Musika

Jon Eskisabel

2015.11.19

Jon Eskisabel

“Berrikuntza fasean” heldu da Gor 25. urtemugara

Oraindik hilabete batzuk falta dira, 2016ko maiatzean beteko baititu Gor diskoetxeak 25 urte eta orduan ospatuko du festa batekin, baina urtemugari aurrea hartu nahi izan dio Iruñeko zigiluak eta Gor 25 urte 25 abesti disko bikoitza plazaratu du Durangoko Azokara begira. Bi hamarkada eta erdi hauetan 250 disko inguru argitaratu ditu Gorrek, eta katalogo horretatik 50 kanta aukeratu ditu —euskarazko 25 eta gaztelaniazko 25— bilduma hau osatzeko.

gorazala

Antonio, Marino eta Patxi Goñi anaiek sortu zuten Gor, 1991. urtean. Diskoetxearen euskarazko lehen argitalpena Balerdi Balerdi taldearen zazpi hazbeteko biniloa izan zen, eta gaztelaniazkoa Los del Rayoren Miedo al miedo. Bi taldeon kantu banak irekitzen du disko bakoitza. Euskarazkoan, besteak beste, Exkixu, Urtz, Hemendik At, 7 Eskale, Skalariak, Su Ta Gar, Ken Zazpi, Berri Txarrak, Kerobia, Katamalo, Hesian, Bizardunak, The Sparteens, Leihotikan eta Altxatu-ren kantuak jaso dituzte. Gaztelaniazkoan berriz, Flitter, Kojon Prieto y los Huajolotes, Manolo Kabezabolo, La Polla, Koma, Marea, Doctor Deseo, Tijuana in Blue, Lendakaris Muertos, Vendetta, Muy Fellini, Los Ganglios edota Los Carniceros del Norte.

Diskoetxearen bilakaeran bi aro bereizi ditu Patxi Goñik. Lehenengoak 2004. urtera arte iraun zuen. Garairik oparoena izan zen. “Diskoetxearen sorrerak bat egin zuen talde eta zigiluen eklosio indartsu batekin. Hertzainak, Negu Gorriak, Soziedad Alkoholikak… euren zigiluak sortu zituzten urte hartan [Aketo Records, Esan Ozenki eta Mil A Gritos, hurrenez hurren], eta oso une interesgarria izan zen. Gorren zabalkundea itzela izan zen”. 2004. urtetik aurrera, “formatuaren krisia ekarri duen iraultza teknologiko basatiaren ondorioz, mundu analogikotik mundu digitalera egindako jauzian geure burua birziklatu eta berrasmatu behar izan dugu, eta enpresa bera aldaketa teknologikoetara egokitu. Une honetan enpresaren berrikuntza fase batean gaude”, adierazi du Goñik. Aro digitalean lan egiten “ikasi” behar izan du diskoetxeak azken hamar urteetan, eta horretaz gain, diskoen salmentaren krisiari aurre egiteko negozio bide berriak bilatu. Kasu honetan, diskoen banaketan aurkitu du Gorrek bizirauteko heldulekua. “Disko konpaktuaren hamar urteko krisia atzean utzita, datorren urtean gora egitea espero dugu”.

Gorrek ez du disko berririk aurkeztuko Durangoko Azokan, aurreikusita zituen hiru lanak hurrengo urtera arte atzeratu baitira. Hala ere, 25 urteko ibilbidearen bildumaz gain, Hemendik At eta Zazpi Eskaleren berrargitalpenak eramango ditu azokara, aurreko urteetako katalogoarekin batera.