etorriko direnek itxura ederra baitaukate.

Berri Txarrak. Infrasoinuak (Only in Dreams).
Ibilbide hasieratik Euskal Herrian eboluziorik handienetakoa izan duen taldea izango da agian Berri Txarrak, baina inoiz Berri Txarrak-en berezko zera hori alde batera utzi gabe, nortasun handiko taldea dela erakutsiz. Hardcore doinuak ageri zaizkigu, melodiaz bustiak guztiak, eta batzuetan gogorragoetara joz, aurreko disko hirukoitz hartatik pauso bat harago joan eta norabidea garbi dutela erakutsiz.


JULEN AZPITARTE
Musika kritikaria

Aukeratu ditudan diskoak aztertzen hasi baino lehen, 2017ak emandako disko-uzta aberatsa azpimarratu nahi dut, askotarikoa eta kalitate handikoa izan baita. Izan ere, Euskal Herrian egindako hiru disko nabarmentzea lan zaila izan da, iaz makina bat lan eder iritsi baitzaizkigu. Hala, zerrendan beste hauek ere egon zitezkeen: Balerdi Balerdi, Oso Fan, Vulk, Zazkel, Oki Moki, Melenas…

Kaskezur. Azpisugeak (Autoekoizpena).
Kaskezurren lana lehenengo seihilekoan gehien entzun dudan euskal diskoa izan da. 1990eko hamarkadako indie-rocketik edaten duen grabazioa da, gitarra zaratatsuekin eta melodia sendoekin josia, Ibai Gogortzak (Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunak) estudioan egindako lana ahaztu gabe. Dinosaur Jr., Sonic Youth eta Sebadoh taldeen ondarea bere egin, txikitu eta nortasunez erakusten jakin dute nafarrek. Hala, taldeak koska bat egin du gora diskotzar honekin.

Rafa Rueda. Hiri kristalezkoa (Elkar).
Ruedak bere estiloa berritzen jakin du gaztetako garaietara itzuliz; alegia, iraganera bidaiatu du pop elektronikoan bustitako doinu eztiak egiteko. Atzera begiratzen duen bidaia horretan Jon Agirrezabalaga (WAS) ekoizlea izan du bidaide, eta bien arteko elkarlanaren emaitza gozagarria, itsaskorra eta tarteka dantzagarria da. Rafa bere estiloaren heldutasunera iritsi da intuizioari jarraikiz, eta intuizio horren ondorioz gaztetako kemena berreskuratu du.

Rafa Rueda (Argazkia: Galder Izagirre)

Rafa Ruedak sintetizadorez jantzi ditu ‘Hiri kristalezkoa’ diskoko abestiak. (Galder Izagirre)

Xabier Montoia. Gorraizea (Gaztelupeko Hotsak).
2011n grabatutako Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts) diskoan bildutako bertuteak eta nobedade estilistikoak apur bat harago eraman ditu disko honetan Montoiak, betiere Ibon RG musikariaren ezinbesteko laguntzarekin. Hala, gasteiztarraren ohiko groove popzalea gordetzen duten kantuak soka-laukote baten konponketekin jantzi eta berritu ditu bikoteak, abesti minimalak baina intentsuak sortzeko. Montoiak inoiz baino hobeto abestu eta idatzi du disko honetan, eta kantuen hitzak berez genero bat direla erakutsi du.

ETIKETAK:Andoni TolosaBalerdi BalerdiBeñat AxiariBerri TxarrakDiskoakGlaukomaIbon RodriguezIhintza OrbegozoInaxio EsnaolaJoseba IrazokiJulen AxiariJulen AzpitarteKaskezurMiceOso FanRafa RuedaXabier MontoiaZazkel