2023.03.30
Betagarrik 2017ko uztailean eman zuen bere azken kontzertua, XX. Hatortxu Rocken. Aurten, baina, taldeak 30 urte beteko lituzke, eta, hori ospatzeko, bi kontzertu emango ditu. Lehenengoa abenduaren 30ean izango da, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Bigarrena, berriz, Bilboko Kafe Antzokian, 2024ko urtarrilaren 13an.
Betagarri 1993. urtean sortu zuten, ska-rocka ardatz hartuta, eta bere ibilbidean hamabi disko argitaratu zituen taldeak: besteak beste, Betagarri (1997), Arren erro zaharra (1998), 80/00 (1999), Arnasa hartu (2002), Zuzenena (2004), Hamaika gara (2006), Bizitzari txistuka (2009) eta Zorion argiak (2012).
Taldeak agur esan zuenean, Iñaki Ortiz de Villalva abeslariak Berria-ri adierazi zion une hartan ez zutela «indar eta ilusiorik» aurrera egiteko.