Musika

Jon Urzelai

2018.10.17

Jon Urzelai

Beste bat

Hamaika bider ikusi dut Willis Drummond zuzenean. 10 urte joan dira jada Zumarragako txosnetan lehen aldiz ikusi genituenetik, Sorkun & Vicepresidentes eta Foralettes taldeekin batera. Geroztik, lagunok askotan hartu dugu autoa Willis ikustera joateko, dela inguruko herrietara zein hain gertu geratzen ez zaizkigun beste zenbaitetara. Oroitzapen guztien artean, neuk batzuk nabarmenduko nituzke: astearte batez Gasteizko Parral tabernara egindako bidaia, Eibarren Borrokan-ekin batera ikusi genituenekoa edota Oiartzungo festetara haiek ikustera soilik joan ginenekoa. Tartean Andoain, Tolosa, Bergara, Arrasate, Bilbo, Usurbil, Donostia, Azkoitia, Beasain edota Larrabetzu, batzuk izendatzearren. Ezin aipatu gabe utzi, noski, Alegiko gaztetxeko lurrean kontzertua eskaintzen ari zirela ertzainek emanaldia geldiarazi zuteneko gau hura. Musikazale ororen anekdotariorako pasadizo paregabea denik ezin uka.

Willis zuzenekoa

Xan Bidegain + Jurgi Ekiza + Felix Buff = Willis Drummond 2018 (Jon Iraundegi)

Horiek nire hautuak, Intxaurrondon pasa den larunbatean izan ginenotako bakoitzak izango zituen bereak. Bertaratutako gehienak lagun zaharrak baikinen, agian ez lagun-lagunak, baina bai aurpegi ezagunak: kontzertuetan behin eta berriz ikusten dituzun horiek. Bai, badakizu, beste kontu horietan dabilen hura. Beste hori, bai, horixe bera. Betikoak. Gazte-gazte askorik ere ez, Willis Drummond entzutetsua bai baina inoiz ez baita talde masiboa izan. Zale fidelak ditu, ezer izatekotan.

Joseba Irazoki izan zen gauari hasiera emateaz arduratu zena. Aukeraketa bikaina, ezbairik gabe, Oso Banda formatuan ordu erdia nahikoa izan baitzuen gitarra, bonboa eta beste hainbat gailu perkusibo, txistua, armonika eta looper pedalaren laguntzaz giroa berotzeko. Errepertorioan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abestutako Irazoki faktoriako hainbat asmakizun ezberdin: segi porkulo hartzera, Caroline lelodun kantua (Neil Diamond?), Niko Etxart-en “Tumatxak” abestiaren dekonstrukzioa eta Bortzirietako country distortsionatu moduko bat, beste hainbat piezaren artean. Beste behin ere Irazokik argi utzi zigun Euskal Herrian dugun musikaririk handienetako bat dela, talentua soberan, teknika zein irudimen handiak eta lotsa gutxi dituena.

Ordu erdiko atsedenaldiaren ondoren, bozgorailuetatik zetorren Shellac taldearen “Prayer to God” abestia amaitu bezain pronto, azaldu ziren Willis Drummond. Taularatzea soila izan zen: hiru foku eta kolore ezberdinak hartzen zituen pantaila argitsu bat atzean zituztela –orain zuria, orain gorria– agertu zen egun hirukotea dena, “Ekiraino” abestia jotzera hitz-aspertu handirik gabe. Argia eta soinua halako emanaldi batek eskatzen duen mailakoak izango zirela argi geratu zen hasieratik bertatik eta berdin gertatu zen taldearen jardunarekin, gabeziarik apenas duen rock makina fina osatzen dutela berretsi baitzuten lapurtarrek. 19 abestiko errepertorioa osatu zuten ordu eta erdian, gehienbat beraien azken bi diskoetan oinarritua: Tabula Rasa eta A ala B.

Willis Drummonden zuzenekoak beti izan dira indartsuak eta larunbatekoa ere halakoa izan zen. Gabeziarik apenas duen rock makina fina osatzen dutela berretsi baitzuten lapurtarrek

Segidan jo zituzten “Athabasca”, “Ate ttipia”, “Ilegala”, “Aholkua”… beraien azken aldiko kantutegia osatzen duten abestiak, azken finean. Ezinbesteko bilakatu den Mikel Laboa-ren “Gaztetasuna eta Zahartasuna” ere entzun izan ahal zen, baita “Uztaia” eta “Ur gainean” ere, jada urrun geratu den Anthology lehen disko hartakoak. Ez zen sorpresarik egon: ez abesti ezustekorik, ezta akatsik ere exekuzioan. Kolaboraziorik ez, ez bertsiorik, ez konfetirik, ezta taldekide historikoen parte-hartzerik ere. Soilik Willis Drummond hirukotea, izerditan, bere kantuak bata bestearen jarraian jotzen. Publikoa gogotsu zen, agian halako zita batean nola jokatu oso ondo jakin gabe, beldurrez eta lotsatuta. Barrenak guztiz askatu gabe. Taldea ere, seguraski, antzera. Zaila izan behar baitu grabatuta geratzera doala ongi asko dakizun emanaldi batean naturala izateak. Ezin itxura behartuegirik eman, ezta zabarregirik ere. Hala, nahi gabe bada ere, musikarien zein entzuleon balantza kontentzioaren aldera mugitu zen gehiago itxurakeriarenera baino. Ez, Xanek xixatu arren, ezin esan genezake aretoa presio-eltze bilakatu zenik, ezta zita historiko-ustekoak deskribatzeko esamolderik erabili ere. Izerditu genuen, bai, baina Willis Drummondekin beti egiten den bezala. Gutxi ere ez da.

“Ez da izango” izan zen agian publikoa gehien piztu zuen kantua, bigarren diskotik hautatu zuten bakarra. “Joan ikustera” eta “Anai” kantuek ere gogotik mugiarazi zituzten entzuleak, eta konturatzerako, “Hondamendi hontan” kantuaren epikarekin egin zuten alde eszenatokitik. Berriz itzuli ziren “Komedia”, “Menperatzen dut” eta “Hobenduna” indartsu bezain zaratatsua eskaini eta atzera itzalean gordetzeko. Beste behin eta azkenekoz ere igo ziren oholtzara bigarren bis batean “Behin argian ezarrita” abesti luze eta intentsitate handikoa jo eta, oraingoan bai, emanaldia amaitutzat emateko. Beste bat, beste bat oihuek ez zuten beraien egitekoa bete eta zalegoa behin betiko agurtzera agertu ziren taldekideak. Felix airean hartu eta hara eta hona gidatu ostean, trasteak bildu eta kanpora irten ginen zaleok.

Publikoa gogotsu zen, baina barrenak guztiz askatu gabe. Musikarien zein entzuleon balantza kontentzioaren aldera mugitu zen gehiago itxurakeriarenera baino

Garra bazegoen, baina surik ez zen piztu. Leherketarik ez, energia soberan egonagatik. Willis Drummonden zuzenekoak beti izan dira indartsuak eta larunbatekoa ere halakoa izan zen. Ez bazinen bertan izan, lasai, ez da ezertxo ere pasatzen: CD eta DVDn argitaratuko dute emanaldia eta etxean gorde ahal izango dugu taldearen gaur egungo zuzenekoen testigantza zintzo bat, edonoiz sofako goxotasunean ikusteko. Ez zen zita ahaztezina izan, ez genuen herri gisa erantzun. Are gehiago, segur aski, ez zen ezer transzendentalik gertatu larunbatean. Zaleon memoriako beste kapitulu bat izango da, beste oroitzapen bat, honakoa behin eta berriz ikusi ahal izango duguna. Batzuentzat taldearen kontzertu gogoangarri horietako bat izango da, kuttun gisa gorde eta aitzakia izandakoan aipatuko dutena. Beste batzuentzat, agian, ez zen hainbesterako izan. Bideoan grabatu zuten kontzertu hura ere izango da, zer nahi duzue esatea, bertan egon izana ere ez da pasadizo txarra musikazale baten anekdotariorako. Intxaurrondokoa izan zen Willis Drummonden beste kontzertu bat. Ez gehiago, ezta gutxiago ere.

KONTZERTUKO KANTU ZERRENDA

  • Ekiraino
  • Athabasca
  • Atettipia
  • Ilegala
  • Aholkua
  • Uztaia
  • So
  • Gaztetasuna eta zahartasuna
  • Ur gainean
  • Joan ikustera
  • Ez da izango
  • Tresna
  • A ala B
  • Anai
  • Hondamendi hontan
  • ———–
  • Komedia
  • Menperatzen dut
  • Hobenduna
  • ———-
  • Behin argian ezarrita
ETIKETAK:BorrokanJoseba IrazokiMikel LaboaNiko EtxartSorkunWillis Drummond